Gertukoari, hurbiltasuna

'Zenbat aulki huts bete' ikuskizunak Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko presidentea zena omenduko du gaur, AndoainenMusika, literatura, dantza eta argazkien eta bideoen proiekzioak uztartuko dituzte

Joxan Lizarribar, 2009ko ekainaren 6an ateratako argazki batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Ekintzailea, langilea, erreferentzia, konprometitua eta gertukoa izan zen Joxan Lizarribar BERRIA Taldeko presidentea, bai lanean eta bai harreman pertsonaletan. Joan den apirilaren 9an hil zen, eta gertuko pertsona hari hurbileko omenaldia egingo diote gaur, Andoainen, BERRIA Taldeak eta Lizarribarren lagunek antolatutako ekimenean. Eneko Olasagastik zuzendurik, Zenbat aulki huts bete ikuskizunak musika, literatura, eta argazkien eta bideoen proiekzioa batuko ditu, 20:00etan hasita. Bastero aretoa goraino beteko da, gonbidapen guztiak amaituak direlako. Nolanahi ere, ETB1ek emanaldia grabatuko du eta etzi eman, 21:00etan.

Zuzeneko emanaldiek beteko dute oholtza, baina, gainera, Lizarribarren lagunen hitzaldiak, aurkezpenak eta bideo zein argazki proiekzioak tartekatuko dituzte. Ordu eta laurden inguru iraungo du ikuskizunak.

Jean Mixel Bedaxagarrek irekiko du, Goizean argia hastean kanta a cappella abestuz, eta Belatxarena ere interpretatuko du. Orduan agertuko dira eszenan Argia dantza taldeko kideak. Haiez gain, Ertizka abesbatza koek ere parte hartuko dute ikuskizunean, eta baita Arkaitz Mendoza piano jotzaileak ere. Harekin batera arituko da, hiru abestitan, Ainhoa Arteta sopranoa, Lizarribarren lagunmina zena. Kirmen Uribek, Bingen Mendizabalek, Rafa Ruedak eta Mikel Urdangarinek ere «zerbait berezia» prestatu dute gaur iluntzerako.

Aurkezpenak eta hitzaldiak emango dituzte, berriz, Lizarribarren hamaika lagunetako batzuek; Kelsen haren enpresako Andoni Mendiola lankideak, esaterako. Joanmari Larrarte BERRIA Taldearen izenean mintzatuko da, eta Harkaitz Cano idazleak eta Jaime Otamendi kazetariak Lizarribarrekin hilabetero Donostiako Morgan jatetxean egiten zituzten afariak gogoratuko dituzte. Lander eta Laida seme-alabak ere igoko dira Basteroko agertokira.

Munduan zehar zituen lankideak eta lagunak agertuko dira bideoetan —New Yorkekoak, adibidez—, eta Nestor Basterretxeak haren omenez egindako bat ere proiektatuko dute. Gaur ikusi ahal izango diren bideo guztiak emanaldirako propio egindakoak dira. Argazki bildumek ere dezenteko garrantzia edukiko dute ikuskizunean.

Aulkiek bezala. Haien bueltan antolatu dute Zenbat aulki huts bete, jolas moduko bat proposatuz. Gonbidatu bakoitzak aulki bat eramango du oholtzara. Lizarribarren bulegokoa, Morgan jatetxekoa, hegazkinekoa, autokoa, haren sukaldeko etxekoa...

Emanaldia amaitzeko, Ertizka abesbatzako kideek De Treville pastoraleko kantua abestuko dute. Ordurako gonbidatu guztiak oholtzan egongo dira, aulkiekin kromletx bat osatuz, gertukoari hurbiltasuna adieraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.