Getxophoto jaialdiak etena aldarrikatuko du, gaurtik hilaren 25era bitartean

Hainbat herrialdetako 22 sortzailek beren lanak erakutsiko dituzte beste horrenbeste erakusketatan. Aire zabalean ikusi ahalko dira gehienak

Getxoko hiru espaziotan daude ikusgai erakusketak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Erredakzioa
2023ko ekainaren 01a
00:00
Entzun
Erakusketa programa zabala antolatu du Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak bere 17. aldirako, Maria Ptqk komisario berriaren eskutik. Gaur hasi eta hilaren 25era bitarte, hainbat jatorritako 22 sortzaileren obrak izango dira ikusgai; Getxoko (Bizkaia) hiru espaziotan jarriko dituzte, gehienak aire zabalean. Eta irudion bitartez, aldarri bat ozen zabalduko dute, komisarioak azaldu duenez: «Jaialdiaren 17. aldia 'geldi, stop, etena!' esateko espazioa izango da. Korrika doan mundu honen inguruan hausnartzeko eta emankorrak ez izateko eskubidea aldarrikatzeko. Erritmoa jaisteko, moteltzeko, 'ezin dut' esateko, 'ez dut nahi' esateko».

Hain zuzen ere, Etena! hartu du aurtengo lelotzat festibalak, eta, komisarioak esandakoaren bidetik, kontzeptu horri buruz pentsatzera eraman nahi ditu ikusleak. «Zer esan nahi du ezer ez egiteak? Zer beste denbora irabazten dugu denbora galtzen dugula ematen duenean? Zein da irudien eginkizuna kasu honetan? Gelditzea bihurrikeria ekintza bihurtu da, eta horregatik gonbidatu nahi zaitugu hainbeste behar dugun Etena! hori eskatzera».

Udalerriko hiru espaziotan jarriko dituzte erakusketak: Algorta erdigunean, Ereaga hondartzako pasealekuan eta Itzulbatzetako kultur etxean. Suitza, Japonia, Maroko, Ekuador, Mexiko, Brasil, Argentina, Erresuma Batua eta Greziako artisten lanak ikusgai izango dira horietan. Askotariko gaiak hartu dituzte hizpide sortzaileek, baina, jaialdiak jakinarazi duenez, «mezu ekologista sakona» dute proiektuetako askok, hala nola Mitsutoshi Hanaga argazkilari japoniarrarenak eta Lucas Bambozzi artista brasildarrarenak, besteak beste.

Erakusketekin batera, solasaldiak, bisita gidatuak, aurkezpenak, esku hartzeak, proiekzioak, tailerrak eta gaueko ibilbideak ere izango dira Getxophoton.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.