«Jakingo bazenu ez gaudela bakarrik, eta, gainera, norbaitek egiaztatuko balizu, beldurtuko zinateke?». Horixe da Disclosure Day filmak mahai gainean jarri duen galdera. Istorio hau irudikatzen du filmak: gizadiak jakinarazpen bat jaso du, unibertsoa ulertzeko modua betiko aldatzeko gai dena. Hala, inoizko gertakaririk harrigarrienaren aurrean munduak nola erantzuten duen azalduko da: besteak beste, gobernuen, zientzialarien eta herritarren kudeaketa.
Emily Blunt da filmeko protagonistetako bat, eta Margaret Fairchild pertsonaiarena egin du: Kansasko meteorologo eta kazetari ohi bat da. Daniel Kellner pertsonaiarekin harreman garrantzitsua du —Josh O’Connor aktoreak jokatu du haren rola—, zeina zibersegurtasunean aditua den. Gizakiak ez diren izaki adimendun batzuekin loturik dagoen informazioa lortu du Danielek; ondorioz, ihes egin beharko du, haren bizitza arriskuan egongo baita. Aldi berean, Eve Hewsonen pertsonaia dago istorioan sartuta (Jane Blankenship), Danielen neska laguna baita. Danielek informazio arriskutsu hori lortzean, beraz, biak egongo dira arrisku larrian.
Aktoreen zerrendan daude Colin Firth eta Colman Domingo ere. Noah Scalonen rola antzeztu du Firthek, eta Wardex enpresaren zuzendaria da. Domingok —filmean Hugo Wakefield izena du—, berriz, enpresa horretan bertan lan egin zuen, eta orain, egia guztia azaleratzearen alde egingo du.
Filmen zerrenda amaigabea
Zientzia fikziora itzuli da Spielberg azken lanarekin, nahiz eta berak ez duen filma halakotzat: «Zientzia fikziotzat ez daukadan nire lehen filma da». Izan ere, beste helburu batekin ondu du lana: «Gogoetara bultzatu nahi izan dut publikoa, mundua aldatzen ari baita, eta gero eta aurkikuntza gehiago daude». Are, komunikabideetan adierazi du albisteak irakurtzerakoan otu zitzaiola istorioaren ideia; besteak beste, aireko gertakari bitxien ingurukoak, bai eta OHE objektu hegalari ezezagunen gainekoak ere.
Spielbergek hamaika film ondu ditu zientzia fikzioaren arloan eta beste hainbat gai tartekatuz, eta horietako asko mugarri bat dira Hollywooden. Jaws film ezaguna kaleratu zuen lehenbizi (1975), eta marrazoetatik estralurtarretara salto egin zuen ondoren, E.T.: The Extra-Terrestrial lanarekin (1982). Indiana Jones saga ezagunaren lehen filma egin zuen handik bi urtera: Indiana Jones and the Temple of Doom. 1993. urtean, berriz, Jurassic Park eta Schindler's List ondu zituen. Bigarrenarekin, gainera, Oscar saria beregatu zuen zuzendaririk onenaren sailean.
'disclosure day'
Zuzendaria: Steven Spielberg. Gidoilariak: David Koepp eta Steven Spielberg. Aktoreak: Emily Blunt, Eve Hewson, Josh O’Connor, Colin Firth. Generoa: zientzia fikzioa. Herrialdea: AEB. Iraupena: 145 min. Estreinaldia: gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta etzi Hegoaldean.
Beste estreinaldi batzuk:

Zuzendaria: Marta Diaz de Lope Diaz. Gidoilariak: Marta Diaz de Lope Diaz eta Zebina Guerra. Aktoreak: Sofia de Iznajar, Bruna Lucadamo, Aixa Villagran, Elena Irureta eta Daniel Ibañez. Generoa: drama. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 106 min. Estreinaldia: etzi estreinatuko da Hego Euskal Herrian.'pioneras: solo querian jugar'
Frankismo garai bete-betea da, eta neska kuadrilla gazte batek futbolean jokatu nahi du. Herrialdeko egoerak, ordea, ez die utziko. Denek batera, sistemari aurre egingo diote, eta emakumezkoen futbola betiko aldatuko duen borroka bat abiaraziko dute.
Zuzendaria: Safy Nebbou. Gidoilariak: Arild Andresen, Jorge Camacho, Cyril Gomez-Mathieu, Hilde Susan Jaegtnes, Safy Nebbou. Aktoreak: Romain Duris, Master Sanpasiri, Vithaya Pansringarm. Generoa: drama. Herrialdea: Frantzia. Iraupena: 97 min. Estreinaldia: gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian.'fils de personne'
Emaztea hil berritan, Thailandiara joatea erabakiko du gizon alargun batek; izan ere, 4 urteko mutiko bat adoptatu dute duela gutxi, eta haren ama bilatu nahi du. Haurrarekin duen harremana estutu nahian, baina, ezusteko ugari gertatuko zaizkio gizonari bidaian.
Zuzendaria: Daniel Roher. Gidoilariak: Robert Ramsey eta Daniel Roher. Aktoreak: Leo Woodall, Havana Rose Liu, Dustin Hoffman. Generoa: thrillerra. Herrialdea: Kanada. Iraupena: 109 min. Estreinaldia: etzi estreinatuko da Hego Euskal Herrian.'tuner'
Harry eskarmentu handiko piano afinatzaile bat da. Niki gaztearekin batera lan egiten du, zeinak eguneroko soinuekiko muturreko sentsibilitatea duen entzumenean. Une batean, baina, ohartuko da kutxa gotorrak irekitzeko talentua duela. Horrek, ostera, krimen arriskutsuetan parte hartzera eramango du, eta goitik behera aldatuko zaio bizitza.