Literatura. 'HAU GIZON BAT BADA'

Gizaki hustuak

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Egilea: Primo Levi.

Argitaletxea: Alberdania.

Itzultzailea: Mikel Irurtia.

Asko idatzi eta hitz egin da nazien kontzentrazio esparruez eta Holokaustoaz; topiko ere bihurtu dela pentsa daiteke, esate baterako, nobela eta film negar-eragileak kokatzeko testuinguru perfektua aurkitu dute egile eskasek eta diru gose den industriak gertakizun larri haietan —bitartean, eskuin muturreko pentsamenduaak indarra hartzen jarraitzen du Europan—. Dena dela, Primo Levi judu italiarraren Hau gizon bat bada-k ez du zerikusirik horrelako produktuekin, eta ez da alferrik Holokaustoko literaturako obra nagusitzat hartzen. Liburua 1947an argitaratu zuen lehen aldiz, argitaletxe txiki batean, Auschwitzetik irten eta pare bat urtera, eta ez zuen arrakastarik izan handik urte batzuetara Einaudik berrargitaratu zuen arte. Levi 1943ko abenduan atxilotu zuten Italiako mendietan, hara egin baitzuen ihes urte horretan bertan erresistentzia antifaxistari batzeko, eta milizia faxistari judua zela adierazi zionez, armada okupatzaile alemaniarrei entregatu zioten. Auschwitzeko esparruetako batean sartu zuten alemaniarrek, eta armada gorriak askatu bitarteko hilabeteetan han bizi izandakoak kontatu zituen liburuan, egileak eranskinean dioen bezala, «lekukotasunaren hizkuntza bare eta soila» erabilita, «ez biktimaren arranguratia, ez mendekatzailearen sumindua». Horrenbestez, laneko kontu gogorrez, janari banaketa urriaz, ur zikinez eginarazten zieten garbiketaz eta esparruko eguneroko bizitzako bestelako kontu makurrez dihardu liburuak, baita atxiloen arteko harremanez —gizatasunik gabekoak gehienetan— edo atxilo eta kapoen artekoez ere, lan esparruak atxiloei gizatasuna kentzeko sistema ondo pentsatuak zirela erakutsiz —erakutsiz, azalduz baino gehiago—; Danteren Comedia-ko Infernuari liburuan egiten zaizkion erreferentzia ugariak ez dira apaingarri literarioak.

Pentsalari askok galdetu diote beren buruari nola sortu ahal izan zuen gizakiak gizakia akabatzeko sistema perfektu hura, eta nola egin ahal izan zituzten hilketa haiek guztiak. Primo Leviren arabera, «gertatu dena agian ezin da konprenitu, are gehiago, ez da konprenitu behar, konprenitzea kasik justifikatzea baita». Hala ere, liburuko paragrafo batek laburbiltzen du bigarren galderari askok aurkitu dioten erantzuna: «Irudika dezagun orain gizon bat, zeinari, bere pertsona maiteak ez ezik, etxea ere kendu baitiote, usadioak, arropak, guztia, hitzez hitz eduki daukan guztia: husturiko gizona izango da, sufrimendura eta eskasiara murriztua, duintasunik eta burubiderik gabea, guztia galdu duenari aise gertatzen baitzaio bere burua ere galtzea; halako moduz ezen, giza atxikipen oro saihestuz, kontzientziaren harrik gabe erabaki ahal izango da haren bizia edo heriotza (…) Suntsipen esparru hitzaren zentzu bikoitza ulertuko da orduan, eta argi geldituko da zer adierazi nahi dugun esaldi honekin: hondoa jo». Haien gizatasuna kentzen zietelako, gizaki izateari uzten ziotelako akaba zitzaketen horrela, hiltzen zutena ezin zelako pertsona hitzaz izendatu, esparruak sortutako hori beste zerbait zelako (Levi: «Gosea diogu, nekea, beldurra eta mina diogu, negua diogu, eta bestelako zerbait dira. Hitz libreak dira, beren etxeetan gozatuz eta sufrituz bizi diren gizaki libreek sortu eta erabilitakoak»). Beraz, gizakia husteko sistema bat deskribatzen du Levik, bera nola hustu zuten erakusten digu, baina, paradoxikoa dirudien arren, hori egiten duen bitartean, gizakiaren izaerari buruzko pentsamendu sakonak eskaintzen dizkigu, eta liburuak gizakia zer den hobeto ulertzen laguntzen digu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.