Txalapartak haren bigarren nobelaren gaztelaniazko edizioa plazaratu izanak eman dizkio Euskal Herrira etortzeko aitzakia eta bidea Karim Kattan idazleari (Jerusalem, Palestina, 1989). 2024an eman zuen eleberri hori estreinakoz, frantsesez, L'éden à l'aube izenburupean —gaztelaniaz El edén al alba deitu dute—, eta, irakurleen estimua eta kritikaren aitortza eskuratuta jada, han-hemenka dabil orain, «gustura», hari buruz hizketan. «Halakoetan, ohartzen naiz liburuak beste bizitza batzuk dauzkala hasita tokian-tokian, eta niretzat ere bada iraganera itzultzeko modu bat».
Idazlearen aitorpen horretantxe, iragan hitzari aise eman dakioke balio bikoitza: batetik, izan baitaiteke orain dela bi urteko garaiari erreferentzia egiteko modu bat, esaldia izan daitekeelako nobelari azken puntua jarri zion unera itzultzeari buruzkoa; bestetik, baina, haren liburua orriztatu besterik ez dago ikusteko iragan are urrunago batera begiratzeko hitzak ekarri dituela paperera Kattanek. Palestina okupatuan girotutako nobela bat da harena, baina irudikatuko duen Palestina hori ez da oraindik genozidioa jasaten hasia. Eta halere. Eta maitasuna da ardatza, hala eta guztiz: Isaac eta Gabriel pertsonaien arteko maitasun istorioa.
Erretratatu duzun egoera politikoaren eta egungoaren artean bada alderik; okerrera egin du guztiak. Irakurketan, zer uste duzu eragin diezaiokeela horrek jendeari?
Batzuetan, jendeak liburua irakurtzen du orain idatzia balego bezala, ohartu gabe nik idatzi nuenean genozidioa hasi gabe zegoela. Ez zait inporta, halere. Idazle gisara, beti daukazu esperantza zure liburuak izanen duela gaitasuna garaian-garaian diferente hitz egiteko jendeari, eta, egia esanda, bereziki hunkitzen nau kasu honetan ere hori horrela izan daitekeela sentitzeak.
Eta zu nola ari zara sentitzen bildu duzun Palestinaren eta oraingoaren arteko kontrastea ikusita?
[Pausa txiki bat egin du]. Estimatzen dizut sentimenduei buruz galdetzea; gustatzen zait.
Lasai neurtu, noski, zenbateraino nahi duzun sakondu horretan.
Ez, ez. Bereziki gustatzen zait honi buruz gogoetatzea. Zera esanen nuke: pozik nago nobelak Palestinari eta palestinarrei buruzko irudi diferenteak ematen dituelako eta, akaso, horrek zabaldu egin dezakeelako irakurleek haien gainean eratua duten iruditeria. Halere, nik zinez nahi dut nire nobelak literatura gisara irakurriak izan daitezen, eta, besteak beste, pentsatu dezaten ea liburu bezala ona den edo ez. Politikoa baita, bai, baina literatura.
«Nik zinez nahi dut nire nobelak literatura gisara irakurriak izan daitezen, eta, besteak beste, pentsatu dezaten ea liburu bezala ona den edo ez. Politikoa baita, bai, baina literatura»
Hain zuzen, zure obra eta zeure identitatea bera gatazka politiko batek zeharkatuak izanik, sarri ikusiko zenuen besteon begirada hain justu ere alderdi horretara zuzentzen dela gehien. Tentsioz bizi duzu?
Uste dut ardura bat ere baduzula; zer esanik ez bizi ditugun garaiotan. Eta nabarmentzea gehien interesatzen zaidan gauzetako bat hau da: Txalapartak nire liburua itzuli eta ni gonbidatu izanak baino gehiago, Frantziako pasaportea edukitzeak eman dit niri Iruñera etortzeko aukera. Inportantea iruditzen zait hori azpimarratzea, preseski horrek ematen didalako niri halako askatasun bat, erosotasun bat ere bai, Gazan dauden idazle gehienek ez dutena.
Eta oreka kontua dela uste dut, horregatik, eta, izatez, lotura izan dezake liburuan narratzaileak daukan jokabidearekin ere: haren hitzak irakurri, eta sentitzen duzu ez duela propio hitz egin nahi Palestinaren egoera politikoaz, baina, nonbait, halabeharrez egin behar izaten du hala une batzuetan.
Narratzaile hori bigarren pertsonan mintzo zaio irakurleari, eta gogor kritikatzen dio, adibidez, hildakoak zenbaki hutsak balira bezala kontatzeko joera: «Horrela zenbatzen dituzue hildakoak, krudelak zaretelako».
Egia da. Besteak beste halakoekin aurkitu nuen bidea begirada zuzentzeko auzi oso-oso politiko batera, baina modu literario batean.
Kontakizunaren hasieratik dabilen khamsin haize zakarraren antzerako efektua du Israelen errepresioak istorioan: tarteka, badirudi hartatik babesteko aterpe txikirik ere badela, baina kalean une oro dago, eta zama da beti.
Idazten hasi nintzenean, ez nuen pentsatu bien arteko loturan. Soilik nahi nuen khamsin-ak balio zezan giroan halako desastre klimatiko zoro bat txertatzeko, eta gerora baizik ez nintzen ohartu egokia zela okupazioak zer sentiarazten duen adierazteko ere. Zenbaitetan, gauzak teorikoki azaltzea baino gehiago, sentipenak deskribatzea da biderik eraginkorrena.
Isaacen eta Gabrielen arteko maitasun istorioari tiraka, miseriak eta bortizkeriak baldintzatutako bizitzetan samurtasunak eta are desioak zer toki izan ote dezaketen, duda hori mahaigaineratu duzu. Baduzu erantzuna?
Gizarte zapalduetan ere badute lekua desirak, maitasunak eta samurtasunak. Ez soilik Palestinan; uste dut jende asko sentitu daitekeela horrekin identifikatuta, eta igual hori bera lortzea nuen helburu hasieratik.
«Liburua idazten hasi nintzenean, ez nuen okupazioari buruzko hitzik esan nahi: maitasun istorio bat nahi nuen soilik, Palestinan, okupazioaren arrastorik gabe. Berehala ohartu nintzen hori ez zela posible»
Dena dela, protagonistetako bati sekula ez zitzaion burutik pasea «bertan» zoriontasuna existitu litekeenik, edo, are, merezi dutela hori sentitzea, «herrialde horrek bizi duen amesgaiztoa ere zirkunstantzia bat delako maitasunean».
Baina bitxia da kontua, liburua idazten hasi nintzenean ez bainuen okupazioari buruzko hitzik esan nahi: maitasun istorio bat nahi nuen soilik, Palestinan, okupazioaren arrastorik gabe. Eta berehala ohartu nintzen hori ez zela posible, horrela ezinezkoa bailitzateke protagonistak ulertzea. Hori bai: ardatza desira da, desira queerra.
Baina bikotea homosexuala izateari ere ez diozu eman halako zentralitaterik.
Ez da propio aipatzen ere. Protagonistek ere, aurrenekoz topo egiten dutenean, ez diote beren buruari galdetzen ea bestea gaya izanen ote den: gauzak gertatu egiten dira, kito. Eta ez naiz, noski, bide honen alde egiten duen lehenbiziko pertsona. Dena dela, nik horrela egiten dut, zeren zuk liburu bat hartzen baduzu eta ez badizute ematen aparteko zehaztapenik, mundu heterosexual batean sartzen zara zuzenean, eta ematen du zerbait queerra idazten baduzu halako marko bat behar duela, eta, are, irudipena da soilik jende bati ari zarela hizketan. Baina nobela hau edonork irakurri eta uler dezake. Eta queertasuna munduan dugun zerbait da. Zuk, irakurle bezala, onartu besterik ezin duzu egin, eta horretan murgildu beharko duzu.
Zerua da narratzailea. Nolatan?
Batetik, maite dut espero gabeko gauza zoro eta esperimentalak irakurtzea, eta, hortaz, honetan ere nahi nuen gizaki batena ez zen ahots batek egitea narratzailearena. Hasieran asko nituen: zerua, txori bat... zapata bat ere bai. Hasieran ideia bikaina iruditu zitzaidan, baina ez zuen asko iraun. Idaztea norbere buruari zuzentzea da, eta, arian-arian, azkenean desagerrarazi egin nituen zerua ez beste narratzaile guztiak. Oraintxe bertan, hogeitik gora arrazoi eman nitzake argudiatzeko narratzailea zergatik den zerua, baina bakar batean ere laburtu nezake: askatasuna eman dit. Zeruak ez du guk bezala pentsatzen.
«Sinetsi nahi dut zuk kazetari gisa, nik idazle gisa edo, oro har, guk herritar gisa badugula munduan zerbait egitea. Eta ez da nahi bezainbeste gertatzen ari»
Poetikotasuna hasi eta buka da nabarmena, eta irudipena da esaldi guztietan erreparatzen diozula horri; kontatzen duzun deus ez da beste deusetara heltzeko bide huts bat. Nola jarduten zara idazketan?
Niretzat, idazketa eskulana da, artisautza. Benetan dut hiru dimentsioko zerbait egiten ari naizelako sentipena. Hasteko, egiten dut lehenbiziko zirriborro bat, eta gero hasten da idazketa prozesua benetan: idatzi, zuzendu, berridatzi. Sakon erreparatzen diot hitzari, esaldiari, erritmoari. Eta bidean akatsak egiten ditut, akats mordo bat, eta hori landuz eta landuz... [esku ahurra laztandu du beste eskuko behatzekin, buztina lantzeko keinua imitatuz bezala], egin nahi zenuen horren antza duen zerbait lortzen duzu. Edo hori espero duzu behintzat.
Genozidioaren aurreko immobilismoa salatu izan duzu sarritan; Frantziarena bereziki, Paris baituzu bizitoki. Europari begira, horrek mintzen zaitu gehien?
Ez dut guztiz orokortu nahi, baina, orokorrean, iruditzen zait Frantziako komunikabide gehienek eta politikaren parte handi batek etsaitasunez begiratzen dietela Palestinako errealitateei. Orain gero eta jende gehiago da gai behintzat onartzeko Israel Gazan egiten ari dena gaizki dagoela; bada zerbait —hori esateko, pentsa zein den maila—. Baina zigorrei buruz ez da ia hitz egiten. Bereziki mintzen nau horrek, zinez sinesten baitut giza eskubideetan, eta asko interesatzen baitzait nazioarteko zuzenbidea, eta sinetsi nahi bainuke zuk kazetari gisa, nik idazle gisa edo, oro har, guk herritar gisa badugula munduan zerbait egitea. Eta ez da nahi bezainbeste gertatzen ari.