Gizona da Aritz Galarraga. Gizon egin da. Eta heterosexuala da; edo, heterosexual dago, «behintzat, orain, une honetan». Baina maskulinitate eredu hegemonikotik aldendu nahi du, eta liburu batean plazaratu ditu gizon gisa bizitakoak, hain zuzen, gizon izatea zer den ulertzeko. Autobiografia oinarri duen saiakera bat ondu du; saiakera literario bat. Eta generoaren auziak ardaztu du liburua: «Saiatu naiz deskubritzen ea gaur egun naizen gizon hau —bere ezaugarri positibo eta batez ere negatibo guztiekin— nola iritsi den bilakatzera orain dena». Zeren Galarraga konbentzituta dago, Simone de Beauvoirrek emakumeen auziaz esan bezala, gizon izatea ere eraikuntza sozial bat dela. Alberdaniaren Patrika sailaren bosgarren alea izango da Galarragaren Izan gizona, eta Gorka Bereziartua izan du editore.
Ispilu aurrean jarrita, Galarragak bizitza arrunt baten isla jaso ohi du. Eta isla hori bere buruarena da, baina bat baino gehiago harekin identifikatuta sentituko liratekeela uste du. Isla pertsonal «anodino» hori orokortu egin daitekeela, alegia: «Bizitza normalean oso gutxi dira superheroi, abenturazale eta konkistatzaile. Normalxeak gara gehienok». Horregatik, liburua idazteko orduan bere esperientzia pertsonaletik abiatu bada ere, ez ditu helburu «egozentrikoak» izan; Galarragak azaldu du esperientzia pribatuen gaineko interesa adierazi duela esperientzia horietatik abiatuta interpretazio «sozialago edo unibertsalago bat» egiteko. Didier Eribon filosofo frantsesa aipatu du ni-aren auzia azaltzeko: «Ni-a ez dut ulertzen leku intimo baten gisan, baizik eta espazio partekatu bezala, esperientzia komunez egina dagoena».
«Euskal gatazka oso maskulinoa izan da. Eta diskriminazio eta menperakuntza guztietatik askatzera zetozen mugimendu horiek Yoyesenaren gisako feminitate disidenteak zigortu izan dituzte»
ARITZ GALARRAGA Idazlea
Hortik abiatuta —eta hondarribiarra izanik—, Galarragak alardea izan du hizpide. Baita euskal gatazka ere. Efemeride bat gogoratu du: «Gaur [irailak 10] berrogei urte dira Dolores Gonzalez Catarain Yoyes bere herrian hil zutela, bere 2 urteko semearen aurrean. Hori ere aipatzen da liburuan: nola euskal gatazka, oro har, oso maskulinoa izan den. Eta nola, printzipioz, diskriminazio eta menperakuntza guztietatik askatzera zetozen mugimendu horiek Yoyesenaren gisako feminitate disidenteak zigortu izan dituzten».
Futbola ere aipatu du liburuan; izan ere, idazlearen ustetan, maskulinitatearen eraikuntzan eragin nabarmena du, ustez kontu «banala» den arren: «Futbol aldagela bat ezagutu duenak maskulinitatea ezagutu du bere aniztasunean». Hala, 25 urte bete arteko aldiari erreparatuta, Galarragak zortzi geltokitan egin du parada; zehazki, «gizon bat osatzera behartzen duten instituzio» horietan. Ikergai izan ditu haurtzaroa, amodioa, musika, eskola, soldaduska eta beste.
Pertsonala politiko
Galarragak ezinegona adierazi du gizontasun hegemonikoaren gainean, eta gizonezkoen eginkizunaz hitz egin du: «Maskulinitate hegemoniko esan izan zaion horrek, noski, kalte handia egiten die emakumeei, baina baita gizon batzuei ere; hau da, maskulinitate hegemoniko horretan kabitzen ez garen gizonezkooi. Horregatik, noski, ez dut neure burua biktimatzat, baina uste dut ondo dagoela maskulinitate eredu horrekin ezerosotasuna adieraztea, beste gizon batzuk ere senti dezaketelako halakorik». Ildo beretik, Gorka Bereziartua editoreak liburuaren bertuteetako baten gisa definitu du Galarraga «esperientzia komun horretatik» abiatu izana. Eta maskulinitatea «nolabait korapilatutako mataza» baten gisan definitu du: «Mataza horren harietatik tira egin behar da ulertzeko zer materialez eginda gauden, eta, beharbada, korapilo hori askatzeko modu egokiena pertsonala den hori partekatzea da. Gizonek maiz egiten ez dugun zerbait».
«Liburuak zera proposatzen digu gizonoi: ulertzea nola bilakatu garen gizon, deszifratzea hori, zein izan diren horretarako ezinbesteko osagaiak. Gizon guztiok gure bizitzaren momenturen batean egin behar genuke ariketa hori»
GORKA BEREZIARTUA Editorea
Hortaz, erronka bat mahaigaineratu du Galarragak: hitz egiten hastea. Hala esan du: «Genero dominatzailea garenez, uste dut lan handiena gizonezkook egin behar genukeela. Eta inpresioa dut ez ote garen gizonen gehiengoa beste alde batera begira jartzen». Eta ariketa bat proposatu du: autokritika. Bereziartuak azaldu du: «Liburuak zera proposatzen digu gizonoi: ulertzea nola bilakatu garen gizon, deszifratzea hori, zein izan diren horretarako ezinbesteko osagaiak. Gizon guztiok gure bizitzaren momenturen batean egin behar genuke ariketa hori». Beste gogoeta bat ere egin du Bereziartuak: «Irakurzaletasuna eta literaturazaletasuna gizontasun eredu hegemonikotik gero eta desplazatuago gelditzen ari dira. Eta uste dut aurre egin behar zaiola halako kontuak bazter uzten dituen gizontasun ereduari. Horretarako tresnak behar ditugu, eta liburu hau izan daiteke horietako bat».
Hala, «gizontasun feminista bat» pentsatzeko aldarria egin du Galarragak, eta gogorarazi egon badaudela eredu hegemonikotik harago gizon izateko beste modu batzuk.