«Antzezlan honek asko du absurdotik. Abiapuntua bera nahiko absurdoa da: pertsona bat salaketa bat jartzera doa igarle batek esan ziona ez delako bete». Hitz horiekin laburbildu du Goiatz Labandibarrek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1985) Salaketa antzezlan laburraren mamia, zeinak irabazi egin duen Bilboko Cafe Bar Bilbaok Tartean antzerki konpainiaren laguntzarekin antolatzen duen sariketa. Hasieran, abiapuntu horrekin narrazio bat egiteko saiakera "antzua" egin zuen Labandibarrek, eta azkenean antzezlan bihurtzea erabaki zuen: "Narrazio batean baino, antzerki batean errazago eta hobeto konta zitekeela konturatu nintzen".
Antzezlanak bi lagun ditu protagonista: salaketa jarri behar duen pertsona eta administrazioko langilea, eta bien arteko elkarrizketak gidatzen du obra: «Salaketa jartzea, arrazoia, jokabideak... Absurdora eramaten dituzte; mila ergelkeriatan katramilatzen dira".
Labandibarrek aitortu du gidoi "umoretsu" bat sortu nahi zuela, «ironiatik asko duena, absurdotik asko", eta klixe eta topikoen inguruan ere hitz egin nahi zuela: «Gizarte honetan gauza batzuen inguruan nahiko zabalduak dauden usteak eta klixeak ere azaleratzen dira. Izan ere, absurdoaren antzerki honek kritikatik ere badu: sistema judiziala, fedea, jendeak zertan sinesten duen edo zertan sinetsi nahi duen».
Labandibar kazetaritzan lizentziatua da, eta egun komunikazio arloan egiten du lan. Horrez gain, hainbat literatur lan argitaratu ditu: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013) —Igartza bekaren irabazlea—, Fotogramak (Elkar, 2016) eta Hori zen dena (Alberdania, 2019).
Gaztelaniazko atalean, berriz, saria Javier Diez Carbonak (Bilbo, 1965) irabazi du Digresiones de don Quijote y Sancha lanarekin. Lan horretan «diruaren botere ustelgarriari buruzko parabola» egin nahi izan du.