Musika

Gorka Hermosak eta Garikoitz Mendizabalek ‘Sustraien matxinada’ diskoa plazaratu dute

Soinu jotzaileak konposatutako 11 abesti bildu dituzte lanean, estilo ugari uztartzen dituztenak. Carles Benavent eta Tino di Geraldo musikariekin grabatu dute lana, eta Elkar diskoetxearekin kaleratu.

Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal, akordeoia, txistua eta disko berria eskuetan dituztela, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2023ko irailaren 11
18:01
Entzun

Soinuan bata eta txistuan bestea, bi musika tresnetan erreferentetzat hartuak dira Gorka Hermosa eta Garikoitz Mendizabal. Nazioartean maiz saritua, Hermosak konposatutako lanak mundu osoko orkestrek jo izan dituzte urteotan; eta Mendizabalek, berriz, urteak daramatza frogatzen txistua molde eta joera askotara egokitzen dela. Nork bere aldetik osatu dute beren ibilbidea, baina elkarrekin ere aritu izan dira. Orain, beste urrats bat egin, eta elkarrekin ondu dute Sustraien matxinada albuma. Hermosak konposatutako 11 kantu bildu dituzte diskoan, Carles Benavent eta Tino di Geraldo musikari sonatuekin batera grabatu dituzte, eta Elkar diskoetxeak plazaratu du bilduma.

Bi musikariek aspalditik zuten elkarrekin aritzeko desira, Hermosak azaldu duenez. «Agendak uztartzea asko kostatu zitzaigun, baina biok genuen batera jotzeko gogo handia. Azkenean, duela lau bat urte edo, errepertorio bat egitea lortu genuen. Eta biok flipatu genuen». Lantzen ari ziren hori grabatzea proposatu zion Mendizabalek, baina, hamabi diskoren ostean, zalantzak zituen soinulariak. «Beste zerbait grabatzekotan, ilusio handi-handia egiten zidan zerbait izan behar zuen». Eta «amesten hasita», pentsatu zuen gustura egingo lukeela disko hori Carles Benavent baxu jolearekin eta Tino di Geraldo bateria jolearekin. Eskarmentu handiko musikariak dira biak ala biak, besteak beste Miles Davis, Chick Corea, Paco de Lucia eta Camaron de la Islarekin aritutakoak.

Eta aukera hori sortu zitzaien. «Santanderren [Espainia] jo zuten batean, elkarren lagun batekin garagardo bat hartzen bukatu genuen, eta bota nien. Eta pandemia garaia zenez eta agenda normalean baino hutsago zutenez... Mirari hutsa izan zen, baina lortu genuen». Aurrez «bihotzak» gidatuta hautatutako kantuak hartu, eta landetxe batean astebete eman zuten lau musikariek, entsegu «intentsibo» batean, Hermosak azaldu duenez. Ondoren, estudiora sartu, eta egun eta erdi baino ez zuten behar izan diskoko 11 kantuak grabatzeko.

Mendizabali egindako lana goraipatu dio soinu joleak. «Nire ustez, haren soinuak erraietara eramaten gaitu, euskal kulturaren funtsera, eta gero, berak, daukan birtuosismoarekin, beste unibertso batzuetara eramaten du txistua, agian euskal musikan bera iritsi den arte posible ez ziren unibertsoetara».

Hermosaren piezetan estilo askoren «fusioa» dagoela azpimarratu du Mendizabalek, eta diskoan ere «azpi-azpian» horietako bakoitzetik badagoela zerbait iritzi dio. «Horrek zer ekartzen du? Bada, txistuarentzat izugarrizko erronkak», aitortu du. «Erronka horiei aurre egiteak aurrelan bat eskatu digu; nola atondu joerak, tesiturak, artikulazioak... izan zedin zerbait benetan noblea eta duina, txistuaren esentzia galdu gabe. Eta uste dut lortu dugula». Benavent eta Di Geraldorekin aritu izana «esperientzia ahaztezina» izan dela gaineratu du.

Bi musikariak maisutzat jo ditu Andres Kamio Jitu Elkar argitaletxeko musika arduradunak. «Eta hori gutxi balitz bezala, diskoa grabatzeko beste bi munstroren laguntza izan dute». Hala, «maila handiko grabazioa» ondu dutela iritzi dio. «Gure musika tradizionalarekin eta folklorearekin horren lotuta dauden bi instrumentu hauek, bi maisu hauen eskuetan, soinuzko beste unibertso batera eramaten gaituzte». Horregatik, entzuleei ohartarazi die «buruan txikitatik izandako sonoritatea ahaztu eta beste zerbait entzuteko prest» egoteko. Askotariko doinuak josi, eta folketik, jazzetik, musika garaikidetik eta klasikotik edaten duten kantuak landu dituzte bi egileek. «Nahasketa bat da, musika klasikoaren parametroetatik abiatuta, euskal folkloreko erritmo eta doinuak jazzaren askatasunarekin batzen dituena».

Zuzenekoei ekiteko prest

Orain, lana zuzenean aurkezteko bideari ekingo diote. Hermosaren jaioterrian emango dute lehen kontzertua, Zumarragan (Gipuzkoa), hilaren 23an, Antioko baselizan. Ondotik, Gasteizko Antxina Folk —azaroan— eta Bilboko Loraldia —2024ko martxoan— jaialdietan ere ariko dira, baita Madrilen ere —2024ko otsailean—.

Molde berezia izango du Bilboko saioak, gerora biran errepikatu nahi dutena, Hermosak iragarri duenez: «Euskal literaturan erreferente diren hiru emakume gonbidatu ditugu: Nerea Arrien, Leire Bilbao eta Toti Martinez de Lezea. Sustraien matxinadaren kontzeptuari buruzko gogoeta literarioak egingo dituzte, eta guk piezak tartekatuko ditugu».

Adierazi dute ez dakitela ziur kontzertuetan Benaventekin eta Di Geraldorekin ariko ote diren, baina ez dute aukera baztertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.