Errusiarako eta Ukrainarako bakea galdegiten zuen jaialdi batean aurkeztu zuen iaz Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak Peace Dream sonata, Berliner Philharmonie Berlingo Orkestra Filarmonikoaren egoitzan. Hiru bakarlarirentzat eta orkestrarentzat prestatu zuen obra hori Hermosak orduan, eta Errusiako eta Ukrainako melodia tradizional banatan oinarritu zuen. Oraingoan, berriz, akordeoi bakarlariarentzako bertsioa prestatu du, Vladimir Stupnikov akordeoi jotzaile sonatuaren enkargupean, eta harekin irabazi du Urteko Konposiziorik Onenaren saria, Montargisen (Frantzia). Nazioarteko Akordeoi Elkartearen eskutik jaso du aitortza, eta sari hori jasotzen duen bosgarren aldia da.
Hiru mugimendu ditu piezak, eta hala deskribatu du bakoitza Hermosak: «Lehenengoa, garai zaharretan bi herrien artean zegoen adiskidetasunaren oihartzunekin hasten da; gero, gerratea deskribatzen da, eta, azkenik, itxaropenari leiho bat irekitzen zaio; bigarrena gizakiaren biolentziaren irrazionaltasunari buruzko meditazio bat da; eta hirugarren eta azken mugimenduak birtuosismo infernal baten erdian Bibliaren pasarteak txertatzen ditu kontraste moduan».
Azken urteetan, munduko hirurogei orkestra baino gehiagok jo dituzte Hermosaren konposizio sinfonikoak, prestigio handiko auditoriumetan horietako asko. Hainbat dira gaur arteko ibilbidean jaso dituen sariak ere, eta, 2022az geroztik, haren izena daraman lehiaketa bat ere egiten dute urtero Tianjinen, Txinan. Hamar diskotik gora argitaratu ditu, eta Hauspoa & Tunela dokumentala zuzendu du berriki, zeinak Zumarragak (Gipuzkoa) trikiti mugimenduan izan zuen funtsezko lekua aztertzen duen.