Musika

Gorka Urbizuk Donostian emango ditu birako azken lau kontzertuak

Musikaria Viktoria Eugenia antzokian ariko da azaroaren 13an, 14an, 15ean eta 16an. Sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, asteazkenean.

Gorka Urbizu, iazko otsailean Donostian, birari hasiera eman zion kontzertuan. GORKA RUBIO / FOKU
Gorka Urbizu, iazko otsailean Donostian, birari hasiera eman zion kontzertuan. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2025eko ekainaren 3a
11:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Gorka Urbizuk ezustean harrapatu zituen zaleak iazko urtarrileko astelehen goiz batean: aurrez deus iragarri gabe, Hasiera bat diskoa plazaratu zuen, bakarkako ibilbideko lehena. Astebete eskasen buruan iragarri zituen lana aurkezteko lehen kontzertuak. Donostian eman zuen horietatik lehena, eta leku berean egingo ditubirako azken emanaldiak. Lau kontzertu izango dira denera, Viktoria Eugenia antzokian denak ere, azaroaren 13an, 14an, 15ean eta 16an. Horietarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, asteazkenarekin, 11:30ean; Donostia Kulturaren webgunean nahiz Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eskuratu ahal izango dira.

Berri Txarrak taldeak 2019an bere ibilbideari amaiera eman ondoren, doinu berriak bilatzeari ekin zion Urbizuk. Lau urteko isiltasuna hautsita, hamar kantu bildu zituen bakarkako lehen lanean, eta segituan heldu zitzaizkion zaleen eta kritikaren txaloak. Otsailean ekin zien zuzenekoei, eta Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere aritu zen hilabete berean. Euskal Herriko beste hainbat tokitan aritu da ordutik, hala nola Iruñean, Miarritzen (Lapurdi), Azpeitian (Gipuzkoa), Vianan (Nafarroa), Barakaldon (Bizkaia) eta Gernika-Lumon (Bizkaia) —EHZ jaialdian ere aritu zen, baita Aiara Fest eta Donostiako Miramar Gauak festibaletan ere, berriki—. Nazioartean ere ibili da Urbizu, eta Mexikon, Kolonbian, Txilen, Argentinan, Herrialde Katalanetan eta Espainian ere egin ditu zuzenekoak. Uda honetarako hainbat kontzertu dauzka iragarrita, eta ondotik amaituko du bira, udazkenean. Oraingoz iragarria duenez, azaroan Bilbon eta Iruñean ere ariko da, eta, azkenik, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.