Musika

Gorka Urbizuk bakarkako lehenbiziko diskoa plazaratu du

Hamar abestiz osatutako bilduma bat eman du Urbizuk: 'Hasiera bat'. Kantu «soilak» ondu ditu, gizartea «ikusmenak itsututa» bizi den garai baterako.

Urbizu hasiera bat.
Gorka Urbizu musikaria. IBAI ARRIETA
Uxue Rey Gorraiz.
2024ko urtarrilaren 15a
07:25
Entzun

Ezustean, impasse tartea eten, eta bakarkako bideari lotu zaio Gorka Urbizu (Lekunberri, Nafarroa, 1977); noranzkoa garbi, baina emeki. Berri Txarrak taldeak 2019an ibilbidea bukatuta ere, doinu berrien bila aritu da musikaria urteotan, eta franko aurkitu ditu azkenerako. Horietako hamar jaso ditu bilduma batean, eta bakarkako lehenbiziko diskoa plazaratu du hala: Hasiera bat. Entzun hemen.

Zerrenda moduko bat osatzen dute Urbizuk argitaraturiko hamar kantuek: Maitasun bat, Teoria bat, Tren bat, Toki bat, Janela bat, Kolore bat, Lilura bat, Etxe bat,Sute bat eta Besterik ez. Pieza horietan guztietan, doinu aski biluziak bistaratu ditu musikariak. Soinu geruza gutxi metatu ditu abestietan; kontrara, «gordin» utzi ditu, oro har. Kantuak «erantzi, hustu eta kimatu», horien muinak agerian uzteko saiakera betean, diskoarekin batera argitaratutako oharrean idatzi dutenez. «Soiltasunaren ederra lortzen ahaleginduz, sortuko denaren beldurrik gabe». 

Soila izan da diskoa plazaratzeko manera ere. Kantuak ustekabez heldu dira jende gehien-gehienarentzat. Igande iluntzera arte, Urbizuk ez zuen deus iragarria. Orduantxe, atzerako kontu bat argitaratu zuen sare sozialetan, gauerdian zerbait ateratzekoa zela iradokita; besterik ez. Gainera, ez du argitaratu aurrerapen kanturik ere. Tren bat abestian, «ikusmenak itsututa gaude», dio musikariak gaurko gizarteaz. Eta, akaso horregatik, halaxe nahiago izan du diskoa eman. Hala eta guztiz, begiei eskainitako pieza bat ere kaleratu du: bideoklip bat argitaratu du. Teoriabat kantuarentzat eginikoa da. Alexander Cabeza Trigg zinemagileak egin du.

https://www.youtube.com/watch?v=32OnN08lH5g

Lleidako Teatre de ca l’Erilen (Herrialde Katalanak) grabatu dute diskoa, zortzi pistako analogiko bat baliatuz, eta Jordi Matasek ekoitzi du. Kantu batzuetan, musikari ere aritu da Matas. Baita beste artista hauek ere: Joan Pons, Ferran Palau, eta Ildefons Alonso Ildu.

Etenaren ondoko estreinakoa

Urbizuk 2018ko abenduaren 12an jakinarazi zuen Berri Txarrak taldeak eten bat egingo zuela, iritzita ailegatua zela «ziklo ahaztezin bat» bukatzeko garaia. Ondoko hilabeteetan, Ikusi Arte Tour 2019 izeneko biran murgilduta, kideek dozenaka kontzertu eman zituzten Euskal Herrian eta atzerrian, eta 2019ko azaroaren 22an eta 23an eman zituen azken-azkenak, Iruñeko Nafarroa Arenan. Ordutik, Urbizu gutxitan taularatu da kantatzera. Oro har, beste artista batzuek gonbidatuta baizik ez, kolaborazioak eta bestelako elkarlanak tarteko.

Urteotan, duda handi bat izan dute Urbizuren zale askok eta askok, batik bat: zer ote zuen esku artean. Edonola ere, musikariak iradokia zuen bakarlari aritzeko asmoa, aspaldi. Aurrerantzean zer eginen zuen galdetuta, bide horri lotzeko nahia azaldu izan du Urbizuk. «Ez daukat argi. Bakarkakotik gertu egongo da, baina bakarrik ere ez naiz arituko», esan zuen 2019ko otsailean, eta zera erantsi, ilusioz: «Adierazteko molde berriak bilatuko ditut, exijitzea zilegi den gutxieneko hori elikatzen jarraitu ahal izateko: kantuak sortu eta jendearekin partekatzeko pasioa, alegia. Helduko dira doinu berriak; noiz eta nola, ezin jakin oraingoz».

Gaur jakin da, azkenik, noiz heldu den, eta zer. Lana agertokietara eramateko moduari buruzko xehetasunak falta dira, hala eta guztiz. Iragarpen bakarra egin dute, gaur-gaurkoz: kantariak diskoaren aurkezpena eginen du asteazken iluntzean, sorterrian. Gaztea irratiak gidatuko du solasaldi hori, eta premiazkoa izanen da aurrez sarrera eskuratzea. Bestela, Urbizuk hau baizik ez du aurreratu: «Hasiera bat baino ez da. 2024an zuzenekoetan ikusiko dugu elkar».

Ekoizle lanetan, tinko

Azken urteotako lanaren emaitzaren parte da argitaratu berri duen diskoa. Hala eta guztiz ere, kantuak hutsetik sortzen ez ezik, beste musikari batzuen abestiak ekoizten ere jardun du Urbizuk azkenaldian. Besteak beste, hark ekoitzia da 2023aren hondarrean Leihotikan talde nafarrak plazaratutako Etorkizuna ginenenean diskoa —Zestoako (Gipuzkoa) Gaztain estudioan grabatu dute—. Bestalde, Urbizuk ekoitzi du La M.O.D.A. talde espainiarraren Nuevo Cancionero Burgalés diskoa ere, 2021ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.