Miren Agur Meabe. Idazlea

«Gorputzaren idazketatik aldentzen ari naiz; horren isla da liburua»

aitor biain
2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Pozik eta hunkituta jaso du sariaren berria Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Bidaide izan dituen guztiei eskaini die.

Liburua nagusiki minetik sortua izan arren, eskaintzen duen gozamena laudatu du epaimahaiak. Dikotomia hori nahita bilatutakoa da?

Liburuan denetarik dago; hamar urtean idatzitakoa denez, nire bizitzako hainbat esperientzia kontrajarri jasotzen ditu. Baina zer da bizitza, ez bada gure argi-ilunak kudeatzen ikastea? Horregatik, agian, tristuren, nostalgien eta galeren azpian sentitzen den taupada bizitzarena da.

Liburua triptiko baten hirugarren ohola izan zen. Sariak balioa ematen die beste lanei?

Sariak ikusgaitasuna emango dio liburuari, eta, alde horretatik, eskertutako nago. Baina uste dut aurreko lanen pertzepzioan ez duela eragingo, nahiz eta ni, denboraren iragateaz, ariketa beraren emaitza direla ohartu.

Azala, eskuak, begiak, kolkoa… Gorputzak eta sentimenduak ardazten ote dute zure poesia?

Egia da: nire lehenengo poema liburuetatik gorputza beti egon da presente, baina, liburu honetan, badago inflexio puntu bat, kolkoa ez baita gorputz atal bat; gorputzetik oso hurbil dagoen espazio bat da. Horrekin esan nahi dudana da gorputzaren idazketatik aldentzen ari naizela; aldaketa horren isla da liburua. Gorputzetik eta gorputzaren ezagutzatik idaztea beharrezkoa izan zaigu emakumeoi, gure gorputzak esplizitatu nahi zuen desira ez baita jaso liburuetan historikoki.

Zer-nolako garrantzia dauka kadentziak zure poemetan?

Itzela. Kadentzia eta gabezia betidanik izan dira nire poesiagintzan. Baina baita bizitza-heriotza binomioa, zoritxarra-zoriona, betetasuna eta gabezia... Liburu honetan, ordea, badira bi parte iraganari begira daudenak: memoriari eskainitakoa da horietako bat; galera handi batean oihartzuna egiten du besteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.