Francisco de Goya, Paul Gauguin, Cristina Iglesias, Domenikos Theotokopoulos El Greco, Ignacio Zuloaga, Diego Velazquez eta Andy Warhol. Horiek dira, besteak beste, urriaren 5etik aurrera Bilboko Arte Ederren Museoaren pareta berriak jantziko dituzten artista batzuen izenak. Izan ere, Museoaren berritze lanak amaituta, bisitarientzako irekiko dute egun horretan. Bada, hasiera berri horren zenbait xehetasun eman dituzte gaur, Madrilgo Prado museoan. Lehen erakusketa nagusiaren izena Hasieraren bilaketa izango da, eta 2030a amaitu arte egongo da ikusgai. Erakusketa hori Placido Arango arte bildumagile mexikarraren obrek osatuko dute. Arango 2020an hil zen, baina bizirik zegoela hainbat museori laga zizkion bere lanak, eta beste zenbait dohaintzan eman zituen.
Madrilgo Prado museoak jaso ditu dohaintza horietako gehienak, baina Bilboko Arte Ederren Museoak ere Arangoren piezak izan ditu bere hormetan. Are gehiago, gaur egun museoaren ikurra den eskultura, Bilbao, haren senideek dohaintzan emandakoa da. Miguel Zugaza museoko zuzendariak gaur egindako aurkezpenean azaldu duenaren arabera, ez da lau urtean bere horretan mantenduko den erakusketa bat izango: «momentu oro» berrituz joango da. Bi errotazio txanda egongo dira: urtean behin egingo dena eta sei hilabetetik behin egingo dena.
Urrian irekiko duten erakusketak ez du soilik museoaren «aro berri bat» irudikatu nahi; Zugazak «pertsonek artearekin duten harremana birpentsatzeko» aukera bat izan daitekeela aldarrikatu du. Datozen lau urteetan, Bilboko Arte Ederren Museoan, XIII. mendean hasi eta XX. mendera arteko artelanak aurkitu ahalko dira; ehun baino gehiago. Hala ere, Arte Ederren Museoko zuzendariak ez du zehaztu zehazki zeintzuk izango diren. Arangoren seme-alabek eman dute modua erakusketa egin ahal izateko, baina ez dira artelanak utziko dituzten bakarrak.
«Museoaren nortasunaren parte dira arte bildumagileak. Arte Ederren Museoan dauden artelanen %70 inguru bilduma pribatuetatik datoz»
MIGUEL ZUGAZAÂ Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria
Izan ere, erakusketaren xedeetako bat Arangok artearekiko zuen zaletasuna azaltzea da, ibilbide bat eginez bildu zituen piezen, nahi izan baina lortu ez zituenen eta dohaintzan eman zituenen artean. Horiek horrela, zenbait museoren laguntza izango du Bilboko Arte Ederren Museoak; bereziki Pradorena eta Asturiasko Arte Ederren Museoarena. Bi museo horiek dira Arangoren artelan gehien dituztenak. Baina Europatik at dauden beste museo batzuetatik ere helduko dira artelanak; New Yorkeko Metropolitan museoak, esaterako, Paolo Veroneseren Alejandriako Santa Katalina espetxean koadroa utziko du. AEBetako beste bi museok ere lagako dituzte lanak: San Diegoko Arte Museoak eta New Yorkeko Hispanic Society-k. Aurrenak Natura hila irasagarrarekin, azarekin, meloiarekin eta pepinoarekin utziko du; estilo hori baitzen Arangoren gogokoenetako bat.

Norman Foster eta Luis Maria Uriarte arkitektoek sortutako Agravitas eraikin berria izango da erakusketaren eszenatoki nagusia, baina ez bakarra. Zugazak jakinarazi duenez, sarreraren kanpoaldean Pablo Palazueloren eta Cristina Iglesiasen eskulturak egongo dira ikusgai. Eskulturek museoaren zenbait gune hartuko dituzte; adibidez, eraikin berriaren terrazan Anthony Carok egindako bat jarriko dute. Iragan astean aurkeztutako Arriaga sarrerak —Arangoren familiak utzitako Bilbao pieza jada bertan dago— ere izango du erakusketaren pieza bat: Eduardo Txillidaren Calderri omenaldia.
Halere, artelan denak ez dira utzitakoak izango. Gehienak behin-behinean ikusteko aukera egongo den arren, haietako bat behin betiko geldituko da Bilboko Arte Ederren Museoan: Esfera 1. Venezuelako Gego artistak egindakoa da, eta Patricia Phelps de Cisnerosek —Venezuelakoa bera ere— eman du dohaintzan. Arangoren laguna zen Phelps, eta «haren legatua oroitzeko era onena hark jokatu zuen gisara jokatzea dela» nabarmendu du; hau da, «artea gizarteratuz».
Bildumen garrantzia
Baina zergatik hasi museoaren garai berria bildumagile bati omenaldia eginez? Zugazak argi du artea dohaintzan eman edo lagatzen duten horiek «berebiziko garrantzia» dutela museoa bizirik mantentzen: «Museoaren nortasuna dira arte bildumagileak. Arte Ederren Museoan dauden artelanen %70 inguru bilduma pribatuetatik datoz». Antzera mintzatu da Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura sailburua.Â
Museoak datozen urteei begira egindako apustua ere txalotu du, «etorkizuneko belaunaldiei utzi ahal zeien ondarerik onena» hori baita. «Museoak nortasun partekatua gordetzeko, gure hizkuntza zaintzeko, sormena hauspotzeko eta etorkizuna irudikatzeko balio du», gaineratu du Bengoetxeak. «Artearen katearen nahitaezko begi bat dira, askotan ikusezinak diren arren». Batez ere bilduma horiek «gizartearekin partekatzen dituztenean».
«Gure aitonak erakutsi zion zer zen arte bilduma bat egitea, eta euskal artista batekin hasi zen: Ignacio Zuloagarekin»
MAITE ARANGO GARCIA-URTIAGA Placido Arango bildumagilearen alaba
Zugazak harreman estua izan zuen Arangorekin. Orain Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria den arren, Madrilgo Pradoko zuzendaria izan zen 2002tik 2017ra. Garai hartan, Arango museo hartako patronatuaren presidentea zen; 2007tik 2012ra egon zen kargu horretan, zehazki. Tarte horretan sendotu zen harremana, eta hura hildakoan oinordekoekin harremanetan jartzera eraman zuen. «Bagenekien [Arangok] ez zuela nahiko bere buruari egindako omenaldi bat; horregatik, zerbait sofistikatuagoa prestatu dugu, joko baten antzerakoa», adierazi du Maite Arango Garcia-Urtiaga bildumagilearen alabak.
Euskal Herria sorburu
Hala ere, Arangoren omenezko erakusketa Bilbon egiteak Zugazaren eta mexikarraren arteko harremanaz haragoko arrazoia du. Izan ere, Arangoren familia politikoa Bizkaikoa zen. Hala azaldu dute bildumagilearen seme-alabek Pradon. Haien ama Maite Garcia-Urtiaga da, eta haren gurasoak 1936ko gerratik ihesi joan ziren Euskal Herritik. Haren aita, Martin Garcia-Urtiaga, Bilbokoa zen, eta Mexikon zeudela hasi zen euskal margolarien artelanen bilduma bat osatzen.
Maite Arango Garcia-Urtiagak azaldu duenez, bere aitak —Placido Arango— gizon harengandik jaso zuen artearekiko pasioa. «Gure aitonak erakutsi zion zer zen arte bilduma bat egitea, eta euskal artista batekin hasi zen: Ignacio Zuloagarakin», adierazi du Arangoren alabak. Horiek horrela, Arangoren oinordekoek beren euskal sustraiak azpimarratu dituzte, eta esan «harro» daudela aita «Bilbora eramateaz».
Hala ere, arteaz haragoko ekintzengatik da ezaguna Arango Garcia-Urtiaga familia Mexikon. Izan ere, Aurrera supermerkatu katearen sortzaileak izan ziren; gerora saldu egin zituzten. Espainiako Estatuan ere inbertsioak egin zituzten, eta Vips jatetxe katea sortu.