Musika

Gretchen Parlato eta Take 6 Gasteizko Jazzaldira batu dira

Uztailaren 17an emango dituzte kontzertuak, Mendizorrotzan. Jazz garaikidearen ahotsik berezienetakoa da Parlatorena, eta lan berria aurkeztuko du Gasteizen. 'A cappella' aritzen da Take 6 talde ospetsua, eta gospela, jazza, R&B eta popa uztartzen ditu.

Gretchen Parlato. GASTEIZKO JAZZALDIA
Gretchen Parlato. GASTEIZKO JAZZALDIA
edurne begiristain
2026ko martxoaren 13a
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailaren 13tik 18ra egingo dute Gasteizko Jazzaldia aurten, eta apurka ari dira egitaraua aletzen. Gretchen Parlato abeslaria eta Take 6 taldea jaialdian ariko dira uztailaren 15ean Mendizorrotzan, antolatzaileek gaur iragarri dutenez. Bi izen horiek Ruben Blades Panamako abeslariari batuko zaizkio, hura izan baitzen antolatzaileek iragarritako lehen izena.

Parlato jazz garaikideko ahotsik berezienetako bat da. AEBetan jaio zen, eta Los Angelesen hasi zen kantuan. Gaztetatik murgildu zen jazzaren munduan. Samurtasuna eta zehaztasuna uztartzen ditu, ahots leun eta intimoa du, eta erritmoarekin modu oso berezian jolasten da; haren lanetan, jazz tradizioa, popa eta erritmo latinoak nahasten ditu.

Abeslariak ekain erdialdean argitaratuko du lan berria, eta Gasteizko Jazzaldian izango da diskoa zuzenean entzuteko lehen aukeretako bat. Alan Hampton baxu jotzaile eta konpositorearekin batera ondu du lana. Jazzaldiaren arabera, Parlato bere belaunaldiko ahots «hipnotikoenetako bat» da, estilo leun eta intimistagatik, eta inprobisatzeko duen gaitasunagatik. Gasteizko emanaldian, Hampton izango du alboan, baita Jacob Mann piano jotzailea eta Mark Guiliana bateria jotzailea ere.

Take 6

Gau berean igoko da oholtzara Take 6 taldea, a cappella aritzen den talde ospetsua. 1980ko hamarkadan sortu zuten AEBetan Claude McKnight, Mark Kibble, Joel Kibble, Dave Thomas, Alvin Chea eta Khristian Dentley musikariek. Gospela, jazza, R&B eta popa uztartzen dituzte, sei abeslarien ahots harmonia konplexu eta sofistikatuekin.

Euren ibilbidean sari ugari jaso dituzte —besteak beste, hainbat Grammy sari—, eta jazz eta gospel eszenako artista handiekin elkarlanean ere aritu dira, hala nola Quincy Jonesekin eta Stevie Wonderrekin. 2014an Gasteizko Jazzaldian izan zen taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA