Donostiako 73. Zinemaldia

Guillermo del Tororen 'Frankenstein' izanen da Zinemaldiko film sorpresa

Filmak Oscar Isaac, Jacob Elordi, Christoph Waltz eta Mia Goth ditu protagonista. Hiru aldiz emanen dute Zinemaldian: bihar, Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenian, eta, etzi, Belodromoan.

Guillermo del Toro eta Oscar Isaac, filmaketa egun batean. BERRIA
Guillermo del Toro eta Oscar Isaac filmeko protagonista, grabaketa egun batean. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2025eko irailaren 25a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mary Shelley idazlearen nobelaren azken egokitzapena da Donostiako 73. Zinemaldiko film sorpresa: Guillermo del Tororen Frankenstein. Ohi denez, zinema festibalak gorde-gordea izan du egitarauan sartuta bai baina aurrez iragarri gabe zeukaten filmaren izenburua, eta gaur jakinarazi dute azkenerako, emanaldiaren bezperan. Izan ere, hiru saiotan emanen dute lana, eta biharko daude programatuta lehenbiziko biak. 21:45ean Antzoki Zaharrean emanen dute, eta 22:30ean, Viktoria Eugenia antzokian. Biharamunerako, larunbaterako, are eta ikusle gehiagorentzako moduko emanaldia prestatu du Zinemaldiak: belodromoko pantaila erraldoian proiektatuko dute Frankenstein, 18:00etan.

Veneziako Zinema Jaialdian estreinatu ondotik heldu da Del Tororen azken lana Donostiara. Filmak ikusmin handia piztu du haren berri izan zenetik, are eta handiagoa jakinik zinema zuzendari mexikarrak hamar urte eman dituela proiektuan lanean, gidoigintzan batik bat. Gainera, zuzendariak esana du Frankenstein pertsonaian ardaztutako film bat egitea zuela amets «txiki-txikitatik».

Filmean, Oscar Isaacek egiten du Victor Frankensteinena, eta Jacob Elordik Frankensteinen kreaturarena. Beste aktore hauek ere aritu dira filmean: Christoph Waltz, Mia Goth, Felix Kammerer, Charles Dance, David Bradley, Lars Mikkelsen eta Christian Convery. Kritikak nabarmendu duenez, ekoizpen handi eta anbiziotsua da.

Nazioarteko zinemaldietan estreinatu ondotik, iragarria dago aste gutxi batzuez baizik ez dela izanen zinema aretoetan ikusgai. Ondotik, Netflix ordainpeko plataforman jarriko dute, eta, hain zuzen ere, euskaraz ere ikusten ahalko da orduan, bikoiztuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.