Beste film batzuk

'Gulliver's Travels'. 'Mine vaganti'. 'Hjem til jul'

2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Rob Letermann. Aktoreak: Jack Black, Emily Blunt, Jason Segel, Amanda Peet, Billy Connolly, James Corden. Herrialdea: AEBak. Urtea: 2010. Iraupena: 100 min.

Zinemari esker hirugarren dimentsio bat eskuratu du Jonathan Swiften liburu klasikoak. Horixe da Gulliverren abenturen inguruan Rob Lettermanek egin duen moldaketak duen berrikuntza, hiru dimentsiotan egina izatea, alegia. Gainerakoan, istorioa oso ezaguna da. New Yorkeko egunkari batentzako lan egiten duen posta banatzailea da Lemuel Gulliver; idazle eta editore bihurtzea da haren ametsa. Izugarri gustatzen zaio bidaiatzea; hori dela eta, Bermudetako triangelura aterako den espedizio batean sartuko da. Bidean ekaitz batek itsasontzia hondoratuko du. Berriro esnatzean irla batean dagoela ohartuko da. Bertako biztanleek ezaugarri berezia dute, txiki-txikiak dira tamainan. Dreamworkserako bi animazio film egin ostean, hauxe da Lettermanek haragizko pertsonaiekin egiten duen lehen pelikula.

Zuzendaria: Ferzan Ozpetek. Aktoreak: Riccardo Scamarcio, Nicole Grimaudo, Alessandro Preziosi, Dario Bandiera. Herrialdea: Italia. Urtea: 2010. Iraupena: 108 min.

Gurean sobera ezaguna ez bada ere, Italian sona handia dute Ferzan Ozpeteken filmek. Autore lanaren eta komertzialtasunaren arteko oreka zailean, jatorri turkiarra duen zuzendariak ibilbide artistiko interesgarria izan du urteotan. 1997an egin zuen Hamam, il bagno turco-rekin ezagutarazi zuen bere burua; orduz geroztik nahiko bide koherentea segitu du, pelikulaz pelikula familia, homosexualtasuna eta drama uztartuz. Azken film honek ere gai horiek ditu kontagai. Cantone familiako kiderik gazteena da Tommaso; oso leinu inportante eta errespetagarria da herrian. Afari garrantzitsu bat antolatuko du aitak, negozioa gazteen eskuetan utzi nahi baitu. Tommasok egoera aprobetxatu nahi du gay dela jakinarazteko. Haren harridurarako, anaiak aurrea hartuko dio, eta inork espero ez duen albiste bat emanen du.

Zuzendaria: Bent Hamer. Aktoreak: Trond Fausa Aurvag, Fridtjof Saheim, Nina Andresen Borud, Reidar Sorensen, Ingunn Beate. Herrialdea: Norvegia. Urtea: 2010. Iraupena: 90 min.

Eguberriak ailegatu direla aprobetxatuta, Donostiako zinemaldian aurkeztu zuten pelikula norvegiar ezti hau estreinatuko dute asteburuan. Donostiako zinemalditik gidoi onenaren sariarekin joan zen, eta nahiko kritikatua izan zen saria. Istorio txiki askok egiten dute bat Bent Hamerrek zuzendutako azken pelikula horretan, eta istorio txiki denak Eguberrien bueltan gertatzen dira. Egun horietan hainbat jende onbera bihurtzen omen da, eta, Frank Capra garaikidea balitz bezala, izpiritu hori jaso nahi izan du zuzendariak. Tragedia, barkamena, etsipena, itxaropena eta gisako sentimenduak dira istorio horiek bildu dituzten sentipen nagusiak. Hamerrek ibilbide luzea egina du sorterrian, eta Hollywooden Bukowskiren liburuan oinarritutako Factotum egin zuen, Matt Dillon estatubatuarrarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.