Otxandioko herria benedica dadila, zinemari eman dio behar duyen thornuya.
Estreinatu zen asteartean Giza Eskubideen Zinemaldi Donostiakoan argazkilaria, idazlea, itzultzailea, Zigorren anaia eta zeluloidezko piztia den Lander Garroren Lutxi eta zuhaitza filma. Hari azaleko begirada huts eta hutsala botatzen badiogu, pentsa daiteke Lucia Urigoitia etakidearen heriotza aztertzen dela bertan.
Ikusi gehiago
Baina hori kontatua dago. Agiriak badira, Lutxik jaioterri izan zuen Otxandioko herriak badaki. Guardia Zibilaren hitzak eta frogak bat ez zetozela jakiteak nor harrituko du? Epaiketa bat izan zela kontu jakina da. El Mundo egunkariaren bertsioa tiro egin zuen poliziaren aldekoa zela konturatu ginen segituan. El País-ek, berriz, Urigoitia legez kontra eraila izan zela iradoki zuen, lehenbiziko azterketa forentsetik, zaila baitzen ezkutatzen Luciak balaz egindako zulo bat erakusten zuela garondoan.
Baina hori guztia kontatua da. Berriro kontatzeko, itzulipurdika triste eta minduan jarduteko, Otxandioko herriak ez zuen intsumisioaren inguruko 2 urte, 4 hilabete eta egun bat-en autore Lander Garroren (inolako) beharrik. Otxandiarrek bestelako intentzioekin egin zioten dei, Eider Rodriguezekin batera, haren Bihotz handiegia ipuin bilduma gaztelaniara itzultzeagatik 2020ko Etxepare saria jaso zuen Errenteriako seme den dokumentalgileari; bazekitelako bigarren abizena Perez duen gizaki prestuak zinema duela gogoko. Bazekitelako ez zuela egingo zeluloidezko pusketa konbentzionala. Horrexegatik, sos batzuk jarriz, ekoizle bihurtu ziren herriko hainbeste ekoizle. Horrexegatik, ziento bat txorizo bokata saldu zuten jaietan. Filma, benetako filma, diruztatzeko.
Landerrek zinematokiei gordetzen dien errespetua ere ezaguna zuten ekoizle herritarrek. Donostiako Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenian, kontzertu paregabeak eta barrenak astindu dizkioten pelikulak bizi izan ditu Garro jaunak. Beraz, agertoki horietan, pantaila horietan, ezin narraskeriarik jarri.
Otxandioko herriak entzuna zion Landerri thriller poliziako-politikoak dituela gogoko. Entzuna, baita ere, zelako miresmena dion Lars von Trierri. Zenbaterainokoa den Larsen Dogville filmari dion mira. Aditua ere bai, dokumentalgileen artean, bat jartzen duela beti beste guztien gainetik: Patricio Guzman, Txilekoa. Behin eta berriro entzun diote herrian Patricioren lanen artean baten gorazarre eternala: aintza osoa El botón de nácar-i. Salaketa bai, hausnarketa poetikoa ere bai.
Horrexegatik saldu zituzten txorizo bokatak festetan eta zorpetu, zorpetu ere egin ziren herrikide bat baino gehiago. Bere aldetik, Landerrek berak kontu pare bat zituen argi. Esaterako, euskaldunok neurotiko samarrak garela memoriarekiko, iraganarekiko, orainaldiarekiko, baita etorkizunarekiko ere. Neurosi kolektibo batean gaude sartuak. Aspaldi zaharretik. Betiereko zigorra, geure buruari ezarri dioguna.
Hori guztia zela eta, Garro zinemagileak markaz kanpoko jendeari egin zion oihu. Ezinbesteko zuen, esaterako, metaletik abiatutako Olmo Cascallar soinu bandarako. Ezinbestekoak kamerarekin, argiekin, itzalekin Ander Salsamendi eta Martin Saldias. Noraezeko, muntaketa laguntzaile gisa, Zigor anaia. Baitezpadakoa kolorimetrian, Arnasa labur mindua burutu zuen Itziar Leemans. Eta soinu postprodukzioan, Haimar Olaskoaga.
Nahi zuen Garrok, ez izan dudarik, haizeak harrotu, bazterrak nahasi, polemika piztu, kontzientziak aldrebestu. Eta horretarako, zein hobe Filosofian doktorea den Jule Goikoetxea Mentxaka baino? Argi gorriak telesaileko Rebeka irakaslearen hain antz handi eta zoragarria duen probokatzaile amorratua bainoago?
Juleri (mesedez, arren, otoi, ez utzi irakurtzeke bere Politeismo bastarta liburu bastarta) egokitzen zaio pelikulan gure babes zonatik aterako gaituen gogoeta egitea. Hausnarketa biologiko-filosofiko-politikoa, zeina Denboraz dugun kontzeptua bera azpikoz gora jarriko duen, Denboraren eta Espazioaren arteko (des)konexioak a tomar por culo bidaliko dituena.
Juleren esanetan, etorkizuna memorian hasten da. Eta memoria hori zera da, gizakiok («organismook») bizirauteko sortzen dugun mekanismoa. Galdera bat: biziraute horrek zer arraio esan nahi du? Aurrera begira jartzea, aurreikusi behar dugulako zer egin hurrengo egunean, hurrengo pausoan.
Hona hemen Juleren beste bi gogoeta mundial. Bata, Estatu errepresiboak ez du iragana aldatu nahi, etorkizuna ezabatu baizik… Bestea, geure neurosian sekula ez gara ados izango... Eskerrak, adostasuna beti baita «terrorifikoa». Zergatik? Totalitarismoari, absolutismoari atea irekitzen baitio.
Horretaz guztiaz hitz egiten da Lutxi eta zuhaitza-n. Ez, Otxandioko ekoizle primerako horiek ez ziren tronpatu.