Burutik taldeko kideak

Asier Capon eta Jokin Barriola: «Gure musikari jarduna ez genuke ulertuko eszenatokietatik aparte»

Burutik taldeak estudioko laugarren lana eman du: 'Ipuinak'. Kideen deformazio profesionalak «orkestrazio metodoa» ekarri die bidera atzera, eta nabarmenak dira progresioak eta koruak. Zazpi kantu «politiko» bildu dituzte, «harrikadaren» bat barne.

Asier Capon eta Jokin Barriola musikariak, iragan asteartean Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Asier Capon eta Jokin Barriola musikariak, iragan asteartean, Iruñeko Gazteluko plazan. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko urriaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berantetsia sentitzeko adina denbora ez da pasatu elkarrizketarako zehaztutako ordutik, baina, irribarre zabal bat ahoan, nahi baino beranduago zergatik ailegatu den esplikatzeko gogoari ezin izan dio eutsi Burutik musika taldeko baxu jotzaile eta abeslari Jokin Barriolak (Iruñea, 2002): «Ez didazu sinetsiko: etxetik ateratzen ari nintzela, abesti baterako errepika bat bururatu zait, melodia eta mezua, eta etxera igo naiz berriz, gitarra hartu, jo, eta grabatzeko». Dioenez, ez da inspirazio kolpeetan askorik sinesten dutenetakoa, «baina...». Handik minutu gutxira, pozik kontatu dio gertatutakoa Asier Capon taldekideari ere (Iruñea, 2001).

Orain, ikusteko dago hortik inoiz kantarik aterako ote den, baina gauza bat segurua da: hurrengoan beharko du. Burutik-ek Ipuinak diskoa kaleratu baitu gauerdia ailegatzearekin batera. Estudioko laugarren lana dute, eta Zerua eta zorua: hiru kanta bakardadeari izeneko EPa eman zutenetik bi urte eta erdi igaro ondoan heldu da, zehazki, taldearen formazioa ere aldatuta: Luar Alberdi abeslari eta gitarristak taldea utzita, Naroa Goñirekin osatzen dute boskotea orain Barriolak, Caponek, Mikel Gorraizek (gitarra eta ahotsa) eta Iraitz Gonzalezek (bateria). Azaroaren 22an Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin kulturgunean aurkeztuko dute diskoa, eta laster emanen dute kontzertu gehiagoren berri.

Kantuei ahotsa jartzen diena ordezkatu beharra bereziki izanen da erronka. Ez soilik kantu berriek beste kolore bat har dezaketelako, baizik eta aurrez konposatutako abestiak interpretatzeko garaian ere ekar dezakeelako estualdirik. Nola moldatu zarete?

ASIER CAPON: Ez dugu aldaketa handirik egin behar izan, Naroak Luarren tesitura berbera duelako, kasualitatez eta zorionez. Azken hilabeteotako kontzertuetan jo dugun errepertorio gehiena Naroa heldu baino lehenagokoa da, eta ez da arazorik egon ez ahotsarekin, ez eta gitarrarekin ere. Eta ez da soilik ongi egokitu dela: nik eroso ikusten dut. Gainera, Luarrek ere asko lagundu zion hasieratik.

JOKIN BARRIOLA: Ez hari bakarrik, guri ere bai: koruetan-eta aditu daiteke Luarren ahotsa kanta batean baino gehiagotan.

Artista plastikoen jokamoldearekin analogia eginez, sortzaile batzuek tailerra guztiz husteko premia izaten dute proiektu bat abiarazi nahi dutenean. Ordura arte landutako piezez libratzeko modu bat dute hori, zaharrek ez dakien begirada lausotu aurrerantzean. Ipuinak diskoari ekiteko, zuek ere sentitu zenuten reset egiteko premiarik?

CAPON: Uste dut nahi gabeko reset bat egiten dugula, bai. 

BARRIOLA: Guk, gure dinamikengatik edo, etengabe eraikitzen dugu almazen moduko bat. Dagoeneko kristorena da, erraldoia, eta hor ditugu audio eta letra mordoa, adibidez. Halere, egia da proiektu berri bati ekin behar diogun aldiro saiatzen garela gauza berriak egiten, eta ez zaigu gustatzen hortik ezer ateratzea.

Ideiak hortik hartzeak ekar lezakeelako aurrez bai baina dagoeneko hain zuena ez den soinu bat?

CAPON: Izan daiteke. Nik almazenean gauzak biltzearena tailerreko lan bezala bizi dut. Nahiago hor gelditzea. Halere, uste dut beste gauza batengatik ere egiten dugula: kanta berriak ateratakoan, kontzertuetan-eta zentratzen gara guztiz. Dagoeneko ez dugu burua konposaketan hain sartua izaten.

Dena dela, orain artean ez zarete izan eszenatokietatik aparte aldi luzeak ematen dituztenetakoak, eta, hortaz, kontzertuz kontzertu ibili arren, sorkuntzarako zirrikituak aurkitzeko gai zareten seinale izan beharko du horrek.

BARRIOLA: Behar bat ere badago hor. Adibidez, bi aste ere ez dira Matalazen [Iruñeko gune autogestionatu bat da] primizia moduko batean diskoa aurkeztu genuela, eta biharamunean ni ja ari nintzen nire kolkorako esaten: «Zer gogoa kontzertuetarako!». Nire jarduna ez nuke ulertuko eszenatokietatik aparte. Eta, are gehiago, konposatzeko orduan ere beti izaten dugu oso presente gero oholtzan zer egingo dugun.

CAPON: Uste dut bi musikari mota daudela: batetik, konposatzea maite dutelako musika atera eta zuzenekoetan jotzen dutenak, hau da, kontzertuak ematea ez baizik eta sortzea helburu dutenak, eta, bestetik, helburua gehienbat kontzertuetan aritzea dutenak eta, nolabait, horretarako konposatzen dutenak. Gu, oraintxe bertan, bigarren taldekoak gara.

Taldearen esentzia hasieratik egon da lotua akordeoiaren melodiaren protagonismoari eta ahotsen bidez progresio eta koruei; Ipuinak-en ere hori da nagusi. Batez ere zer aurkitzen duzue erakargarri baliabide horietan?

CAPON: Esango nuke ditugun ikasketekin ere zerikusia duela horrek. Ahotsen dinamiketan ikusten da batez ere. Adibidez: nonbait abestiak gora egitea nahi dugu? Errepikan gutxienez hiru ahots beharko ditugu orduan, betea gelditu dadin.

BARRIOLA: Igual, orkestrazio metodoa da, ezta? Ahotsak ere gure instrumentuak direlako ideia horrekin lotuta.

Zuen joera hori aparte uzteko tentaziorik izan duzue inoiz?

CAPON: Disko honetan egin izan dugu, izatez.

BARRIOLA: Bai, ahotsak unisonoan erabiltzen hasi gara, eta uste dut hemendik aurrera gehiagotan egingo dugula hori. Lehenago ez zitzaigun buruan sartzen horrelakorik egitea, baina oraingo honetan Ravel izaten eta testura berriak bilatzen ere jolastu gara pixka bat [barreak].

«Ahotsak unisonoan erabiltzen hasi gara; lehenago ez zitzaigun buruan sartzen horrelakorik egitea, eta oraingo honetan Ravel izaten eta testura berriak bilatzen ere jolastu gara»

JOKIN BARRIOLA Burutik taldeko baxua eta ahotsa
Poljeznyj da besteengandik gehien urruntzen den kantua. Pop-rocka da hori ere, baina estilo punkiagoa du, eta folklore errusiarrari eta Astor Piazzola hauspolariaren pieza bati egiten die keinu. Kantaeran ere hura da jostalariena, akaso. Gozamenak zer toki du halakoetan?

CAPON: Askatze moduko bat izan da. Eta gure estilotik urruntze hutsa aitzakia izan da gauza mordoa sartzeko.

BARRIOLA: Eta estudioan sartutako harrikada batzuetarako.

Azken EPa eman zenutenean, BERRIAn azaldu zenuten inoiz baino garrantzi handiagoa eman zeniotela musikaren eta hitzen arteko loturari, baina, paradoxikoki, oraingo honetan aitortua duzue instrumentalen konposaketak eta are grabaketak egin zenituztenean hitzak eta melodiak sortu gabe zirela oraindik. Nolatan?

CAPON: Badut lagun bat beti zera esaten zuena: «Ni ez naute musek inspiratzen, ni egutegiak inspiratzen nau». Nolabait, horrek harrapatu gaitu. Ez guztiz, bagenekielako musikalki zer esan nahi genuen, baina, une batera ailegatuta, eta hitzik izan ez arren, egin egin behar genuen. Estudio kontuak eta kontu logistikoak ere sartzen dira kontu horietan, eta, hortaz, pentsatu genuen: «Finkatu ditzagun ditugunak, eta erabil ditzagun gero oinarri bezala».

BARRIOLA: Letragile gisa kristoren problema izan da, baina, aldi berean, esperientzia bezala asko gustatu zait. Batzuetan, hutsetik hasten zarenean hitzetatik, ez dakizu zertaz hitz egin ere, eta, orain, esan daiteke grabatuak genituen kantuen nolakotasunak eraman gaituela gai bakoitzera. Betiere, argi geneukan disko honek oso politikoa izan behar zuela. Nahi genuen hitzek kritika egitea kapitalismoaren iraupena bermatzen duten estrategiei.

Hala eta guztiz ere, gai politikoak jorratzeko dauden modu guztien artetik, zuen joera ez ote den izan ipuin edo narrazio gisakoen bitartez garatzea diskurtsoak.

CAPON: Oraingo honetan instrumentalak konposatzeko moduagatik heldu da hori ere, segur aski. Bestela, musika eta hitzak aldi berean egin izan bagenitu, arrisku handiagoa genuke zera egiteko: hau, hori, hura.

BARRIOLA: Arriskua dago hau egiteko: ahapaldia, instrumentala, ahapaldia, zubia, errepika, eta bukatu. Baina, musika aurrez eginez gero, aukera handiagoa dago abestiaren narratiba hitzak ez diren horren guztiaren bitartez egiteko.

Adibidez?

BARRIOLA: Aski dut nire kontu-rekin gertatu da. Naroak argi zeukan gorputz dismorfiaren eta kanpo epaiketaren inguruko abesti bat egin nahi zuela, baina asmoa gerora esan zigun. Ordurako grabatuak genituen instrumentalak, baina hark argi ikusi zuen hori zitzaiola egokiena. Leuna da, ongi datorkio mezuari. Gainera, gaia gorputz dismorfia izanik, erabaki genuen neurririk eta errimarik gabeko hitzak idaztea. Kantatutako prosa moduko bat da.

Magoak badaki diskoaren hirugarren aurrerapen kantuan, besteak beste, jendea sistemarekin konforme egon dadin kapitalismoak egiten dituen «amarruak» nabarmendu dituzue. Egin duzue gogoetarik hark musika eszenan —izan kontzertu zirkuituetan edo ekoizpen munduan— daukan eragin indarrari buruz ere?

CAPON: Bai, eta sekulako buruhausteak sortzen dizkigu. Gaur egun, gure proiektuak funtzionatzea nahi dugu, jendeari gure musika heltzea, eta, batzuetan, geure burua sumatzen dugu kapitalismoaren tresna batzuk baliatzen, nahiz eta gu berez ados ez egon.

«Gure proiektuak funtzionatzea nahi dugu, jendeari gure musika heltzea, eta, batzuetan, geure burua sumatzen ditugu kapitalismoaren tresna batzuk baliatzen, nahiz eta gu berez ados ez egon»

ASIER CAPON Burutik taldeko akordeoia eta ahotsa
Zerekin gertatzen zaizue hori?

CAPON: Sare sozialetan bertan ikusten dut. Askotan sentitzen dut gu geu erabiltzen ari garen hori gabiltzala kritikatzen.

BARRIOLA: Gure aurreko lan luzeak 15 segundu izena du garai horretan hamabost segundo irauten zuelako Instagrameko istorio batek. Eta nik oraindik ere ikusten dut gaur egungo musika mainstream gehiena horretarako pentsatua dagoela, Tiktokerako.

Diskoan jasotako zazpi kantuen artean dira Fermin Balentziak idatzitako Amparo Arangoari kantaren bertsioa, bai eta Nogen taldearekin eginiko Ipuinak abestia ere. Zer harreman sare duzue inguruko musikariekin?

BARRIOLA: Nogenekoak lagunak ditugu, eta Huntzako lagunei esker iritsi ginen haiengana. Gero, bagara talde asko antzeko belaunaldietakoak, eszena desberdinetan aritu arren bide bera hartzen ari garenak: Mugan, Sukena, Zinez, Bisaiak, Guri Bo5t... eta hor ere oso talde polita ari da sortzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.