Kritika. Antzerkia

Gure zaharren isiltasuna

Bonbon beltz konpainiaren 'Gure xaharrak' antzezlaneko irudi bat.
Bonbon Beltz konpainiaren 'Gure xaharrak' antzezlaneko irudi bat.
2024ko otsailaren 24a
05:10
Entzun

«Txotxongilo antzerkia», dio ikusgarri honen fitxak, eta deskribapentxo horrekin hasi nahiko nuke gaurko kritika. Kontua da guztiz asmatu duela Bonbon Beltz taldeak, fikziozko zahar etxe bateko eguneroko eszenak aletzeko, antzezpen konbentzionala eta panpina antzerkia nahasten dituen dramaturgia hautatzean. Oholtzan zein bizitzan, gure zaharrak, gure adinduak, ahotsik gabeko panpinak ditugun mezua dugu pieza delikatu honen muina. Horregatik aukera ederra iruditu zitzaigun aktoreak eta panpinak elkartzea irudikatzeko nola mututu ditugun gure agureen nahiak, desioak zein beharrak etekin ekonomikoaren karietara.

Eszenatokia biluzi eta ia atrezzorik gabekoan antzezten dituzte Bonbon Beltzekoek Urtxin Urdin izeneko erresidentziako pasadizoak. Planteamendu eszenografikoa bat dator salatu nahi den prekaritatearekin. Hasieran proposamen eszeniko xumea izango zen ustekoak ginen, baina narrazioak aurrera egin ahala, gero eta osatuago eta anbiziotsuago den pieza baten aurrean geundela argi zegoen. Gainera, aktoreek, aldika, langileen pertsonaiak gorpuztu zein txotxongiloak manipulatzen dituzte beltzez jantzita publikoaren begien bistan.

Erresidentziako beharginak lanez gainezka daudenenez, urduritasuna airean dago: bidean dagoen osasun inspekzioak ontzat emango du bertako zaintza? Horregatik, lan kezkak eta frustrazioak langileen kolektiboan. Zaharrek, hitz gabekoak izan arren, primeran adierazten digute zer gertatzen zaien dantza saioetan, bainatzeko orduan, soinketa eta abarretan. Emanaldia hunkigarria suertatu zaio ikusle askori eta eskertzekoak dira, prestatu nahi duten festaren aitzakian, umore eta musikaz blaituriko uneak. Tonua ez da garratza, baina bai sentsazio gazi-gozoa uzten dutenetakoa. Horretan ere asmatu du Bonbon Beltz-ek. Horretan eta «zaintza erdigunera» aldarrikatzen dugun garaietan, adinduen arta hizpidea oholtzara ekartzen sentiberatasun handiz, fineziaz, garrasirik gabe baina irmoki.

'GURE XAHARRAK'

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.