Souleymane Gineatik iritsi da Parisera. Ez du paperik, eta, bizikletaz lan egiten duen banatzaile gisa aritzeko, Emmanuel izeneko gizon baten kontua erabiltzen du, eta bere irabazien zati handi bat hari eman. Egun guztia igarotzen du bizikleta gainean, entrega orduak betetzeko korrika, sakelakoko aplikazioaren etengabeko abisuen menpe, eta noizean behin hiriaren beste aldera joan behar izaten du, Emmanuelengana, aplikazioak egiten dituen egiaztapen aleatorioei erantzuteko.
Souleymanek aterpeetan egiten du lo, hiriaren kanpoaldean, eta antzekoan dauden beste batzuekin egiten du topo. Bi egun barru OFPRArekin du elkarrizketa, errefuxiatu eta herrigabeak babesteko lan egiten duen bulegoarekin, eta Barry izeneko gizonari ordaindu dio prozesuarekin laguntzeko. Horretaz gain, beharrezko dokumentazioa ordaindu behar du, eta, beraz, ahalik eta banaketa gehien egiten saiatuko da, trafikoari, eguraldiari eta istripu arriskuei aurre eginez.
Boris Lojkine zinemagileak 2014. urtean estreinatu zuen bere lehen film luzea: Hope. Hartan, Europara iritsi nahi duen Nigeria eta Kamerungo bikote baten bidaia kontatu zuen frantsesak. Cannesko Kritikaren Astean aurkeztu zen filma, eta sari ugari jaso zituen hainbat jaialditan. Protagonistek Europako argiak aurrean ikustearekin bat amaitzen zenez istorioa, ondoren gertatzen zenari buruz galdetu diote Lojkineri urteetan zehar. L'histoire de Souleymane ez da film haren bigarren zatia; hala ere, protagonistak Parisera iristeko antzeko bidaia bat egin behar izan zuela imajina daiteke. Zinemagile frantsesak ez zuen Parisen filmatzeko intentziorik, munduaren ertzetan grabatzea gustatzen baitzaio, baina bizikleta gainean lan egiten duen banatzaile batek erreminta zinematografiko bikaina ematen zion etengabe mugimenduan dagoen pertsona baten energia irudikatzeko. Banatzaile ugari elkarrizketatu ondoren, askok bizileku baimena lortzeko lan egiten dutela ohartu zen; lan egiteko, ordea, paper horiek behar dituzte, eta, beraz, Souleymanek bezala kontu bat alokatzen dute.
Erritmoz beteriko atzerako kontaketa bat eraman du pantailara Boris Lojkinek. Souleymaneren alboa utzi gabe, gizonaren ezinegonak kutsatuko ditu irudiak, eta, oso kontakizun fisikoa bada ere, zinemagile frantsesak (Delphine Agut gidoilariarekin batera) protagonistaren alderdi psikologikoa zehaztasunez lantzen du. Gaizkilerik ez dagoen kontakizun batean, prekaritateak bultzatuta erabakiak (onak eta txarrak) hartzen dituzten pertsonaiei enpatiaz begiratzen die filmak, arazo beraren alde ezberdinak direla azalduz.
'l'histoire de souleymane'
Zuzendaria: Boris Lojkine. Gidoilariak: Boris Lojkine, Delphine Agut. Aktoreak: Abou Sangare, Nina Meurisse, Younoussa Diallo.
Argazkia: Tristan Galand.
Generoa: drama.
Urtea: 2024. Iraupena: 92 min. Herrialdea: Frantzia. Estreinaldia: apirilaren 30ean estreinatuko da Hegoaldean.
Beste estreinaldi batzuk

'LA BUENA LETRA'
Zuzendaria: Celia Rico Clavellino. Gidoilaria: Celia Rico Clavellino. Eleberria:Rafael Chirbes. Aktoreak: Loreto Mauleon, Enric Auquer, Roger Casamajor. Argazkia: Sara Gallego. Generoa: drama. Urtea: 2025. Iraupena: 110 min. Herrialdea: Espainia.
Valentziako herri batean, gerraostean, Ana bere familiarekin aurrera egiten saiatzen ari da; Espainiako gerrak zauri sakona ireki die guztiei, batez ere Antonio koinatuari. Ana zauri hori sendatzen saiatuko da, baina, Antonioren emazte Isabel azaltzen denean, Anaren arretak eta zaintzek gutxiago balioko dute.
'Lord of Misrule'
Zuzendaria: William Brent Bell. Gidoilaria: Tom de Ville. Aktoreak: Tuppence Middleton, Ralph Ineson, Matt Stokoe. Argazkia: Simon Rowling. Generoa: terrorea. Urtea: 2023. Iraupena: 104 min. Herrialdea: Erresuma Batua.
Rebecca erreberendoa, haren senarra eta alaba herri txiki batera joango dira bizitzera. Urteko uztaren ospakizunean, ordea, haurra desagertu egingo da. Hura bilatzeko lanetan, ordea, komunitatearen historia iluna azaleratuko da. Bilaketak aurrera egin ahala, geroz eta sekretu gehiago azaleratuko dira, eta Rebeccak erabaki beharko du zenbat sakrifikatzeko prest dagoen alaba patu ilun eta krudel batetik erreskatatzeko.
'September Says'
Zuzendaria: Ariane Labed. Gidoilaria: Ariane Labed. Eleberria: Daisy Johnson. Aktoreak: Mia Tharia, Pascale Kann, Rakhee Thakrar. Argazkia: Balthazar Lab. Urtea: 2024. Iraupena: 100 min. Herrialdea: Irlanda.
Elkarrengandik bereizezinak diren baina mentalitate kontrajarriak dituzten bi ahizpak lotura berezia dute, harreman toxiko baten mugakoa. Irlandako kostaldean amarekin oporretan daudela, ahizpetako bati sexuarekiko interesa piztuko zaio, eta bi nesken arteko batasuna hausten hasiko da.