Musika

Habia: musika herrikoiaren berrinterpretazioa lurrontzien arrailduretan barna

Herri kantuak musikatu ditu Habia taldeak 'Omen' diskoan. Hari tresnez gain, lurrontzi batzuetan eman sentsoreak ere baliatu dituzte. Martxoaren 20an presentatuko dute lana, Miarritzeko Atabal aretoan.

Elena Haira eta Maia Iribarne, otsailaren 25ean, Donibane Garazin. GUILLAUME FAUVEAU
Elena Haira eta Maia Iribarne, otsailaren 25ean, Donibane Garazin. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
2026ko martxoaren 12a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Gure musika tresnak torratu ditugu, eta torratzearen kontzeptutik jin zitzaigun lurrontziekin aritzeko ideia». Habia taldea aditzen duenak badaki muga musikalak eta artistikoak gaindituko dituen obra hautemanen duela, eta horren froga da Maia Iribarne biolin jotzailearen azalpena. Lagunarte konpainiaren proiektua da taldea, eta musika herrikoiari ukitu garaikidea eman zioten 2021ean Animalia naiz eta diskoa atera zutelarik. Hari bera hartu dute haien bigarren diskoa ontzeko, Omen, eta torratzearen kontzeptua lehen diskoan baino urrunago eraman dute oraingoan, lurrontzi batzuetan sentsoreak eman baitituzte, horietarik soinua ateratzeko. 11 piezaz osatu diskoa egin dute Iribarne eta Maiana Agerre biolin joleek, Amaia Hiriart txelo joleak eta Elena Haira biola joleak. 

Iribarnek kontatu duenez, teoria arkeo-akustiko batetarik dator lurrontzien erabilpena. Haren arabera, ontzien arraildurak entzuteko tresna existitzen balitz, posible litzateke ontzia ekoizteko denboran haren inguruan izan ziren soinuak aditzea. Teoria «harrigarri» horretatik abiatu ziren, beraz, diskoa eraikitzeko. «Lurrontzietara heldu baino lehen, etxeko objektu anitzekin entseatu izan gara soinuak ateratzen. Animalia naiz eta diskoan ere, Emazteen fabore kantuan burdinazko katilu bat baliatu genuen torratzearen jokoa eraikitzeko». Hairak ostatu du lagunaren azalpena: «Diskoaren ideia da ari garela ontzien arraildurei soinua ateratzen, hainbat garaitako testu musikatuez». 

Horiek horrela, Habiako lau kideak dira ontzien barne arraildurak irakurtzen dituzten «makinak», eta leitzen duten ontzi zirrikitu bakoitza musikatzen duten testu bat litzateke, Iribarneren erranetan. «Ontziaren historia osoa erakusten digute barneko arraildurek, eta, beraz, guk ere funtsean kantugintzaren historia jorratu nahi dugu, arraildurak irakurri ahala». 

Ahozko tradizioa, argitara

Ahoz transmititu bortz kantu musikatu dituzte. Egile ezezaguneko kantuak dira, eta bertzeak bertze, Jean Duvoisinek bildu eta ondotik Txomin Artola eta Amaia Zubiriak kantatu Intxauzpeko alaba dendaria landu dute. Resurreccion Maria Azkuek jaso Enuen iten banuen iten eta Ontzi bat egin da kantuak ere ageri dira diskoan. 

Bernat Etxepareren Emazteen fabore baldin bazen aitzineko diskoko testu «nagusietarik bat», aldi honetan Milia Lasturkoren eresia da diskoko kantu nabarmenetarikoa. Esteban Garibaik bildu hil kantua oso-osorik musikatu du Habiak, soka tresnez akonpainaturik. «Zer ete da andra erdiaren zauria?/ sagar errea, eta ardao gorria/ alabaia, kontrario da Milia/ azpian lur hotza gainean harria».

«Ontziaren historia osoa erakusten digute barneko arraildurek, eta, beraz, guk ere funtsean kantugintzaren historia jorratu nahi dugu, arraildurak irakurri ahala»

MAIA IRIBARNEBiolin jolea eta kantaria

Hairaren arabera, testuak zaharrak izan arren, oihartzun egiten diote egungo jokalekuari. «Musika herrikoiaren berrinterpretazioa egiten dugu gure heinean. Lehen diskoaren segipena da oraingoa: testu zahar eta anonimo horiek musikatzean ohartu gara gaurkotasunari biziki lotuak gelditzen direla. Gerla, maitasuna eta heriotza aipatzen dituzte: funtsean, egungo gizartea da».

Hain zuzen ere, Begiak ilunik kantutik erranaldi batzuk hartu dituzte Doi-doia kantua egiteko. Iribarnek kontatu du lehena XVIII. mendekoa izan arren bigarrena sortzeko tenorean Palestinako genozidioarekin lotura egitea erabaki dutela. «Doi-doia gerlari buruzko kantua da, eta zuzenekoan Palestinaren aldeko aldarriak botatzen ditugu. Begiak ilunik testuko erranaldi batzuk baliatzen ditugu egungo aldarrietara egokituz». 

Testu garaikideagoak ere landu ditu Habiak. Bertzeak bertze, Bitoriano Gandiagaren Baina ezin kanta ageri da azkenik, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poemarekin nahasirik. «Nire aitaren etxea/ defendituko dut/ otsoen kontra/ sikatearen kontra/ lukurreriaren kontra/ justiziaren kontra/ defendituko dut/ nire aitaren etxea./ Kanta behar nuke bai/ baina ezin kanta/ poza baizait hain falta/ ta samina sobra/ ta samina sobra/ galtzen ikusten baitut/ herriaren ondra». Bertzalde, Beñat Sarasolaren Kaxa huts bat eta Kepa Akixo Zigor poetaren Sorgin igandeak ere musikatu dituzte. 

Mugak «gainditu» 

Lagunarte konpainiako Krisof Hiriart zuzendari artistikoarekin ondu dute diskoa, Garage residence dispositiboaren barne ziren lau egonaldi eginez. Hairaren erranetan, zuzeneko emanaldia diskoa grabatu ondotik prestatu ordez, zuzenekoak egin bitartean grabatu dute. «Hamar bat kontzertu egin ditugu orotara. Egia da ez dela ohikoa diskoa grabatu aitzin kontzertuak egitea, baina zuzenekoak aberastu du grabaketa. Kontzertuz kontzertu etengabeko aldaketak egin ditugu, eta horiek ekarri nahi izan ditugu grabaketara». 

Iribarneren arabera, desafio «anitz» eman ditu disko berriak. Lehen hiru ziren taldean, eta orain lau; eta gainera, soinuari dagokionez instrumentuekin batera lurrontziekin aritzeko erronka gehitu zaiela zehaztu du. «Gure tresnez gain, ontziak ditugu, eta horien gainean sentsore elektroniko batzuk. Beraz, soinu teknikaria bosgarren musikaria bezalakoa da kontzertuetan. Desafio berri anitz-anitz gehitzen dizkigu, eta hori lantzen ari gara». 

«Egia da ez dela ohikoa diskoa grabatu aitzin kontzertuak egitea, baina zuzenekoak aberastu du grabaketa. Kontzertuz kontzertu etengabeko aldaketak egin ditugu, eta horiek ekarri nahi izan ditugu grabaketara»

ELENA HAIRA Biola jolea

Lehen diskoari konparaturik oholtza gaineko jarrera ere aldatu dela nabarmendu dute Hairak eta Iribarnek. «Jarririk ginen azken diskoan. Orain, aldiz, jarrera zinez landu behar izan dugu, eta gure presentzia aldatu: gure mugak gainditzen ditugu etengabe». Habia «ikasketa laborategi bat» dela ere gehitu dute. «Aldi oro pusatuak gara desafioak gainditzera. Ikasketa prozesuan gaude etengabe, esperimentazio giro batean, eta beti urrunago joateko gogoz». 

Bihar entzungai izanen da diskoa audio plataformetan —Spotifyn salbu—. Gainera, martxoaren 20an presentatuko dute diskoa, Atabal aretoan, Miarritzen (Lapurdi). Iribarnek segurtatu duenez, Habiaren kontzertua baino lehen Oihan Indartek bere bakarkako emanaldi berria presentatuko du, «tradizioaren pisua» galdezkatzeko. Martzelina izenez arituko da, hori baita haren drag pertsonaia. Iribarne: «Berantetsiak gara gure kontzertua baino lehen Martzelinaren emanaldia ikusteko: segur da bikaina izanen dela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA