Adinez helduagoak direnek, sarritan, honelako iruzkinak egiten dizkiete gazteei: «Gazte hauek ez dakite zertan ari diren», «non ote dute burua?», «bi aldiz pentsatuko balute...». Baina heldu horiek ez dira oroitzen eurak ere gazte izan zirela noizbait, eta eurak ere ibili izan zirela gauzak ahalik eta ondoen egin nahian. Hain zuzen, afera hori hartu du abiapuntutzat Eneritz Artetxe antzerkigileak Argia obra idazteko —lanaren zuzendaria eta aktoreetako bat ere bada—. Bihar estreinatuko dute obra, 19:00etan, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian (Bizkaia).
Hiru emakume dira antzezlanaren protagonistak, bakoitza belaunaldi batekoa: Argia —Artetxek berak antzeztua—, Maddi (Tania Fornieles) eta Nile (Sara Etxebarria). Argia krisian dago: irakaslea da, baina lana utzi nahi du, eta idazle izateko ametsa bete. Argiaren gune segurua etxea da, bertan gotortzen baita idazteko. Maiz joaten da Nile etxe horretara, Argiaren iloba nerabea. Bere adinarekin lotutako kezkak ditu buruan: ikasketak, gorputza, maitasun kontuak... Maddi da obrako hirugarren pertsonaia, Argiaren maitalea —hura baino urte batzuk gazteagoa—. Hiru emakumeek elkarren arteko bizikidetza eta norbere adinari lotutako aferak erakutsiko dituzte taula gainean. «Belaunaldi desberdinetako emakumeen arteko zaintza istorio bat da», azaldu du egileak.
Argiaren etxea ia-ia antzezlaneko beste pertsonaietako bat da; «dena igarotzen da leku horretatik», azaldu du Artetxek. Kanpoko bizimodutik babesteko leku bat da: «Nire iloba babes psikologikoaren bila etortzen da. Nik babesa ematen diot, baina berak ere ematen dit babesa», gaineratu du aktoreak. Piezak iraun bitartean, pertsonaiek kanpoko deiak eta mezuak entzungo dituzte etxe barrutik, eta, besteak beste, gaur egungo gizartearen abiaduraren erakusgarri izango dira elementu horiek. «Kanpoan beste mundu bat dagoela erakutsi nahi izan dut horrela».
Gazte izatea
Zuzendariaren hitzetan, Maddik eta Nilek gaur egun gazte izatea «zeinen konplexua den» erakusten dute. Presio ugari jasaten dute: ikasketena, presio estetikoa... Arazo horien harira batek eta besteak hartutako jarrerek ez dute zerikusirik, pertsonaia oso desberdinak baitira testuinguruari eta izaerari dagokienez, Artetxek esplikatu duenez. «Ulerkortasunez erakutsi nahi izan ditut. Bi pertsonaia bakarrik erakutsi ditut, baina nire nahia izan da bizitzeko mila modu daudela erakustea».
«Ematen du edo pentsarazi nahi izan digute gauza askok banatzen gaituztela adin bera ez izateagatik bakarrik»
ENERITZ ARTETXEAntzerkigilea
Antzerkiaz gain, beste zenbait diziplina ere nahasten dira Argia-n; ikus-entzunezkoak, adibidez. Animazioa beste irudi batzuekin uztartzen duten lan laburrak ikusi ahal izango dira. «Ez dira jendea kokatzeko tresna hutsa», azaldu du antzerkigileak, eta pieza horien kalitatea azpimarratu du; Aitor Gametxok ondu ditu, eta «obrako laugarren aktorearen parekoak izan dira» Artetxerentzat. Dantza da oholtza gainean egongo den beste diziplinetako bat. Izan ere, Nile dantzaria da, eta dantza egiteko leku baten bila joaten da izebaren etxera. Azkenik, literatura ere badu antzezlanak, Argiak, idazle izan nahi duenez, bere testuak irakurtzen baititu emanaldian. Artetxerentzat diziplina guztiek dute harremana, artearen balioaz kontziente baita: «Antzezlana nolabaiteko aldarrikapen bat da, 'artea behar dugu' esateko».
Balio horren jakitun zen aktorea lehendik ere, baina pandemia garaian beste pisu bat hartu zuen harentzat. Nerabeei antzerki eskolak ematen aritu zen garai hartan, eta bertatik bertara ikusi ahal izan zuen zeinen egoera kaskarrean zeuden: «Apurtuta ikusi nituen. Klasera joan, eta inprobisatzen hasten ginen, eta islatzen zuten psikologikoki oso kaltetuta zeudela».Hala, ikusi zuen artea irtenbide bat zela haientzat, inprobisatzen, abestiak sortzen eta ipuinak idazten hasi baitziren horietako asko, barruan zuten hori ateratzeko asmoz. Artetxek garai hartan ikusi zuen gazteak «hainbatetan kriminalizatzen» zituztela, baina ohartu zen ezagutu zituen eskoletako ikasleak irudi horren guztiz kontrakoak zirela. «Ez da posible», pentsatu zuen, eta hala sortu zen Argia-ren lehen zirriborroa.

Gazteen aurkako jarrera horiek belaunaldien arteko banaketa areagotu besterik ez dutela egiten uste du Artetxek: «Ematen du edo pentsarazi nahi izan digute gauza askok banatzen gaituztela adin bera ez izateagatik bakarrik». Hain zuzen ere, banaketa horri aurre egin nahi dio antzezlanak, elkar zaintzeko beharra dagoela erakutsi nahi baitu. Eta beharra ez ezik, elkar zaintzeko nahia ere badagoela iruditzen zaio antzerkigileari. Antzerki topaketa feministetan egon zen duela hilabete batzuk, Garaion Sorgingunean (Ozeta, Araba), eta ideia hau jaso zuen: «Gazteek ere jakin nahi dute helduek zer pentsatzen duten. 25 bat urteko jendeak zioen: 'Jakin nahi dugu nola bizi izan dituzuen gauzak, zer zailtasun izan dituzuen'».
«Goxo»
Obraren zuzendaria pozik dago obra sortzeko egin duten prozesuarekin: «Oso goxo joan da». Eta, dioenez, horretan eragin handia izan dute Fornielesek eta Etxebarriak. Lehenarekin aurrez lan egindakoa zen, eta Maddiren pertsonaia idazten ari zela, hark antzeztu behar zuela izan zuen buruan une oro: «Dramatismorako oso gaitasun polita dauka». Etxebarriarekin, aldiz, lehenengoz aritu da lanean; beste kide batek eman zion haren berri.
Jada finkatuta dauzkate Argia-ren emanaldi batzuk, 2027ko martxotik aurrera, baina Artetxek azaldu du prest daudela gehiago lotzeko. Emanaldien informazio guztia Dxusturi konpainiaren webgunean dago eskuragarri.