Hainbat euskal sortzailek eremu frankofonoko hamabost jaialdi zein egitasmotan parte hartuko dute

Frantzia, Okzitania, Belgika eta Quebeceko kultur egitasmoetan izango dira euskal artistak. Besteak beste, June Crespo Lyongo Biurtekoan izango da, eta Damaris Pan artistak sormen egonaldi bat egingo du Bordelen.

Sortzaileak eta erakundeetako ordezkariak, Miarritzen, gaurko aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU
Sortzaileak eta erakundeetako ordezkariak, Miarritzen, gaurko aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU
Amaia Jimenez Larrea.
2026ko martxoaren 30a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugak gainditzea, eta euskal kultura zabaltzea. Horiexek dira Etxepare Euskal Institutuak hainbat eragilerekin batera iaz martxan jarritako Ça colle au basque egitasmoaren helburuetako bi. Izan ere, «euskal kultur ekosistemarentzat aukera berriak» sortzeko asmoz abiatu zuten, lau urteko epea hartuta. Proiektu horri esker, besteak beste, hainbat diziplinatako euskal sortzaileei aukera emango diete euren lanak eremu frankofonoetan —Frantzian, Okzitanian, Belgikan eta Quebecen— aurkezteko. Iazko martxoan abiatu zuten ekinaldia, eta, lehen urtea pasatuta, aurten aurrera eramango dituzten proiektuen eta elkarlanen berri eman dute gaur, Miarritzen (Lapurdi) egindako prentsaurrekoan.

Ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kulturako eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, bai eta aurten proiektuan parte hartuko duten sortzaileetako batzuk ere, hala nola Deabru Beltzak, Harrobi Dantza Bertikala eta Osa + Mujika konpainiak, Asier Altuna zinemagilea, Uharte zentroa, ADDE dantzarien elkartea, Musika Bulegoa eta Bonat-Helleu museoa.

Orotara 30 kultur eragilek bat egin dute  Ça colle au basque egitasmoarekin; hamazazpi frankofoniaren eremukoak dira, eta hamahiru Euskal Herrikoak. Euskal sortzaileek Frantzia, Okzitania, Belgika eta Quebeceko hamabost jaialdi zein programaziotan parte hartzeko aukera izango dute. Antolatzaileen esanetan, erakunde eta eragileekin «lankidetza marko egonkorrak garatzea» lortuko dute hala.

Musika, artea eta beste

Artearen eremuan, June Crespo artistak aukera izango du Lyongo Biurtekoan parte hartzeko. Bi sormen egonaldi ere sustatuko dituzte, eta horietako bat Damaris Panek egingo du, Bordeleko (Okzitania) Zebra3 arte garaikideko zentroan. Bigarren deialdia dantzaren arlorako izango da —hautaketa ez dute egin oraindik—. Bestalde, musikari dagokionez, bi euskal artistak M pour Montreal jaialdian parte hartzeko aukera izango dute.

Arte eszenikoak lantzen dituzten euskal konpainiek presentzia berezia izango dute Alesen (Okzitania) egiten den Cratere Surfaces festibalean. Izan ere, Euskal Herria izendatu dute jaialdiko ohorezko gonbidatu. Zinemari dagokionez, Quebec Hiriko Zinema Jaialdian, besteak beste, hainbat euskal ekoizpen aurkeztuko dituzte.

Bestalde, euskal literatura frantsesera itzuli eta argitaratzeko deialdia ireki dute aurten ere. Iaz lau lan itzuli zituzten, eta horietako bi aurten aterako dituzte merkatura: Itxaro Bordaren Euri zitalari esker, eta Karmele Jaioren Aitaren etxea.

Alor akademikoan, honakoak dira euskal ikasketak eskainiko dituzten unibertsitateak: Sorbona eta Sorbona Berria, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea, Bordeleko Montaigne eta Montrealgo McGill. Azken bietan euskal ikasketen katedrak indartu dituzte aurtengo aldirako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA