Benito Lertxundi ohoratuko duen emanaldi bat estreinatuko dute Getxofolk jaialdian

Irailaren 14an estreinatuko dute ‘Hunkidura kuttunak’ izeneko ikuskizuna, eta, besteak beste, Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester eta Mirua taldea batuko ditu oholtzan. Arkaitz Hormaetxek eta Jon Maiak zuzendu dute lana.

Benito Lertxundi musikaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Benito Lertxundi musikaria. MAIALEN ANDRES / FOKU
Inigo Astiz
2025eko ekainaren 13a
12:52
Entzun 00:00:0000:00:00

Irailaren 14an amaituko da aurtengo Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia, eta Benito Lertxundiri egindako keinu batekin itxi nahi izan dute programa. Haren ibilbidea oinarri hartuko duen ikuskizun bat sortu dute horretarako. Dantza eta musika ez ezik, bestelako arte diziplina batzuk ere baliatuko dituzte emanaldia sortzeko, eta hainbat euskal musikarik hartuko dute parte. Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester eta Mirua taldeko kideak izango dira artista horietako batzuk. Baga Biga etxeak ekoitzi du ikuskizuna, eta Arkaitz Hormaetxe eta Jon Maia aritu dira zuzendaritza artistikoan.

Hunkidura kuttunak deitu dute emanaldia. Lertxundik berak bere ibilbideko hainbat abesti biltzen zituzten diskoak izendatzeko baliatu zuen titulu hori 1990eko hamarkadan, eta, iragarri dutenez, Lertxundiren ibilbide osoko abestiak bilduko ditu Getxon (Bizkaia) estreinatuko duten emanaldiak ere. Hedabideei bidalitako oharrean esan dutenez, ondorengo lelo hau ere izango du saioak: Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin. Eta, zehaztu dutenez, emanaldiak «bidaia emozional» batera eramango du ikus-entzulea, «Lertxundiren kantuen bidez Euskal Herriko kulturaren, historiaren eta sentimenduen paisaian murgilduz».

Oi lur abestiarekin hasi asmo dute saioa, eta Euskal pizkundea kantarekin amaitu.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatutako Oi lur, oi lur abestiaren bertsioa.

Erabakia aurrez hartua bazuen ere, Lertxundik iazko azaroan eman zuen publikoki zuzeneko emanaldiak eteteko erabakiaren berri. Geroztik, hainbat elkarrizketa, omenaldi eta keinu egin dizkiote euskal kulturgileek eta musikariek. Iazko Durangoko Azokako amaierako ekitaldian, esaterako, hamaika euskal kantari batu ziren Landako gunean, haren abestiak elkarrekin kantatzeko eta Lertxundik egindako lana gogoratzeko. Eta, omenaldi multzo horren segidan, emanaldi esanguratsua izango da Getxokoa ere.

Lertxundiren oniritziarekin

Lertxundik berak iaz eman zion oniritzia proiektuari, eta lantaldeak hilabeteak daramatza lanean. Oholtzan zortzi musikarik parte hartuko dutela ere iragarri dute, bai eta haietako bost gizonezkoak eta hiru emakumezkoak izango direla zehaztu ere. Beren interpretazioekin Lertxundiren abestiak «gaurkotu» eta «berpiztu» egingo dituztela ere esan dute.

Musika izango da ardatz nagusia, beraz, baina, horretaz gainera, dantza, bertsolaritza eta marrazkia ere uztartuko ditu emanaldiak. Kukai dantza konpainiak ere saioan parte hartuko duela iragarri dute, esaterako, eta «euren estilo garaikide eta sustraituaren bidez ikuskizunari mugimendu poetikoa ta indar eszenikoa» emango diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.