Hamabi konpainiak hartuko dute parte aurten Titirijaian, ohi baino askoz gutxiagok

Hego Amerikatik etorritako txotxongilo taldeek presentzia nabarmena izango dute Tolosako jaialdian

Antolatzaileak eta babesleak, txotxongiloekin. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Tolosa
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Titirijai nazioarteko txotxongilo jaialdiak 30 urte beteko ditu aurten, eta, antolatzaileak urteurrena betetzeaz pozik agertu badira ere, onartu dute ezin izan dutela gustatuko litzaiekeen jaialdia antolatu. Izan ere, aurten,12 konpainiak baino ez dute parte hartuko —beste urte batzuetan 20 edo 25 konpainia izan dira—eta helduen saila eta txikienentzako saila bertan behera utzi behar izan dituzte. Antolatzaileetariko batek nabarmendu duenez, «kulturarentzatgarai txarra da, krisiaren aitzakiapean oso gogorki zigortu baitute». Era berean, kultur arloari dagozkion diru laguntzak izugarri murriztu direla salatu nahi izan du. Hori dela eta, «gizarte makalago, bidegabeago eta berekoiago bateranzko bidea hartuko dugu», haren ustetan, «kulturak sentsibilitatea, pentsamendua eta komunikazioa lantzen laguntzen baitu».

Tolosako Udala da salbuespena. Ibai Iriarte alkateak argi utzi du ez dutela diru laguntza murriztu, eta ez daukatela horretarako asmorik ere. Dena dela, nabarmendu du Tolosa herri bat dela eta, ondorioz, ez daukala modu autonomoan horrelako jaialdiei eusteko ahalmenik. Aurten jakin da Tolosako eta Donostiako udalek elkarlanean aurkeztutako proposamena onartua izan dela 2016ko Munduko Txotxongiloen Kongresu eta Jaialdia antolatzeko. 30 urteko lanaren aitorpena da hau, Iriarteren aburuz. «Izan ere, kultura ongizate kapitala da, etxebizitza eskubidea, lan duina izateko eskubidea eta elikadura osasuntsua izatea bezainbat».

Aurten, konpainia hegoamerikarren presentzia nabarmena izango dute. Jaialdiko zuzendari Migel Arretxeren ustez, «hango eta hemengo produkzioen arteko elkarreragina eta konparaketa oso aberasgarria suerta dakiguke». XX. mendeko migrazio mugimenduak jarri ditu harreman horren abiapuntutzat.

620 konpainiak hartu dute parte Titirijaiaren 30 urteko ibilbidean. Aurten Angeles de Trapo konpainia uruguaiarra, Manicomio de Muñecos kolonbiarra, Teatro de la Plaza brasildarra eta Bihar Txotxongilo Taldea euskal herritarra izango dira, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.