Egun osoko azken mustraka orokorra egin zuten igandean Zalgizeko plazan (Zuberoa). Goizean barrikadekin hasi eta eguerdian herritarrekin bazkaldu ondoan, maskaradak eman zituzten herritarren aitzinean. Primaderaraino iraunen duten maskaraden aitzin, dastari munduko egoera salatzeko zantzuak ageri zaizkio. Ofizialki igandean hasiko dira, Ozazen (Zuberoa), eta haien bidea Mendikotan finituko da (Zuberoa), apirilaren 25ean. Orain artio ez zuten salatu zer herri kurrituko zituzten eta zer egunetan, baina jada jakinarazi dute Zuberoako hamabortz herritan ibiliko direla.
Aurten, Iruriko, Zalgizeko, Ozazeko eta Mendikotako gazte batzuk juntatu dira maskaraden antolatzeko. Duela zenbait urteko besta batean ukan zuten maskaradak elkarrekin antolatzeko ideia. Maika Arla buhame izanen da, eta, zehaztu duenez, lau herrietako lagun talde baten harremanaren ondorioz hasi zen ideia. «Ez bagenu batere-batere harremanik ukan gure artean, ez genukeen ideia hori ukanen». Hamabi kide inguruko antolatzaile taldea baturik, beraz, laguntzaile sare bat muntatu dute gazteek. Laguntzaile horiek dute, adibidez, kargu edo rol banaketa proposatu baina ez guziz finkatu, Arlaren arabera. «Iritzia eman digute, baina erranez guk dugula azken hitza».
Euskara erdigunean
Haitz Capot-Thornari kautera izanen da. Haren ustez, nahiz eta talde lan interesgarria izan, batzuetan zailtasunak ekarri ditu. «Denek hitza hartzen dugunez, bortxaz emekiago joaten da, menturaz, oro badakien norbait eta oro deliberatzen duen norbait badelarik baino. Baina gure taldean ez ginen batere prest horrela aritzeko, eta inportantea zen gure ikuspuntua ematea gauza bakoitzean».
«Denek hitza hartzen dugunez, bortxaz emekiago joaten da, menturaz, oro badakien norbait eta oro deliberatzen duen norbait badelarik baino. Baina gure taldean ez ginen batere prest horrela aritzeko»
HAITZ CAPOT-THORNARIÂ Kautera
Herriz herri emanen duten maskarada prestatzeko, Maika Etxekopar antzerkilariarekin kurtsoak hartu dituzte, taldeko kide guziek antzerkia «dastatzeko» parada ukan zezaten eta, azken finean, oinarri beretik hasteko. Bertzalde, antzerkiari lekua emateaz gain, euskara erdigunean ezarri nahi izan dute aurtengo maskaradetako sortze prozesuan. Euskaraz ez dakitenei dena transmititzeko, berriz, itzulpena baliatu dutela zehaztu dute antolatzaileek.Â
Hizkuntza erdigunean emanik, erasoen kontrako protokoloa ezarri dute maskarada emanen den herri orotan. Maider Arrosagarairen arabera —Kabana Handia—, erasorik baldin bada, izan maskaradan ari direnenak ala izan bertzeenak, plantan emaniko protokoloak erasoei erantzunen diela azpimarratu du. «Logikoa da guretako maskarada gune segur bat izatea».
MASKARADAK
- Urtarrilak 18. Ozaze.
- Urtarrilak 25. Ainharbe.
- Otsailak 1. LexantzĂ¼.Â
- Otsailak 8. Muskildi.
- Otsailak 14. Pagola.
- Otsailak 22. AltzĂ¼rĂ¼kĂ¼.
- Martxoak 1. Altzai.
- Martxoak 7. Maule.
- Martxoak 14. Idauze.
- Martxoak 21. Larraine.
- Martxoak 28. Aloze.
- Apirilak 5. SohĂ¼ta, Hoki.
- Apirilak 12. Gamere.
- Apirilak 18. Barkoxe.
- Apirilak 25. Mendikota.