Idazle oparoa da Han Kang (Gwangju, Hego Korea, 1970). 1995ean plazaratu zuen bere lehen liburua, eta, ordutik, askotariko idatziak plazaratu ditu; besteak beste, narrazioak, eleberriak, saiakerak eta poema liburuak. Hego Koreaz gaindi, 2016an egin zen ezagun Kang, Barazkijalea eleberriaren ingelesezko itzulpenak Nazioarteko Man Booker Saria erdietsi eta gero. Bestelako saririk ere jaso du liburu horrek, tartean Literaturako Nobela 2024an, eta, hala, sari hori eskuratutako lehen hegokorearra ez ezik, lehen asiarra ere izan zen idazlea. Hain zuzen, liburu hori bera itzuli du Gema L. Las Herasek, Zaitegi saria —urteko Nobel saridunaren lan bat euskaratzea xede duen beka— irabazi ondoren. AED elkartearekin eta Arrasateko Udalaren zein Laboral Kutxaren laguntzaz karrikaratu du Elkar argitaletxeak.
Eleberriak Yeonghye etxekoandre gaztearen istorioa kontatzen du. Bizimodu arrunta darama Yeonghyek, senarraren esanetara beti. Amesgaizto odoltsu eta beldurgarri batzuk izan eta gero, ordea, haragia jateari uzteko erabakia hartuko du, eta horrek, hutsala dirudien arren, izugarrizko krisia piztuko du, etxean lehenik, familian gero, eta inguru sozialean azkenik.
«Oso esanguratsua da Kangen kontatzeko modua, nobelako protagonista Yeonghye den arren hark ez daukalako ahots propiorik»
GEMA L. LAS HERAS Euskaratzailea
Eleberria hiru ataletan banatuta dago, eta bakoitzak pertsonaia baten ikuspegitik kontatzen du protagonistaren istorioa. Las Heras: «Oso esanguratsua da Kangen kontatzeko modua, nobelako protagonista Yeonghye den arren hark ez daukalako ahots propiorik». Irakurleak, hortaz, besteren begietatik eta juzguetatik osatu behar du protagonistaren irudia.
Lehen ataleko narratzailea Yeonghyeren senarra da. Euskaratzailearen hitzetan, «gizon berekoi, konformista eta azalekoa da». Ezin omen du inondik inora ulertu emaztearen bat-bateko aldaketa: «Onartezina iruditzen zaio emaztearen erabakia, desohore ikaragarria gainera. Familia ere tartean sartuko da, eta sekulako presioa egingo dio protagonistari iritzia alda dezan. Horrek eszena oso biolentoak eragingo ditu, tentsio fisiko eta psikologiko handikoak».
Bigarren atala koinatuaren begiradatik emana da. Bideo artista omen da. Yeonghyeren gorputzarekin obsesionatuko dela esan du Las Herasek: «Halako desira artistiko-sexual bat piztuko zaio koinatarengan, eta esplotatu egin nahiko du bai artistikoki, bai eta erotikoki ere. Lausotu egingo dira artearen, erotismoaren eta esplotazioaren arteko mugak».
Hirugarren ataleko ahots nagusia protagonistaren ahizparena da. Hark bertatik bertara ezagutuko du Yeonghyeren hondamendi fisiko eta mentala. Las Heras: «Hasierako erabakia muturrera eramango du, eta haragia ez ezik, animalia jatorriko edozer baztertuko du. Bere burua elikatzeari ere uko egingo dio». Azkenerako, «giza kondizioari eta munduko indarkeria guztiei ihes egitea, izaki begetal bilakatzea» izango da protagonistaren helburua.
Geruza ugari
Las Herasen aburuz, liburua ez da dieta jakin bati buruzko panfleto bat: «Niretzat gorputzaren kontrolari buruzko liburu bat da batez ere. Erakusten digu oso modu gordinean gizarteak nolako indarkeriaz tratatzen dituen eta nola patologizatzen dituen arautik ateratzen diren horiek». Horrez gain, «intimitatearen eta metamorfosiaren esplorazio erradikal bat» ere ikusi du itzultzaileak liburuaren lerroetan, eta Franz Kafkaren Metamorfosia nobelarekin alderatu du Barazkijalea: «Yeonghyeren kasuan transformazio horrek harreman zuzena du generoarekin, hemen emakumearen gorputza baita gudu zelaia. Era berean, transformazio hori askatasun ekintza bat ere bada».
«Eleberriak galdera ezeroso bat planteatzen du: zein da benetan eroa, haragia eta indarkeria oro baztertu nahi duen emakume hori, edo indarkeria hori normalizatzen duen gizartea?»
GEMA L. LAS HERAS Euskaratzailea
Bestalde, eleberrian aurki daitezkeen gai eta geruza ugariak hartu ditu hizpide Las Herasek, eta horien guztien artean eromenarena nabarmendu du: «Protagonista gaixo mentaltzat daukate. Baina eleberriak galdera ezeroso bat planteatzen du: zein da benetan eroa, haragia eta indarkeria oro baztertu nahi duen emakume hori, edo indarkeria hori normalizatzen duen gizartea?». Eromenari lotuta, bakardadea ageri da: «Zenbat eta gehiago urrundu arautik, orduan eta gehiago bakartuko dute protagonista».
Han Kangen prosa «soila» dela iritzi dio Las Herasek: «Bada hotza ere, beharbada, baina baita oso poetikoa eta lirikoa ere; eta bada onirikoa ere tarteka, ametsak errelatatzen dituelako». Esan du eszena «oso bisualak» dituela liburuak: «Entzun dut Han Kang artista bisuala dela idazlea baino gehiago, irudi edo eszena oso bereziak sortzen dituelako, oso gogoangarriak denak ere». Liburuaren indarra nabarmendu du oroz gainetik: «Zirraragarria da, ez edozeini gustatzeko modukoa, baina inor ez du hotz-epel utziko. Arrasto sakona uzten du».
Las Herasek bigarren Zaitegi saria du hau, 2023an ere berak irabazi baitzuen, Annie Ernaux-en Emakume izoztua euskaratzeko.
DATORREN URTEAN EZ DA ZAITEGI SARIRIK IZANGO
Han Kangen eta beste Nobel saridunen idazlan sarituak Zaitegi sariketari esker euskaratu izan dira orain arte. Elkar argitaletxeak eta Arrasateko AED elkarteak antolatzen dute urtero, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz. Joanmari Larrarte Elkar fundazioko komunikazio eta kultur arloko zuzendariak iragarri du datorren urtean ez dela halakorik izango: «Urtero bezala, sarituaren berri eman orduko, harremanetan jarri ginen Laszlo Krasznahorkairen agenteekin. Bi hilabete hauetan ez digute haren lana euskaratzeko eskubiderik eman nahi izan, eta beraz, ez da Zaitegi sariketarik izango».