Gorka Azkarate.

Hankak hotz, bihotza bero

2026ko urtarrilaren 31
22:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maddalen Artzallusek Xilaba txapelketaren hastapen garaia izan du aipagai bere amaierako agurrean, entzuleak erakartzeko orduko zailtasuna nabarmenduz, besteak beste. Donibane Lohizuneko Jai Alai frontoi beteari ez ezik, final aitzinekoetako zein lehenagoko faseetako saioek izandako harrerei erreparatu besterik ez dago, Xilabak izandako bilakaeraren tamainaz jabetzeko. Gauzak ondo egin diren seinale, gaur frontoian egiten zuen hotza gorabehera.

Bertsoaldi bakoitzean bere lekua kokatzen bete-betean asmatu du Maddi Ane Txoperenak, hasi eta buka. Une bakoitzean egiten ari zena kontzienteki egiten ari zeneko itxura eman du, hots, kolpe dirdiratsua emateko aukera izan du aldiro bertsoa zukutuz, eta bertso, nolabait esatearren, apalagoa, kantatzea egokitu zaion horietan tenpleari eutsiz. Buruz buruko bakarkakoan birraitatxiren DNA frogen harira botatako hiru bertsoen oihartzunak denbora beharko du Jai Alai frontoitik erabat desagertzen. Entzuleon oroimenetik, berriz, nekez desagertuko da. Merezitako txapela, koska bat gehiago bere bertso ibilbide emankorrean. Zorionak, Maddi Ane!

Maddalen Arzallus bigarren. Dena ondo egin du hendaiarrak, eta gertu izan du txapela, oso gertu. Bertsoren batean dirdira apur bat gehiago, agian, txapela janzteko falta izan zaion puntu eskukadatxoa batzeko. Nabarmentzekoak buruz buruko seiko motzean zein zortziko ttipian erakutsitako maisutasuna eta segidan ganbarakoan jarraitutako bidea, DNA frogek ordura arteko bere gurasoen alaba ez dela esan diotenaren larrutik. Izango dira aukera gehiago, Maddalen.    

Lehia estua izan da buruz burukoan sartzeko, eta Miren Artetxe guztion ahotan ibili da saio osoan zehar egiten ari zenari erreparatuz gero. Urte asko oholtza gainean, hamaika txapelketa bizkar gainean. Aurtengo Xilaban txapela janzteko hautagai sendoa zen, eta ez du urruti izan azken txanpa, berdinketa izan baita bera eta Arzallusen artean. Oso goitik abiatu du saioa, zortziko nagusian eta ttipian bertsoaldi bikainak onduz. Bakarkakoan helduleku sinesgarri bat aukeratu du, gaiarekin berarekin hari mutur finegiak lotua, agian.

Aitor Servier laugarren gaur, buruz burukoa behatz puntekin ukituz azkaindarra ere. Lehenbiziko finala. Oldarkor ohi bezala, bertso bakoitza azkena balitz bezala pasioz kantatuz, bere-beretik. Servierren bilakaera gaztetxo zenetik modu batera edo bestera jarraitu dugunok, betiko Aitor Servier ikusi dugu oholtza gainean. Ofizio bete-beteak baino bertsoaldi bakoitzean utzitako perlak gogoratuko ditugu bere jardunaren errepasoa egiten hasita. Ganbarakoan, militantzian aritutakoaren larrutik aritu da, eta mezua pixka bat borobiltzea falta izan zaio.  

Irantzu Idoaterentzat ere lehenbiziko finala izan da; erregulartasuna izan da saio guztian zehar bere ezaugarri nagusia, baina ez da estreinakoz halako plaza batean kantuan ari denaren txikitasunetik jardun, ezta gutxiago ere. Ofiziotan bideak irekitzen ez bazen, kantu kideak botatako harietatik tiraka aritu da uneoro, eta azken txanpan, ordurako saioan erabat sartuta, txaloak eta puntuak maila berean jaso dituen bakarkako eder bat oparitu digu.     

Finalean debutaria, modu berean, Elixabete Etxandi; izpurarra ausart aritu da bertsotan, eta sorgindu gaitu, sorgindu gaituenez, Auñamendietako ezein mendi kaskotan xorieri, errekari edo oihaneko zuhaitzeri mintzo denaren bere kantaera zerutiarrarekin. Behetik gorako saioa ondu du, eta bakarkako gogoangarri batekin borobildu arratsaldea, jarduera nagusi gisa armagintza duen euskal enpresa bateko langilearen azaletik kantuan. Ez da Txapelketa Nagusian ariko, baina iritsiko zaio hurrengo batean sari hori, ziur. 

Bejondeizuela.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA