Aurreko Zimiterioan erreferentzia egiten nien 1977ko punkaren iraultzak izan zituen motibazio eta zehar-kalteei: izpirituan eta praktikan, back to basics bat izan zen, jatorrizko rock-and-rollaren indarra eta amorrua berritzeko ahalegin bat, protesta sozial, politiko eta/edo estetiko gisa; zehar-kalteak 1970eko hamarkadan garatutako rock progresibo, jazz-rock eta gehiegikeria musikaletara emandako antzeko aldaera guztiak izan ziren. Bestalde, punkarekin batera, hortik sortu edo berrindartu ziren soinu zuzen eta gordinagoak gorpuztutako new wavea, power-popa, synth-popa, rockabillya eta post-punka, besteak beste. Baina, halako batean, rock progresiboari deitoratzen zitzaion handikeriarako jitea berriz ere hasi zen zangotxoa erakusten, 1980ko hamarkadaren erdialdean. Jira hori, ordea, ez zuten dinosauro zaharrek bultzatu, iraultzaren partaide gazte haietako batzuek baizik, konfirmatzen duena Winckelmann bezalako arte historialari zaharren intuizioa, hots, estilo artistiko guztiak pasatzen direla etapa berdinetatik: hasieran, sortzean, forma arkaikoa hartzen dute; hortik, etapa klasikoan, heldutasunera iritsiko lirateke; eta, ondoren, barrokokerian eroriko lirateke. Bada, horixe gertatu zen estadioetako epikara egokitu zirenean 77ko iraultzako sasikumeetako batzuk, kritikariek Big Music edo Big Sound deitu zutena sorraraziz. Bilakaera horretan beste mugarri batzuk hartu beharko lirateke aintzat, Erromantiko Berriena adibidez, eta alde batera utzi beharko ditugun izen potolo batzuk: inportanteena, ziurrenik, U2rena (noizbait bere atal propioa izango du hemen), baina baita The Alarm, Tears For Fears eta The Call bezalakoak edo Big Music-arekin hainbeste lotzen ez ditugun talde batzuen aldi jakin batzuk ere (Depeche Mode, Ultravox, edo Inxs-en LP batzuk, adibidez). Gaurko hiru hauek, edonola ere, ez didazue esango (onerako eta txarrerako) ikonikoak ez direnik…
BIG COUNTRY
'The Crossing' Mercury, 1983.
Disko hau, U2ren War-ekin batera, hanpatasun otxenteroaren abiapuntutzat har daiteke. Bonbazo bat izan zen, meritu ez txikia debut disko batentzat. Aurrehistoria zuen arren, noski: liderra, Stuart Adamson, Eskoziako punk oldarraldiko talde nagusienetako batetik zetorren, Skids, baina txiki geratzen ari zitzaiona gizonari. Beste hiru kide errekrutatu (Bruce Watson gitarra jolea, Tony Butler baxu jotzailea eta Mark Brzezicki bateria jolea), eta soinu epiko batekin probatzen hasi ziren, garai hartan boladan zeuden sintetizadoreetan baino, gitarretan oinarrituta… nahiz eta gitarra horiek pedal-efektuz ederki hornituta zetozen, batez ere gaita eskoziarrak imitatzen zutenak, ebow arku elektronikoaren erabilera nabarmenarekin batera (eta, batzuetan ahazten da, sekzio erritmiko ikaragarri eraginkorraz lagunduta). Ondorioa epikotasunez gainezka egiten zuten himnoez beteriko lan bat: Fields of Fire single arrakastatsua, In a Big Country, saltoka jartzen zaituen Harvest Home, Lost Patrol… nahiz eta bazeuden, orobat, une lasaiagoak, Chance balada delikatua, The Storm historizista-folkieagoa edo Porrohman itxiera luze-mesmerikoa bezala. LP biribil bat, garaiko nire kutunetako bat… baina metxa laburrekoa, tamalez: formula errepikatzea zaila zen, eta Big Countryk ez zuen lortu arrakasta hura berdintzea. Soinua rockeroago (tradizionalistago) bihurtu zuten, bete beharrezko disko akustikoa grabatu zuten, jatorrizko soinura itzultzen saiatu ziren, baina ezerk ez zuen funtzionatu. Adamson gaixoak, proiekzio faltak eta bestelako arazoek estututa, bere buruaz beste egin zuen 2001ean, eta taldea, kantari zenbaiten laguntzaz (tartean, The Alarmeko Mike Peters) eta barne-istilu ez gutxirekin, nostalgiaren zirkuituan eusten saiatu da orduz geroztik.
SIMPLE MINDS
'Sparkle in The Rain' Virgin, 1984.
Zer dute aurreko albumak eta honek amankomunean, eskoziar taldeenak izateaz gain? Produktorea, Steve Lillywhite, U2ren War-ena ere izan zena, eta, ondorioz, hanpatasunerako desplazamendu honen erantzuleetako bat izendatu behar duguna. Simple Minds, ordura arte, glam eta krautrock kutsuko post-punkaren eta elektronikaren artean mugitzen zen talde (oso) duin bat zen, burua altxatzen hasia zena New Gold DreamLParekin (1982), techno-pop azpigeneroaren gailurretako bat, baina talde masibo-komertziala izateko koxka bat eskas zuena oraindik. Gakoa, berriz ere, espantsibotasuna ustiatzean zetzan: Jim Kerr kantariaren ahotsari leku eta oihartzun gehiago eman, Charlie Burchill-en gitarraren protagonismoa azpimarratu, lehen hotzagoak ziren teklatuak bonbastikoagoak bihurtu, eta sekzio erritmikoa sendotu, hots, ponperiaren zerbitzura ipini. Jokaldia ondo atera zitzaien, Waterfront bezalako hiper-himnoek argi uzten duten bezala (eta horrekin batera Up on the Catwalk, The Kick Inside Me, Speed Your Love to Me-k”… are baladak diruditen abestiak, East at Easter adibidez, opera-areto erraldoiena betetzeko moduko ereserki bilakatzen dira): lehen mailara iritsi ziren, eta U2 gainditzea eta AEB konkistatzea taldearen erronka bihurtu ziren. Aurrerantzean, gehiegikeriarako jitea saihestezina izan zen: frogak, Don’t You (Forget About Me) enkarguzko singlea, eta, batez ere, Once Upon A Time albuma (1985), zeinetan Kerr eta Burchill baino ez baitziren geratu (zoritxarrez?) formazio zaharretik. Orduz geroztikoa ezaguna da: ezin izan zioten sekula U2ri bataila irabazi, eta festibaletarako epikotasun horretan hormatuta geratu dira, noizean behin zein afterpunk banda interesgarria izan ziren gogora dakartzaten zantzu batzuk eskapatzen bazaizkie ere.
THE WATERBOYS
'A Pagan Place' Ensign, 1984.
Oraintxe ohartu naiz gaurko aukeratu ditudan hiru diskoak eskoziarrenak direla: hango edateko uretan edo, ziurrago, whiskian jarriko duten esentzia braveheartzaleren baten ondorioz, akaso? Edonola ere, hemen eskoziartasuna Mike Scotti dagokio, taldeko kantari, lider, ekoizle eta kide finko bakarra, zenbait punk taldetan aritu ondoren, Londresera aldatu, hango musikariez inguratu eta The Waterboys sortu zuena. Lehen album bat grabatu zuten, homonimoa (1983), ez zena gehiegi nabarmendu. Soinua dezente zabaldu zuten hurrengoetan, piano gehiago, saxo (eta haize) gehiago eta koru gehiago sartuta, hala bigarren disko honetan nola, batez ere, hirugarrenean (This Is The Sea, 1985). Giro hartan espero izatekoa zen bezala, petatu zuten, eta agian batek baino gehiagok esango lidake, soinu handiaren erakusle bezala, This Is The Sea dela eredugarriago. Baina nik A Pagan Place dut nahiago, This Is The Sea-ko kanta izarrak, The Whole of the Moon-ek, pixka bat kargatzen nauelako; estiloari izena eman zion kanta, The Big Music, hemen dagoelako; gehiegikeria neurritsuagoa delako (entzun Rags indartsua, Church Not Made with Hands mistikoa, All The Things She Gave Me leuna), eta, batez ere, amaierako kanta biengatik: Red Army Blues suitea, SESBren II. Mundu Gerrako Armada Gorriko soldaduen gorazarre triste bezain sentitua (arrarotasun bat, Gerra Hotzaren garaian), eta LPari izenburua ematen dion A Pagan Place definitiboa. The Waterboysek, dena den, ponperian lokazteko arriskuari izkin egin zion jira erradikal bat emanez 4. diskoan, Fisherman’s Blues (1988), folk-rock zeltikoa besarkatu zuenean. Agian horrek salbatu zituen, hortik abiatuta, eta ohiko gorabeherekin, karrera sendo bat oinarritu dutelako, album dezente onak ematen jarraitu duena.