«Nire bizitzako istorio intimo bati buruzko film dokumental bat da, eta Hego Mendebaldeko landa giroko Txinan nire familiak nire queertasuna zuzentzeko erabilitako metodo mistikoak erakusten ditu». Aurkezpen ezin gardenago horrekin laburbiltzen du Hao Zhou zinemagileak Correct Me if I’m Wrong (Zuzendu nazazu, oker banago) film laburrak biltzen dituen familia harreman konplexu eta arantzaz beteak. Hogei minutu pasa ditu lanak, eta zinemagilea bera da protagonista. Haren «oparotasuna» nabarmendu du Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko epaimahaiak, eta horregatik eman diote jaialdiko sari nagusia. «Fabula samurra, ludikoa eta garratza da, lotzen dituzten familia loturei eta queer emantzipazioari buruzkoa». Gaur egingo dute jaialdiko itxiera ekitaldia, Bilboko Arriaga antzokian, eta publikoaren txaloaz gainera, 8.000 euroko saria ere jasoko du zuzendariak.
Ainhoa Ordoñezek zuzendutako Habana industrial filma ere saritu dute. Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia jaso du egileak, kasu horretan. Epaimahaiak argudiatu duenez, «Habanako gaua trantze hipnotiko bihurtzeagatik» eman diote saria, eta dantzaren «esperientzia askatzailea» jada ezer espero ez dutenen «desengainu politikoarekin» uztartu duelako bertan.
Ama hil zitzaionetik hamar urte bete zirenean abiatu zuen Geratzen den hori film dokumentala Aitor Gametxo zinemagileak. Haren ahotsa eta irudia lausotzen igartzen zituen, eta haren argazkiak eta oroitzapenak erreskatatzen saiatzeko ariketa egin zuen. Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia eman dio epaimahaiak lan horregatik. «Ama ez egoteagatiko dolua barru-barrutik gainditzen duen, eta indentitateari buruzko ekintza poetiko zirraragarri bihurtzen duen ikerketa ekintza bihurtzeagatik».
Carlo Galbiati zinemagile italiarraren Should Virtual Petz Die? filmak jaso du Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria, eta Maria Cristina Perez Gonzalezen Una vez en un cuerpo filmari aipamen berezia egin dio epaimahaiak.
Stefan Kruseren A reconnaissance filmak jaso du Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldi Saria. 2021eko apirilaren 30ean Frontexek Maldako uhartean Heron 1 izeneko drone militarrarekin egindako proba hegaldiaren ibilbidea jarraitzeko ahalegina biltzen du dokumentalak. Munduaren konplexutasuna irudikatzeko egindako esfortzua laudatu dio epaimahaiak egileari.
Pek Jia Hao eta Ang Jia Junen zinemagile singapurtarrek irabazi dute Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldi Saria. As If to Nothing lana nabarmendu du epaimahaiak zehazki. Eta Beo Sora zinemagilearen A very Straight Neck filmari aipamen berezia ere egin diote.
Zinebi Networking sariak
Bestetik, Mykyta Lyskoven Kyiv Cake filma hautatu dute EFA Sarietarako hautagai izateko, eta ondorengo filmek ere jaso dituzte sariak: Jenny Jokelaren Dollhouse Elephant (Fas Zineklub Saria), Johannes Gierlingerren Every Epoch Dreams the Next (Unicef Saria), Lara Izagirreren El regalo (EITBren Publikoaren Saria), Amaia Nerekan eta Itziar Zoritaren Cara de bicicleta (Gazte Epaimahaiaren Saria), eta Maren Zubeldia eta Silvina Guglielmottiren Ultramarino. (H)emen-Mirentxu Loiarte Saria jaso du azken horrek.
Zinebi Networking Zinema Dokumentalaren Bilboko Foro Profesionalak ere hiru sari eman ditu, bakoitza 10.000 eurokoa. Samuel Nacarren zuzendariaren Taranta filmak jaso du bata, David Aguilar Iñigoren Eltzegorra-k bestea, eta Mariu Benzoren De qué hablo cuando hablo de lipo lanak hirugarrena.