'Harriaren arima' proiektua taularatuko dute gaurtik larunbatera bitarte Egileorren

Panta Rhei konpainiak Paco San Miguel eskultorearen obra omentzeko egitasmoa aurkeztuko du lau egunez, artistaren tailerrean. Harria eta gorputza elkarrizketan jarriko dituzte, eskultura, antzerkia eta dantza uztartuta.

Harria, natura eta gorputza elkarrizketan jarriko dituzte Isinohana lorategi-museoan gaurtik larunbatera bitarte. PANTA RHEI-K UTZIA
Harria, natura eta gorputza elkarrizketan jarriko dituzte Isinohana lorategi-museoan gaurtik larunbatera bitarte. PANTA RHEI-K UTZIA
edurne begiristain
2026ko irailaren 9a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egileorreko (Araba) Isinohana lorategi-museoa aire zabaleko agertoki bihurtuko da gaurtik larunbatera bitarte. Panta Rhei antzerki konpainiak eta Paco San Miguel eskultore arabarrak Harriaren arima proiektua aurkeztuko dute bigarren urtez jarraian; eskultura, antzerkia eta dantza elkarrizketan jarriko dituzte, diziplinarteko ibilbide artistiko baten bitartez. Egunean saio bat egingo dute, 19:00etan hasita —lau denera—, eta ikusleek aukera izango dute eskulturen artean ibilbide performatibo bat egiteko, antzerkia, dantza garaikidea eta musika uztartuz.

Iaz aurkeztu zuten aurrenekoz egitasmoa, eta, harrera ona izan zuela ikusita, obra berriro taularatzea erabaki dute. Aurten proiektuak badu osagai berezirik: Isinohana lorategi-museoak berrogei urte bete ditu. 1986az geroztik, San Miguelek han  garatu du bere sorkuntza artistikoaren parterik handiena, eta harria izan du lanetako ardatz nagusietako bat. Haren obra da, hain zuzen, proiektuaren abiapuntu nagusia.

Panta Rhei-Harriaren arima
Harriaren arima piezaren irudi bat. PANTA RHEI-K UTZIA

Panta Rhei konpainiak diziplinak uztartuz eta belaunaldien arteko elkarlanean oinarrituz ondu zuen Harriaren arima, iaz. Azken urtebetean, proposamena garatu egin du, eta dantza eta antzerkia inguruarekin lotzen dituen sormen laborategi bat osatu. Gaurtik larunbatera bitarte, ikusleek ibilbide bat egingo dute talde txikitan, gehienez 80 laguneko saioetan. Eskulturen artean egindako zeharkaldian, piezek bestelako esanahia hartuko dute, antolatzaileek azaldu dutenez. Dramaturgiak, dantzak, soinuak eta argiztapenak bat egingo dute naturarekin eta harriarekin, eta obrak «memoriari, lurraldeari eta gizakien arteko harremanei buruz gogoeta egiteko» abiapuntu izango dira.

Ibilbidea ez da lorategian amaituko. Emanaldiaren ondoren, ikusleek aukera izango dute Isinohana nahieran bisitatzeko eta San Miguelek han duen tailerrean sartzeko. Artistak nola lan egiten duen, zer tresna dituen eta harriarekin zer harreman duen ikusteaz gain, haren ibilbideko artxiboa ere ezagutu ahal izango dute.

San Miguelen ibilbideari begira

Panta Rheik San Miguelen ibilbideari egindako omenaldi gisa aurkezten du lana. Arabako eskultore horrek 1970eko hamarkadaren amaieran ekin zion jardun artistikoari, eta natura eta tradizio mitologikoa izan ditu inspirazio iturri nagusietako batzuk. Autodidakta izan zen, eta, gerora, Italiako eta Jugoslavia ohiko arte eta lanbide eskoletan trebatu zen. Marmola, alabastroa eta harria erabiltzen ditu, eta berezko lengoaia artistikoa garatu du materialen inguruan.

Harriaren arima proiektuaren helburua zera da, haren obra gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatzea, dramaturgia, dantza, kantua, musika, argiztapena eta performancea uztartuta. «Lurraldearen eta nortasunaren arteko lotura, tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko harremana eta diziplinen arteko elkarrizketa ditu ardatz», azaldu dute antzerki konpainiakoek. Haien esanetan, «narratiba garaikide» bat osatu dute, euskal harriaren eta paisaiaren «arima» azaleratzea xede duena.

Gaurtik larunbatera bitarte oholtzaratuko duten piezan Mataroko (Katalunia) Dans Invitro konpainia gazteak eta Zaragozako Enaccion Danza taldeak ere parte hartuko dute. Askotariko belaunaldi eta lurraldeetako sortzaileekin elkarlanean arituz, proiektuaren alde komunitarioa indartu nahi dute, antolatzaileen hitzetan.

Ikuskizunerako sarrerak Panta Rhei konpainiaren webgunean eros daitezke.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA