Harryk, Hermionek eta Ronek, Arturo erregearen kondairan legez, ezpata botere berezidun baten bila abiatu beharko dute. Izan ere, Gryffindorren ezpatarekin bakarrik lortuko dute Lord Voldemorten arima gordetzen duten objektuak suntsitzea. Hala ere, Harry jakitun izan ez arren, bere patua umetatik dago idatzita, eta Hogwartsen sartu zenetik misio bat betetzeko hezia izan da. Iritsi da ordua. Hil edo bizi. Lord Voldemort edo Harry Potter.
Duela hamar urte jarri zioten Potterren irakurleek aurpegia azti gazteari. 12 urte zituen Daniel Radcliffe xaloak, baina hori iragana da jada. Ume hura gaztetxo bilakatzen ikusi dute, nerabe ororen zalantza eta desioak elkarrekin bizi izan dituzte, eta heldutasunaren erantzunkizunei aurre egiteko garaia ere batera heldu zaie. Izan ere, Potterren zale gehienak ume zirela harrapatu zituen Harry Potter eta sorgin harria eleberriak.
Behin pertsonaiak eta azti eskola ganoraz aurkeztuta, misterioa ekarri zuen Sirius Black pertsonaiak. Gero, Potter eta lagunei hormonak nahastu zitzaizkien, baina sentimenduak argitu aurretik ilundu zen Hogwartseko zerua, Lord Voldemort ezkutuan eskola bereganatzen hasia zela zurrumurrua zabaldu zenean.
Hala, iaz estreinatutako Harry Potter and the Deathly Hallows: Part I hartan, azken ekitaldirako giroa prestatu zuen David Yates zuzendariak, eta orain, sagako filmik ilunena, maltzurrena dakarkigu, erritmo bizian. Umekeriak iragana dira, erabakiak hartzeko tenorea da. Eta erabaki bat hartzean, beste bat baztertzen da, eta galerak izaten dira. Azkenak zaleak asebeteko al ditu? Malkoak espero dira. Pozak ala tristurak eraginak? Horixe da galdera.
'HARRY POTTER AND THE DEATHLY HALLOWS: PART II'
Zuzendaria: David Yates.
Aktoreak: Daniel Radcliffe, Emma Watson, Rupert Grint, Alan Rickman, Emma Thompson, Ralph Fiennes.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Iraupena: 130 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta ostiralean Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Harry Potterren azkena, zinez
Sailari zale guztiek espero duten aurrez aurrekoarekin emango diote amaiera: Potter versus Lord Voldemort
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu