Hasier Oleagak bakarka egindako lehen diskoa argitaratuko du

Broken Brothers Brass Band, Jeronimo Martin, Jorge Abadias eta Trakasen lanak aterako ditu Errabal zigiluak

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hasier Oleaga musikariak (Bilbo, 1979) Cantus Caterva diskoa argitaratuko du aurki, bere izenpean kaleratzen duen lehenengoa. Bateria jotzailea hainbat proiekturen parte izan da orain arte (Sant Pau 44, Nevermind Trio, Wachisneis) eta beste musikari batzuekin ere aritu da (Ruper Ordorika, Mikel Urdangarin, IƱaki Salvador). Oraingoan berak sortutako hamar kantu bildu ditu, eta hainbat musikarirekin grabatu ditu. Cantus Caterva Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Errabal jazz zigiluak kaleratuko du, eta Donostiako Jazzaldian aurkeztuko dute, uztailaren 22an, Trinitate plazan.

Errabalek beste lau disko argitaratuko ditu uda hasi bitartean. Juan den Diego tronpeta jotzaileak (Bilbo, 1968) gidatzen duen Trakas taldeak Erbestean diskoa aurkeztuko du, gitarra eta hammond organoarekin osatutako lana.

Jeronimo Martin pianista bilbotarrak, berriz, bigarren diskoa aurkeztuko du: Quinoa. Seikote batentzat idatzitako piezak dira eta jazzean dute abiapuntua, nahiz eta beste estilo batzuk ere jorratzen dituzten.

Jorge Abadias gitarristak ere ibilbide luzea egin du jazz alorrean, eta, besteak beste, Nevermind Trio eta Asier Arcilla Groupeko kide izan da. Haiekin diskoak ere grabatu ditu. Oraingoan berak konposatutako kantuak jasoko ditu disko batean.

Broken Brothers Brass Band 2006an sortu zen, tartean Amama Luisa Brass Band taldeko hainbat kide zituela, eta New Orleanseko musikan du jatorria. Betiere jai giroari begira, Broken Brothers Brass Banden emanaldietan funkak, gospelak eta jazz modernoak egiten dute bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.