Mende laurden pasa iragan da oholtza bat haren izenean lehenbiziko aldiz dardararazi zutenetik. Berriozarko pilotalekuan egin zuten, 1999ko abenduaren 25ean zehazki. «...hator hator neska mutil etxera!» zegoen idatzita sarrera txartel bakoitzaren goiko partean. Beheraxeago, kontzertu segida hasiko zuten ordua —«gaueko 9etatik aurrera»—, eta, koska bat beherago, sarreren prezioa; pezetatan, ezinbestean. Nafarroako Artxibo Nagusian inoiz gehien bisitatu den erakusketan ikusgai izan zen sarrera hori, 2024ko Rockanrolari, XX. mendeko nafar rocka bilduman, eta, neurri handi batean, hori bera ere bada festibalak izandako oihartzunaren erakusle. Euskal presoen aldeko Hatortxu Rock elkartasun eta musika festibalak Eguberri egun harexetan abiatu zuen bere bidea, aurten 26 urte. Orain, agur esateko garaia ailegatu zaio: bihar hasita, lau eguneko jaialdi batekin eginen dute azken dantza, Lakuntzan (Nafarroa). Dudarik balitz, ohartarazpena egin dute antolatzaileek: «Azken-azkena da, argi eta garbi». Eta, hortaz, azkena balitz bezala eta azkena delako, grinaz nahi dute beren aldarria ozendu; rockak hauspotuta, baina ez rockak bakarrik.
Festibalaren 30. aldiak itxiko du zikloa, zehazki. Antolatzaileek 2024ko ekainean iragarri zuten agurra, eta, hain justu, amaieraren berri ematearekin batera jakinarazi zituzten azken edizioaren datak eta kokalekua ere. Dena dela, Lakuntzan egiteak guztiz egiten du bat Hatortxu Rockek urteotan izandako ohiturarekin, bertan egin baitituzte aurrez uda partean antolatutako beste biak ere; 2009an eta 2017an, hurrenez hurren.
Gainerako 27 festibalak abenduan edo urtarrilean egin izan dituzte batik bat, Eguberrien bueltan sarri, eta, gehien-gehienetan, Atarrabian —2024ko abenduaren 28an agurtu zuten plaza hori—.
Ikusi gehiago
Edonola ere, izan neguan edo uda partean, eta antolatzaileek gogora ekarri dutenez, Hatortxu Rock asmo berarekin antolatu dute aldiro-aldiro: euskal preso politikoen, iheslarien eta deportatuen egoera salatzea eta presoen sakabanaketak zigortutako senideei elkartasun ekonomikoa ematea. Eta, hain zuzen ere, azken urteotan euskal presoen auzian izandako eboluzioak ekarri du Hatortxu Rocken bidea eteteko erabakia, besteak beste. Aipatzekoa da 2023ko otsailean Euskal Herriratu zituztela Espainiako kartzeletan gelditzen ziren azken bost preso politikoak.
Funtsean, agurra argudiatzeko garaian, antolatzaileek adierazi dute jokaleku politikoa diferentea dela egun, baina «zauriak» ez direla «itxi». Horregatik, nabarmendu dute «elkartasun forma berriei bide emateko» diotela agur.
Musika, bitartekari eta bozgorailu
Badute zer ospatua, edonola ere. Eta eginkizun hori betearazteko ere balioko du aste honetarako antolatutako musika jaialdiak. Hatortxu Rockeko kide Iker Isiegasek azaldu duenez, kide zein boluntarioak aspaldi ari dira «indar guztiak» horretan jarrita lanean, «ahaztezina izan dadin». Neguan egin izandako festibalen kontrastean, edizio honen prestaketa lanetan egin beharreko ahalegina «hamabost aldiz handiagoa» izan da, gutxi-asko. Iradoki duenez, Atarrabia dute ohiko «etxea», eta, bertan, engranajea olioztatua zuten jadanik. «Lakuntzako honetan, sentipena da zerotik hasi behar dugula; gauza askotan ikusten da argi. Adibidez, jaialdiaren zonara ura eramateko hodi kilometro mordoa prestatu behar izan ditugu», esplikatu du kideak.

Isiegas Hatortxu Rocken estreinako alditik da festibalaren parte, antolakuntzan, eta, edizioz edizio, programazioari loturiko lantaldean aritu da gehienbat. Ederki gogoan du 1999ko abenduko aldiko kartela: Su Ta Gar, Kashbad, Joxe Ripiau, Marea eta Drindots aritu ziren. «Ordurako ja nahiko eklektikoa zen Hatortxu», nabarmendu du. Harrezkero, dozenaka musika talde koordinatzea izan da haren lanetako bat. Baina ez da bakarrik aritu, eta gaur egun zazpi pertsonak osatzen dute talde hori. «Batzuek urte dezente daramatzagu, baina gazteagoak diren zenbait ere ari dira». Guztien artean erdietsi dute 30. aldiko egitaraua osatzea: 98 kontzertu lotu dituzte osotara.
Festibal bakarrean kasik ehun musika talde bildu izana ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. «Telefonoa gelditu gabe izan dugu deika eta joka!», aitortu du. Neurri handi batean, halakoxea da haren lantaldearen egitekoa. «Ideia bat mahaigaineratzen dugu, elkarren artean kontrastatu, eta deika hasten gara, kartela osatzeko».
Urteotan, dioenez, eztabaidaren bat ere izan dute nori deitu erabakitzeko, «ez baita erraza», baina oraingo honetan apenas izan den halakorik. «Neguko Hatortxun, 15-16 taldeko kartela osatu beharra dagoenean, orduan bai, izan dugu borroka bat edo beste [barreak]. Udan, berriz, hainbeste izanda...». Lau eguneko kartela osatu beharrak behintzat hori eman die abantailatzat: musika eskaintza ez dute molde hain estuan kabiarazi beharrik izan. «Eta ez pentsa, halere badugu penarik, baten bat kanpoan gelditu dela ikusita», onartu du Isiegasek, ezti.
«Aurretik Hatortxun izan diren talde gehienak Lakuntzara ekartzen saiatu gara, baina baita berriak gure artean izaten ere», argitu du Isiegasek. Lehenbiziko multzo horretakoak dira, esaterako, Su ta Gar, Soziedad Alkoholika, Reimy DJa eta Skabidean; «berriagoen» multzoan, berriz, hauek nabarmendu litezke: Sukena eta Barniz.
Azkenerako, antolatzaileak daude collage plurala lortu dutela aste honetarako. Besteak beste, hauek ariko dira festibaleko oholtzetan: Odei, Odolkiak Ordainetan, Sukena, The Lio, Olaia Inziarte, Tapia eta Leturia, La Txama Y Su Flakofonki, Maruxak, Non Servium, La Jodedera, Ana Tijoux, Delirium Tremens, Zetak, Dupla, Chuleria, Joder!, Fermin Balentzia, Burutik, Lendakaris Muertos eta Gatibu.
Isiegasek azpimarratu duenez, bere lantaldeko kideen artean ez ezik, Hatortxu Rockeko beste talde batzuekin ere kontrastatu dituzte musika taldeen zerrendak; Gune Seguru izeneko lantaldearekin, adibidez —protokolo feministaren arduradunak dira, besteak beste—. Eta eztabaidaren bat ere izan dute prozesuan, baina kartel honekin aurrera egitea erabaki dute azkenean.
OSTEGUNEKO EGITARAUA
Bost eszenatoki atondu dituzte ostegunetik igandera izanen diren emanaldietarako: Hator Hator, Etxera, Auzolana, Elkartasuna eta Herriye. Festibalaren webgunean dago ikusgai kontzertuetako bakoitza zeinetan eta zehazki zer ordutan izanen den. Hona hemen osteguneko —hilaren 24ko— kontzertuen ordutegia zerrendaturik:
18:00etan: Les Testarudes, Tapia eta Leturia, Ibil bedi.
19:05ean: Reincidentes, Naxker.
19:00ean: Zaunka.
20:10ean: Talco, Leihotikan.
21:00etan: Olaia Inziarte.
21:15ean: Soziedad Alkoholika, Burutik + Alaitz eta Maider.
22:30ean: Zea Mays, The Lio, Trikidantz.
23:35ean: Juantxo Skalari & La Rude B + Set Skalariak, Maskak.
00:40an: Skatu.
00:50ean: Lendakaris Muertos.
01:45ean: Nafarroa 1512.
01:55ean: Dupla.
02:50ean: Barniz.
03:00etan: Sofokaos.
03:55ean: Streetwise.
04:05ean: Maruxak.
05:00etan: Trapella DJa.
Hatortxu Rockek izenean berean du adierazia esentzian duen musika genero kutuna. Lehenbiziko edizioetan, bereziki nabarmena zen, hain zuzen, rocka eta musika herrikoia zirela nagusi karteletan, baina, urteen poderioz, mugak nabarmen laxatu dira. Euskal Herriko eszenan indarra hartu ahala kabiarazi dituzte beste genero batzuk ere, eta urteak dira askotarikoak direla festibalean: post-punka, ska, popa, rocka, rapa, Karibeko doinuak, reggaea, korridoak...; azkenaldiko kartelak nabarmen dira horren erakusle.
Hala eta guztiz, Isiegas sinetsita dago Hatortxuk hasiera-hasieratik duela hainbat estilo biltzeko joera. Aitorpena egin du, halere: «Igual ja ez ditugu hainbeste talde rock kañeroa egiten dutenak... horren kontura, sareetan-eta irakurri izan dugu erreakzioren edo graziaren bat noizbait». Dena dela, sareetan gertatzen direnei kasu handirik egin behar ez zaiela uste dutenetakoa dela iradoki du Isiegasek, eta sakonagora ere eraman du rockari buruzko gogoeta. «Rock adieraren esanahia oso zabala da, eta berritzat dauzkagun genero horiek ere ez dira urrun aterki horretatik».
«Igual ja ez ditugu hainbeste talde rock kañeroa egiten dutenak... baina 'rock' adieraren esanahia oso zabala da, eta berritzat dauzkagun genero horiek ere ez dira urrun aterki horretatik»
IKER ISIEGASHatortxu Rockeko kidea
Hilabeteotan, hainbat dositan eman dute azken edizioan kontzertua emanen duten taldeen berri. Are, iragan abenduaren 28an azken aurreko Hatortxu Rock egin eta biharamunean eman zuten lehenbiziko informazio kolpea antolatzaileek. Talde hauek iragarri zituzten: Bulego, Nogen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Betagarri eta Los Zopilotes Txirriaos —azken hori azkenean ez da arituko—. Ordutik, apurka joan dira baieztapenak argitara ematen.
Itzulerei erne
Talde batzuei dagokienez, berezi jokatu dute iragarpenetan, gainera. Izan ere, gaur egungo euskal musika eszenaren parte diren musika taldeak ez ezik, dagoeneko erretiratuak ziren eta propio azken Hatortxu Rockerako bueltatuko diren zenbait izen ere eman dituzte. Zehazki, hauek itzuliko dira: Autobus Magikoa, Alaitz eta Maider, Buitraker, Never Surrender, Latzen, Afu, Amaiur eta Skatu. Isiegasek oroitu du zerrenda bat egin zutela ordurako «desagertuta» zeuden taldeekin, eta haiekin bilerak egiten ahalegindu direla harrezkero. Gehienekin lortu dute hitz egitea; bueltatuaraztea, zortziokin. Eta antolatzaileak pozik eta «eskertuta» dira horrekin.
Ikusi gehiago
Gainera, joan den astean jakinarazi zuten Sune bakarlariaren kontzertuan Huntza proiektuan taldekide izandakoak ere oholtzaratuko direla —2024ko otsailean eman zuten taldea desegin aurreko azken kontzertua—; ondorioz, beste itzulera bat ere izanen da kontzertu horretan.
Jaialdiak musika taldeekin ehuntzen duen harremana ez da mugatzen kontzertuaren gainean lotu beharreko kontu logistikoetara. Izatez, joan den abenduan Hatortxu Rockeko Gune Segurua lantalde feministako Ainhoa Buenok eta Nerea Eugik BERRIAri kontatu gisara, musikariekin ere egiten dute festibalaren balioei buruzko lanketa. Hatortxu Rocken giro osasuntsu eta seguru bat bermatzeko bete beharreko baldintzetan jartzen dute arreta, batik bat.
Isiegasek, gainera, azkenaldian musika taldeekin jorratu duten beste alderdi bat nabarmendu du. Dioenez, haiekin izandako bileretan, bada gai bat «azpimarratua» eraman dutena: herri mugimenduarekiko atxikimenduarekin du ikustekoa. «Saiatu gara azkenaldian dugun inpresioa esplikatzen, ikusi baitugu oro har galtzen ari dela taldeen eta herri mugimenduaren arteko lotura», argitu du. Besteak beste, txosnez eta gaztetxeez ari da Isiegas. Susmoa du talde asko bestelako zirkuituetan aritzen direla batez ere, aretoetan eta enpresa handien esku dauden jaialdi eta egitasmoetan. «Eta uste dugu asko ez direla kontziente sortzen ari den arrakalaz. Askotan, amildegi bat dago», erantsi du.
Hain zuzen, beste joera batzuen kontrastean, Hatortxu Rock herri mugimenduari guztiz lotutako jaialdia dela iradoki du Isiegasek. Are, jaialdia Euskal Herrian «erreferentziazko» bihurtu ote den galdetuta, ziztuan erantzun du festibalaren inguruko auzolanagatik izan daitekeela eredu, batik bat. «Batez ere horretan nahi nuke izatea erreferentziazkoa». Dioenez, musikak badu inportantzia, baina ez da gailendu beharreko alderdia. «Musika munduan ere baldin bagara erreferente, oso ongi, baina batez ere elkartasunean nahi nuke nabarmentzea. Beste ezeren gainetik, guk elkartasun hitza jartzen dugu maiuskuletan».
