Hausnarketatik erakustokira

Eusko Jaurlaritzak sustatutako Eremuak programaren lehen erakusketa kolektiboa aurkeztu dute Artium museoan.Euskal arte esparruan orain egiten ari dena islatu nahi dute

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2014ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herrian testuinguru artistikoak hedatzeko asmoz jarri zen martxan, orain dela ia lau urte, Eremuak izeneko programa. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eskutik sortu zen, baina hasieratik praktika artistikoari buruzko eztabaida eta gogoeta zituen helburu, sortzaileen, komisarioen, erakundeen, eta, azken finean, publikoaren artean. Lau urteren buruan, bultzatzaileek uste dute beste urrats bat egiteko ordua iritsi dela, eta horretarako, lehen erakusketa kolektiboa prestatu dute, Gasteizko Artium arte garaikideko museoan ikusgai egongo dena.

«Ez da erakusketa tematikoa, ez autorekoa, ezta tesi bat ere», azaldu du Peio Agirrek, programa zuzentzen duen kide eta komisarioetako batek. Uneari eta tokiari lotutako proposamena izan nahi du. «Deialdi irekia egin dugu. Geure testuinguruan egiten diren proposamenen kartografia bat da, mapa moduko bat», zehaztu du Beatriz Herraez batzordeko beste ordezkari eta komisarioetako batek.

Momentua islatzeko ahalegin hori izenburuan ere islatu dute. First thought best (Lehen asmoa, onena) izena jarri diote, Arthur Russell musikari estatubatuarraren disko baten izenburutik hartutako ideia. Orainaldian gertatzen dena erakusteko gogoa da, azken batean. «Eginda dagoenaren eta oraindik egin ez denaren arteko artea da», laburbildu du Artiumeko zuzendariak, Daniel Castillejok.

Sortzaileen artean jakin-mina piztu zuen deialdiak berehala. Guztira, 116 proposamen jaso zituzten antolatzaileek. Ondoren, aukeraketa lan bati ekin zioten, eta, azkenean, hamasei artistaren lanak paratu dituzte Artiumeko ekialde-behe aretoan. 60, 70 eta 80ko hamarkadetan jaiotako artista multzoa da, jatorri, ibilbide, eta interes ezberdinak dituztenak biltzen dituena.

Ardatz orokorrak

Egile bakoitzak aukeratu du zein obra aurkeztu. Haatik, Peio Agirrek uste du erakustokian paratu den multzoan hainbat ardatz nagusi islatu direla. Nola edo hala, proposamen oso ezberdinetan presente daude kezkak eta gogoetak.

Naturaren presentzia nabarmena da. Zehatzago, usteltzen ari den natura eta paisaia. Loreen eta zaborraren arteko kontrastea behin baino gehiagotan agertzen da. Raul Dominguez, Josu Bilbao, eta Nerea de Diegoren artelanek zerikusia dute naturarekin. Beste ildo bat izan liteke gaur egungo gizartearen eta krisiaren egoera, Pablo Marteren Problemas de tipo griego (Greziar motako arazoak) izeneko lanean, esaterako.

Bideogintza lan ugari daude, era berean, hainbat ikuspuntutatik landuta. Ainara Elgoibarrek Tuterako Guardian Industries enpresaren jarduera grabatu du. Gerora etxe orratz korporatiboak eraikitzeko erabiliko den beira mota berezi bat egiten dute lantoki horretan. Jon Otamendik, berriz, Artiumeko bideozaintza irudiak erabili ditu erakusketa espazioei buruz aritzeko.

Kontsumo gizarte garaikidea, irudiaren funtzioa eta herri kultura hartu dituzte oinarri, berriz, Lorea Alfaro, June Crespo eta Ibai Baldesen lanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.