Zinema

Ekain Albitek Ikusmira Berriak programaren bidez garatuko du 'Akira', bere lehen film luzea

Albitek ez ezik Rod Llaveriasek, Ines Nunesek, Gala Hernandezek, Kavich Neangek eta Valeria Hofmannek hartuko dute parte Donostiako egonaldi programan. Inoizko lan gehien jaso dituzte aurten: 488 proposamen denera.

Ekain Albiteren 'Akira' filmeko irudi bat. IKUSMIRA BERRIAK
Ekain Albiteren 'Akira' filmeko irudi bat. IKUSMIRA BERRIAK
itziar ugarte irizar
2026ko urtarrilaren 23a
13:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bero itogarria, familia egituren esplorazioa, iragan industriala eta unibertso digitala. Horiek dira Ikusmira Berriak-en hamabigarren edizioan aukeratutako proposamenek lantzen dituzten zenbait auzi. Eta haiei heltzeko moduak, berriz, beldurrezko gotikoa, road movie-a, drama psikologikoa eta body horror deritzona, besteak beste. Ekain Albite, Rod Llaverias, Ines Nunes, Gala Hernandez Lopez, Kavich Neang eta Valeria Hofmannen proiektuak aukeratu dituzte aurten Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak bultzatzen duten egonaldi programarako, eta bat izan ezik beste guztiak zinemagileen lehen filmak izango dira. Horrek berresten du, antolatzaileen esanetan, Ikusmira Berriak-en «ikus-entzunezko ahots eta begirada berrien alde» egiten duten apustua.

Aukeratutako sei proiektuak kategoria diferentetan aukeratu dituzte. Euskal kategoriaren barruan hautatu dute, esaterako, Ekain Albiteren (Zumaia, Gipuzkoa, 1999) Akira lana. Negu hurbilak (2023) film kolektiboaren zuzendarietako bat da Albite, eta banakako bere lehen film luze honetan «road movie espektral bat» proposatu nahi du; protagonistak bi txatar biltzaile georgiar dira, Lemoizko zentral nuklearretik beren jaioterrira bidaiatzen dutenak. 

Elias Kerejeta Zinema Eskolako ikasleentzat gordetako egonaldi bat ere izaten du Ikusmira Berriak-ek, eta Ines Nunes zinemagileari (Tavira, Portugal, 1993) eman diote aurtengoa. Haren lan berriena —A solidao dos lagartos (2025)— Cannesko film laburren sail ofizialean estreinatu zen, eta The Spirit Healer is Away for the Weekend lan luzea ari da prestatzen orain. Bi neska ditu protagonista, Lisboako merkataritza gune batean babesten direnak. Nunes: «Leku horiek kontsolamendua ematen dute, eta kide garela sentiarazten digute, baina, aldi berean, gure antsietate sakonenak kapitalizatzen dituzten tranpen antzerakoak dira».

Zinemagile espainiarrei eskainitako kategorian, bestalde, Gala Hernandez Lopezen (Murtzia, 1993) Los animales magnéticos proposamenaren alde egin dute. Artista, zinemagile eta ikertzailea da Hernandez, eta haren La Mécanique des fluides lanak film labur dokumental onenaren Cesar saria irabazi zuen 2004an. Beldurrezko film gotiko bat du proiektu berria: Berlin garaikideko zientzalari baten eta XVIII. mende amaierako aristokrata frantziar baten istorioa kontatzen du; bi protagonistak amatasuna kudeatzen ari dira.

Rod Llaveriasen (New York, 1989) La Canícula, Valeria Hofmannen (Santiago, Txile, 1988) Daemon eta Kavich Neangen (Phnom Penh, Kanbodia, 1987) Chas Khouch Kment Ropus / Bad Man Good Boy film proiektuak dira aurten Ikusmira Berriak-en barruan garatuko diren beste hiru lanak. Llaveriasen obrak zaintza, dolua, traumak eta nortasuna ditu ardatz. Hofmannenak, berriz, sistema teknologikoaren ertzetan bizi diren bi lagunen kontakizuna. Neangen proposamena, azkenik, bi lagunen heldutasuneranzko jauziari buruzkoa da, eta egilearen bigarren film luzea. Aurrekoarekin, White Building estreinakoarekin, aktore onenaren Orizzonti saria jaso zuen Venezian, 2021ean.

Inoizko proposamen gehien: 488

Ikusmira Berriak-en hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta markak hautsi ditu. Inoiz baino proposamen gehiago jaso dituzte: 488 proiektu. Egonaldi programak orain arte utzitako bestelako datuak ere nabarmendu dituzte antolatzaileek, bestalde: 56 izan dira egonaldian garatutako proiektuak, 28 amaitutako filmak, 57 lortutako sariak, eta bertan izan diren proiektuek 353 jaialditan hartu dute parte. Bost izan dira 2025ean estreinatutako filmak ere: Diego Cespedesen La misteriosa mirada del flamenco, Gabriel Azorinen Anoche conquisté Tebas, Jaume Clareten Estrany Riu eta Irati Gorostidiren Aro berria.

Aurten ere, egonaldiak zortzi asteko iraupena izango du, bi alditan banatuta. Sei zinemagileak martxoaren 9tik apirilaren 19ra egongo dira Tabakaleran lanean —kasuan-kasuan aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute tarte horretan—; ekainean, egoiliar bakoitzak bere proiektua lantzen jarraitzeko laguntza ekonomiko bat jasoko du; eta irailean, egonaldiaren azken bi asteak igarotzeko itzuliko dira Donostiara. Zinemaldiaren datekin bat egingo dute azken bi aste horiek, eta aukera izango dute nork bere proiektua industriako profesionalei aurkezteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.