Literatura

«Hautsiaren ederra» aldarrikatzeko ausardia

Iban Garrok 'Euri beroak' olerki liburua eman du argitara. Hitzen azpian 36ko gerra garaiko gertaera ilun bat duela, denboraren bertikaltasuna bilatu du, tokian ainguratuta.

Iban Garro poeta, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Iban Garro poeta, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2025eko urriaren 28a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iban Garro Alzurik (Lesaka, Nafarroa, 1974) Blas de Otero – Angela Figueira nazioarteko poesia lehiaketa irabazi zuen iaz, eta haren ondorio da Euri beroak, Garroren bigarren poema liburua. Lehiaketa baten emaitza izan zen haren lehen olerki bilduma ere, Larrosa bat Groenlandian, Iruñea Hiria saria jaso izanari esker plazaratu baitzuen, 2023an. Erein argitaletxeko editore Inazio Mujika Iraolak lagunduta aurkeztu du gaur poetak bere liburu berria.

Olerki bildumako protagonistari begira jarriz gero, haren iraganeko hautsia izango litzateke euria, eta tantarik tanta datorkio begietara. Mujika Iraolak euriaren sinbolismoa hartu du hizpide Garroren liburuaren gaineko argibideak ematean: «Ez da giroaren kontu hutsa, bizitzaren ikurra da, garbitzearena, doluarena, eta finean, berritzearena». Liburuari darion «isiltasunaren poetika» txalotu du editoreak: «Hitzaren eta isiltasunaren artean aurkitzen duen orekan, esan gabekoak indar handia hartzen du». Mujika Iraolak elkarrizketa bat sumatu du ni poetikoaren eta ispiluaren artean. Nolanahi ere, «oso poema intimoak» iruditu zaizkio editoreari.

Garrok familiako pasarte ilun bat ipini du poema liburuaren sorburuan: «Duela gutxi jakin genuen, eta ez da ziurra, baina, antza denez, faxistek birraitatxiri amarrua jarri, eta Mendaurren  hil zuten, mendian gora zihoala, 1937an». Udaberrian izan omen zen, ekaitz gau batean. Hortik dator Euri beroak izenburua. «Euri lodi hori irudikatzen du», esan du Garrok.

Familiari helarazitako bertsio ofiziala beste bat izaki, jakin beharrak gaina hartu zion Garrori. Gertaeraren azpian dagoen egia, «egia poetikoa», bilatzen aritu da geroztik. Baina ez hala-hola: «Ez nuen iragana ekarri nahi gorputz bat balitz bezala. Orainetik kontatu nahi nuen, atzeko edo betiko begirada horretatik ihes egitearren, eta horretarako garrantzi handia hartu du tokiak». Garroren eguneroko lekuetatik abiatuz idatzita dago liburua. Kafetegietan aritzen omen da anitzetan, eta bertatik ikusten duena azaltzen du sarri: ostatua, bide ertza, kafea, leihoa, euri tantak kristalean, jendearen joan-etorria... «Errealitateko momentu horiek hagitz lagungarriak dira poemak idazteko orduan. Errealitate horretatik abiatzen naiz», azaldu du. Toki jakinek, hortaz, parada ematen diote poetari iragana eta oraina «denboraren bertikaltasunean» lotzeko. Eta, prozesu horretan, 36ko gerran galdutako birraitatxirekin konektatu du: «Esperientzia ederra izan da, ezagutu ez dudan pertsona batekin egon bainaiz, eta harekin hitz egin baitut. Erlazio edo hizketaldi poetiko bat izan da».

«Esperientzia ederra izan da, ezagutu ez dudan pertsona batekin egon bainaiz, eta harekin hitz egin baitut. Erlazio edo hizketaldi poetiko bat izan da»

IBAN GARRO Poeta

Emozio ugariren agerraldia ere bada liburua, Garrok esan duenez: «Beldurra, amorrua, onartu ezina, tarteka hitz gogorrak ere jarri behar nituen, norbait hiltzeko desioa, desio erreala, gibelera begiratzea, eta maitasuna. Batez ere, baldintzarik gabeko maitasuna».

Hizkuntza bizia

Garrok bertsolaritza izan du habia literatura baino lehen, eta ezagun du. Mujika Iraolak Garroren idazkeran aurkitutako ezaugarri mordo bat zerrendatu ditu zaletasun horren adierazgarri; besteak beste, hizkuntzaren erritmoa, erritmo pausatua baina musikatua, hitzaren jolasa, onomatopeiak eta erritmo errepikakorrak. Aipatu du, gainera, ahozkotasunak garrantzi handia hartzen duela Garroren olerkietan: «Erritmo ia hipnotiko batera eramaten zaitu. Euri beroak irakurtzea entzutea da. Ematen du kontatzen ari zaizula belarrira».

Bigarren poema liburu honetan, baina, Garrok ahalegina egin du inprobisazioak eta bertso idatziek eskaintzen dituzten baliabideetatik urruntzeko: «Aurreko liburuan ez ote nituen gehitxo erabili, eta oraingoan neurtzen aritu naiz. Errimak sartu ditut, baina ez beti amaieran, baita esaldi tarteetan ere, gustuko fonetika eta erritmoaren bila».

Oroz gainetik, musika nabarmendu du poetak; anitzetan izaten omen du lagungarri idazteko: «Olerkiari musika jartzea gustatzen zait. Eta lan honek badu abesti bat: hitzen hondoan dago. Horrek emozio batzuetara eramaten nau, eta duela ehun urteko gertaera bati begira jartzen lagundu dit».

Poemen estetikari dagokionez, «jarraitutasuna» izan du xede idazleak. Alde horretatik, olerkiak izenbururik gabe utzi ditu, eta, tarteka, hitz lauz idatzitako testu poetiko zuzenagoak ere egin. Garro: «Formatuak tartekatzea oso gustukoa izan dut, eta errazagoa egin dit geroko irakurketa».

Galderarik ere bada Euri beroak liburuaren barruan; besteak beste, zeri egiten dion ihesi jendeak. Alde horretatik, Mujika Iraolak pentsamendu existentzial baten zantzuak ere hartu dizkio olerki bildumari: «Norbere mugari buruzko galderak dakartza. Baina, gainera, hautsiaren edertasuna aldarrikatzeko ausardia izan du, norberaren hautsia onartzeko ausardia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.