Donostiako 71. Zinemaldia

Hayao Miyazakiren 'Kimitachi wa Do Ikiruka' filmak zabalduko du Donostiako Zinemaldia

Inaugurazio ekitaldiaren ondotik emanen dute filma; irailaren 22an, Kursaal auditoriumean. Hori izanen da film horren Europako aurrestreinaldia. Zinemaldiak laugarren aldiz hartuko du zinemagile japoniarraren lan bat jaialdian, baina aurten izanen da Sail Ofizialean estreinakoz. 

Hayao Miyazakiren azken filmaren estreinaldiaren biharamuneko irudia, Tokion. KIMIMASA MAYAMA, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko abuztuaren 17a
11:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Hezur-haragizko aktoreek ez, animaziozkoek inauguratuko dute aurten Donostiako Zinemaldia: Hayao Miyazaki (Tokio, 1941) zuzendari japoniarraren Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron filmak emanen dio hasiera jaialdiaren 71. aldiari. Festibala irailaren 22an abiatuko da, eta, hain justu ere, orduantxe emanen dute Miyazakiren lana, inaugurazio ekitaldiaren ondotik, Kursaal auditoriumean. Aldez aurretik, Zinemaldiak hiru aldiz eman du zuzendari horren filmen bat zikloan: 2002an, Chihiroren bidaia eman zuten; 2009an, Ponyo itsaslabarrean, eta 2013an, Kaze Tachinu / The Wind Rises. Ordea, Miyazaki aurten izanen da lehenbiziko aldiz Sail Ofizialean; filma lehiaketatik kanpo emanen dute.

Orain hilabete estreinatua da Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron filma, Japonian, baina Donostiakoa izanen da Europan emanen den aurreneko aldia. Izatez, Miyazakiren azken lana estreinaldi kanpaina aski bitxia ari da izaten. Japonian uztailaren 14an estreinatu izanagatik, ez da filmeko irudirik plazaratu, ez eta trailerrik argitaratu ere. Kartela baizik ez da zabaldu.

Misterioa gorde nahiak, baina, ez du batere apaldu filmaren gaineko ikusmina: kontrara, are eta gehiago piztu du. Izan ere, Miyazaki egungo animaziozko zinemaren erreferente nagusietako bat da, dudarik gabe. Chihiroren bidaia (2001) da haren lan ezagunenetako bat –Oscar saria irabazi zuen–, baina beste askok ere lortu dute aparteko arrakasta. 1985ean Isao Takahatarekin Studio Ghibli sortu, eta hainbat film zuzendu ditu ordutik, hala nola Tenku no Shiro Rapyuta / Castle in the Sky (1986), Tonari no Totoro / My Neighbor Totoro (Totoro auzokidea, 1988), Majo no TakkyÅ«bin / Kiki's Delivery Service (1989), Kurenai no Buta / Porco Rosso (1992) eta Mononoke-hime / Princess Mononoke (1997).

Donostiako Zinemaldiak iragarri duenez, irailaren 4tik aitzina erosten ahalko dira Miyazakiren azken lana ikusteko sarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.