Azken agurra Jean Haritxelarri

Hazi anitz erein zituen jakintsua eskertu dute

Jean Haritxelarrek hainbat eremutan izandako eragina, irekitako bideak eta antolatu egituretan egin lana goraipatu duteEuskaltzainburu ohiaren aldeko hileta bihar izanen da, Baigorrin, 16:00etan

Piarres Xarriton, Maite Idirin, Jokin Apalategi eta Txomin Peillen, atzo Baionan, Haritxelarren gorpua eduki zuten beilategian. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
«Arroka» bezain indartsuko gorputza, eta pentsamendua ere indar beretik, nahiz eta adina hor izan. Anitzek horrela gogoratzen dute Jean Haritxelar, 90 urteak aurten beterik. Hark berak ere, joan den apirilean, Sarako Idazleen Biltzarraren 30 urteen aurkezpenean gogoratu zuen nola Biltzarraren lehen edizio hartan 60 urte zituela, «jadanik» gehituz, irriak ezpainak marrazten zizkiola: «Beraz, ikusten duzue zein luzea izan den bizia...». Uste gabeetarik eritasunak hain laster harrapatu diona. Hiletak bihar izanen dira, Baigorriko elizan, 16:00etan.

BEÑAT OIHARTZABAL Euskaltzain eta Iker zentroko burua

«Ireki dituen egituretan segida izan da eta indartu dira; biziki kontent zen hori ikusirik»

«Bazuen ideia hori: gauzak behar zirela egituratu. Gauzak egiten direla sobera jende bati josiak eta orduan ez dutela irauten. Jende hori joatearekin desagertzen direla. Haritxelarrek ireki dituen egituretan gero izan da segida eta indartu dira, eta biziki kontent zen gauza hori ikusirik. Unibertsitateko irakasle bezala hasi zelarik, dena egiten zen Bordelen. Orain, unibertsitateko ziklo osoa egiteko ahala bada Baionan, eta hori berak zuen ireki, lehenbiziko bultzada hori egin zuen. Gauza bera ikerketetan. Orain bada hizkuntzalaritzarako Iker ikerketa zentro handia Baionan. Egitura horren lehenbiziko hazia Haritxelarrena izan zen. Eta horietaz gain, uste dut euskaldun guziak zordun gelditzen garela, oroz gainetik Euskaltzaindian egin duen lanagatik. 50 urte baino gehiago egona da hor».

MANEX PAGOLA Euskal Museoko lankidea

«Izpiritu laiko modernoa zen, gizatasunezko ezkerraren aldekoa»

«Baionako euskal museoan ezagutu dut 19 urtez. Berak 27 urte egin zituen hor, orotara. Biziki gizon antolatua zen. Efikazitatea xerkatzen zuen eta horren izenean zernahi gauza obratu du. Beti ari zen so egiten besteetan nola ari ziren. Lan metodoak biltzen zituen eta gero aplikatzen. Erran nezake izpiritu laiko modernoa zela ere, ezker demokratikokoa, gizatasunezko ezkerraren aldekoa. Hastean euskaltzale fierra bazen, gero, berehala konprenitu zuen —ez baitzen beti Euskal Herrian egona, kanpo ere bai luzaz— ez zuela itsutu behar, eta abertzaletasun berezi bat eraiki zuen bere baitan. Errespetatzen zituen denak, ez diot ele txar bat entzun nehoren kontra, zuzentasunari atxikia zen gain gainetik».

BETTI BIDART IK-ko preso ohi baigorriarra

«Arruizen ehorzketetara joan izana baliatu zuten Haritxelar herriko etxetik baztertzeko»

«1971n sartu zen Baigorriko herriko etxean, eta auzapez zela, 1980an, Txomin [Olhagarai] eta Ramuntxo [Arruiz] Baionako ospitalean hil zirelarik, Ramuntxoren ehorzketak egin ziren Baigorrin, eta Haritxelar ehorzketetara jin zen. Horrek ez zuen erran nahi Ramuntxoren borroka sostengatzen zuenik, baina herriko seme bat hil zela, bere lekua hor zela iruditu zitzaion. Baina batzuk baliatu zuten hori herriko etxetik baztertzeko. Kontseilu guztiak dimititu zuten Haritxelar bakarrik utziz eta ondoko egunetan honek dimititu zuen. Istorio horrek markatu zuen, baina bere hautua asumitu du gain gainetik, dudarik gabe».

ERRAMUN MARTIKORENA Kantaria

«Gizon umoretsua, mintza erraza, sinplea, eta jakitate handikoa zen»

«Baigorriko koralaren antolatzailea zela ezagutu nuen. Gizon umoretsua, mintza erretxa, sinplea, eta ber denboran jakitate handikoa zen. Berehala erranen zizun bai, ala ez. Eta hori preziatzen nuen anitz».

MARI JOSE OLAZIREGI Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordeko kidea

«Errekonozimendua lortu zuten Etxahunen metrikari buruz esandakoek»

«Etxahuni buruzko tesia erreferentzia izugarria izan zen guztiontzat. Azterketa akademikoa egin zuen. Eta errekonozimendu erabatekoa lortu zuten metrikari buruz esan zituenek. Gizon izugarri jakintsua zen arlo desberdinak. Eta bazeukan gaitasun bat gazteak erakartzekoa».

JEAN MICHEL GARAT Idazleen Biltzarreko arduradun nagusia

«Garaian euskal kulturan gehienik nabarmentzen zirenen artean zen»

«Duela 30 urte Sarako Idazleen Biltzarra sortu nahi izan nuelarik, kontaktatu nahi izan nuen lehen pertsona izan zen. Garaian euskal kulturan gehienik nabarmentzen zirenen artean, Eugene Goienetxe, Piarres Lafitte eta Jean Haritxelar ziren. Haritxelarrekin hasi nintzen. Banekien bere erantzunaren menpe zegoela biltzarraren sorrera. Eta segidan erran zidan ideia ona zela, parte hartuko zuela».

AIZPEA GOENAGA Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria

«Gure esker ona, besterik ez dugu egin zuen lan horregatik; guretzat eredu bat da»

«Bera izan zen aitzindarietako bat euskara mundura zabaltze horretan. Gure esker ona, besterik ez dugu egin zuen lan horregatik; guretzat eredu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.