Justu zeramikarekiko misio bat sentitzen duela esatera heldu aurreko momentuan egin du ñabardura, sentitzen duena «misio moduko bat» dela esateko. «Zeramikarekiko ardura bat», gehitu du gero. Izan ere, hitzak sortu aurreko momentua interesatzen zaiola dio Mar de Dios artistak (Barakaldo, Bizkaia, 1992), eta, lana bukatutakoan ere, tentuz aukeratzen ditu horregatik bere piezei buruz aritzeko erabiliko dituen hitzak ere. Euskal Herriko Unibertsitatean egin zituen arte ikasketak, Arterako eta Sorkuntzako Ikerketa Masterra ere egin zuen gero Madrilen, eta han ezagutu zuen geroztik bere jardun nagusi bilakatu dena, zeramika. Baina onartzen du ez dela beti erraza izan. «Gurea bezalako testuinguru batean zeramika lantzeak autoestimu falta moduko bat ere eragin izan dit», onartu du, «eta ziurgabetasuna ere sortzen dit batzuetan, hemen praktiken arabera osatutako hierarkia nahiko argi bat dagoelako».
Orain artean, besteak beste, Artium museoan, Gasteizko Montehermoson, Bilboko Carreras Mugica galerian, Londresko Filet Spacen eta Donostiako Tabakaleran egon dira ikusgai haren lanak, eta orain 2021etik gaur egunera arte zeramikagintzan egindako ibilbidea laburbiltzen duten lanen hautaketa bat du ikusgai Bilboko Rekalde aretoan. Hain justu ere, artelan horien artean eman ditu lan horiei buruzko azalpenak, betiere kontu hartuz, piezei buruzko diskurtsoak piezek diotena apal ez dezan. Apirilaren 14an hasi eta ekainaren 21era arte egongo da bertan bilduma, baina areto horretan ez ezik Bilboko Guggenheim museoko Lurraren arteak erakusketan ere egon dira haren lanak iazko abenduaren 5etik aurtengo maiatzaren 3ra arte, eta, hortaz, sei astez, aldi berean eta apenas 200 metroko ibilaldi batek bakarrik bereizita, bi erakusketatan egon dira haren lanak.
Ez da ohikoa izaten norbere bizitokian aldi berean bi erakusketa edukitzea. Zure lanaren ikuspegi zabalagoa erakusteko aukera emango zizun.
Bai, hori da. Edonola ere, Bilbon, eta zabalago Euskal Herrian, artea bultzatzeko laguntza eta beka instituzional asko ditugu, eta bertako artistoi gure lanak ikusarazteko aukera ematen digu horrek. Horregatik ez da hain arraroa Bizkaiko artista batek Bilbon bere lanekin osatutako erakusketa bat izatea, baina zailagoa izaten da Guggenheim museorako sarbidea, neurri batean ez delako aipatutako zirkuitu horren parte, eta oso pozik nago hor ere egon ahal izan naizelako.
Orain arteko lanik berrienak ziren Guggenheim museokoak, eta zure ibilbideari emandako begirada zabalagoa bildu duzu Rekalde aretoan.
Bost urte inguru daramatzat zeramikagintza lanak erakusten, eta egin nituen lehen piezetako batzuk daude hemen. Bilboko San Frantzisko auzoko Aldama Fabre galerian egin nuen nire lehen bakarkako erakusketa, 2021ean. Maiatzean izan zen, justu duela bost urte, eta Guggenheimeko piezak, berriz, 2025ekoak ziren; beraz, bi erakusketek lehen lanak eta azkenak batzen zituzten. Nire lanaren garapena ikusi ahal izateko panoramika moduko bat eskaini dit horrek.
«Bilbon, eta zabalago Euskal Herrian, artea bultzatzeko laguntza eta beka instituzional asko ditugu, eta bertako artistoi gure lanak ikusarazteko aukera ematen digu horrek»
Lurraren arteak deitzen zen Guggenheimeko museoko erakusketa, eta Orozkon bildutako buztinarekin sortutako pieza batzuk eraman zenituen. Bertako lurrarekin egindakoak, alegia. Ikusleak ez zuen hori ikusterik, baina kutsu kontzeptualago bat ematen zion horrek lanari. Akaso, hori izan da aldaketetako bat? Lanketa formalago batetik hasi eta lanketa kontzeptualago batera pasatzea?
Manuel Cirauqui izan zen Guggenheim museoko erakusketako komisarioa, eta hark gonbidatu ninduen bertan parte hartzera. Argi zuen lurrarekin eta ikuspegi ekologikoarekin lan egiten zuten artistak bildu nahi zituela, eta berak jaurti zidan bertako lurrak erabiltzeko ideia. Asko gustatu zitzaidan proposamena, aurrez ere denbora baineraman bertako lurrak lantzeko ideiarekin, eginda datozen produktuak erabili beharrean. Ikerketa lan bat da hori, eta niri, gainera, materialarekin sakonago konektatzeko aukera eman dit, ez soilik modu plastiko batean, baizik eta baita ia emozionalki ere. Lurra gehiago ulertzera eraman nau, haren faseak ezagutzera, eta haiek errespetatzera.

Zaila izan zen material hori lantzen asmatzea?
Maria Mudarrak lagundu zidan horretan. Zeramikagilea da bera ere, eta lagunak gara. Orozkon bizi da, eta han du bere tailerra, eta hori izan zen hango lurra aukeratzeko motibo nagusietako bat. Inguruko mendietan ibili ginen paseoan. Gainera, nik gogoa nuen nire piezetan kolorea lantzen jarraitzeko. Ez nion horri uko egin nahi. Baina hemengo lurrek gehienetan pigmentazio propio bat izaten dute, gorrixkak izaten dira, eta zaila da horiek erabilita beste kolore bat lortzea, lurra zenbat eta argiagoa izan errazagoa baita pigmentatzea. Eta ez da erraza hemen pigmentazio hori ez duen lurra topatzea.
Baina topatu zenuten.
Zorte handia izan genuen. Paseo horietako batean, bezperako ekaitzak lurrera botatako zuhaitz bat topatu genuen, eta buztin zuria zuen sustraietan. Pixka bat bildu genuen, ea benetan erabili genezakeen ikusteko, eta gero gehiagoren bila itzuli ginen. Eta hori da Guggenheimeko piezak sortzeko erabili genuen buztina.
Zorte kontua ere izan zen, beraz?
Zortea izan genuen, noski, baina, zortea izateko, martxan harrapatu behar zaitu.
«Bertako lurrekin lan egiteak aukera eman dit materialarekin sakonago konektatzeko, ez soilik modu plastiko batean, baizik eta baita ia emozionalki ere. Lurra gehiago ulertzera eraman nau, haren faseak ezagutzera, eta haiek errespetatzera»
Esperimentazio lan handia egiten duzu?
Zeramikak beti du hori. Lanaren erdia izango da laborategi lan hori, nahiz eta gero ez den ikusten.
Azalera nagusiki leuna eta forma batez ere geometrikoa zuten 2023an Ertibil sariketan saritu zizkizuten lanek, eta nabarmen gordinagoak dira Guggenheimen erakutsi dituzunak.
Organikoagoak.

Sentsazioa da, denborarekin, piezei euren burua azaleratzeko toki gehiago eman diezula. Hala da?
Bi gauza daude hor. Batetik, material aldaketa bat dago. Zeramikan bereizi egiten ditugulako alde batetik tenperatura baxuko materialak, 1.050 eta 1.100 gradu arteko labeetan egosten direnak, eta beste aldetik badaude tenperatura altuko materialak ere, 1.100 gradutik gora hasi eta 3.000 gradurainoko tartera iritsi daitezkeenak. Eta justu 2023an, Ertibil sariari esker, Japoniara joateko aukera izan nuen, eta mugarria izan zen hura niretzat, han hasi bainintzen tenperatura altuko materialak ezagutzen eta haiekin esperimentatzen, eta, gainera, material horiek lantzen ditut geroztik. Labea tresna modura erabiltzeko tarte handiagoa ematen dizute tenperatura altuko materialek, eta itxura organikoagoa lortzeko aukera ematen dizu horrek, burbuilekin, leherketa moduko horiekin eta besterekin. Tenperatura baxuko materialen erreakzioak errazago aurreikus daitezke, eta egonkorragoak dira. Eta, beraz, material aldaketa horretan dago aldaketa estetiko horren oinarria.
Baina, horrez gainera, bestetik, zeramikarekin hasi nintzenean, hasieratik ezarria nuen helmuga esan dezagun estetikoago baten bila joaten nintzen gehiago. Baina denborarekin bestelako harreman bat garatu dut materialarekin. Lehen erakusketa egin nuenerako, jadanik bost urte neramatzan zeramika lantzen, eta, beraz, orotara, hamar urte inguru daramatzat material bakar batean murgilduta, eta horrek aukera ematen du material hori alde formal eta teknikoaz harago ere ezagutzeko. Hortik dator materialari bere burua adieraz dezan uzteko asmoa. Urrats bat egin dut atzera, eta materialari berak nahi duena egin dezan uzten dion gidari moduko bat bihurtu naiz.
Eta nola jakiten duzu zer istripu edo bideri jarraitu?
Oso intuitiboa da, eta, era berean, zure lehentasun estetikoen araberakoa da. Eta zorte kontu bat ere bada, lehen esan dugun bezala.
«Zorionez, oso istripu gutxi izan ditut urteotan guztiotan, baina batzuetan istripu horiek edo akatsek ireki dizkidate lanerako bide berriak»
Zergatik?
Zorionez, oso istripu gutxi izan ditut urteotan guztiotan, baina batzuetan istripu horiek edo akatsek ireki dizkidate lanerako bide berriak. Gogoan dut, esaterako, bateraezinak zirenik jakin gabe nola nahastu nituen kimikoki bateraezinak ziren bi material, eta, labean, beroarekin, erreakzio kimiko horrek, teorikoki akats bat zenak, edo liburuan behintzat akats bat zenak, nola sortu zuen sorpresazko efektu estetiko bat, eta sorpresa hori esploratzen hasi ginen orduan: nola landu genezakeen eta nola kontrolatu zitekeen ikertzeko, tenperaturarekin, proportzioekin eta bestelakoekin.
Eta halakoengatik aukeratu duzu zeramika?
Gazte samar hasi nintzen zeramikarekin, 25 urte nituenean. Arte ikasketetan marrazketa eta pintura lantzen nituen gehienbat. Madrilen Arterako eta Sorkuntzarako Ikerketa Masterra egin nuenean izan nuen beste mugarri bat. Sorkuntza prozesuak niretzat gehiago dira gorputzarekin, instintuarekin eta tripekin lotutako zerbait, eta, aldiz, buru eta arrazoi gehiegikeria bat zegoela sentitzen nuen. Haustura bat ekarri zuen horrek, eta, mundu teoriko eta arrazional horretatik urrundu nahian, iruditu zitzaidan zeramika izan zitekeela horren kontrako bidea. Niretzat behintzat hala izan da.

Hain zuzen ere, Rekalde aretorako prestatu duzun orrian diozunez, ikuspegi horretatik hurbiltzen zara artera; «gorputza aurretik jarriz eta adimena atzean utziz, alde arrazionalak esku hartu eta hitzezko iritzi eta etiketetan disekzionatu aurretik».
Niretzat hori da artearen oinarria, bai. Eta kontraesanak sortzen ditu horrek, jarrera horrek etengabe egiten baitu talka arte garaikidearen eta munduaren aurka; azken batean, munduak etengabe eskatzen dizuna horixe baino ez baita, azalpen bat. Buruak beti nahi du zergati bat. Eta, artistok zergati horiek hitzez adierazi ahalko bagenitu, ez genukeen aurrez lan plastiko bat egiteko lanik hartuko. Lan plastiko bat hitzez azaltzea itzulpen ariketa bat da, eta itzulpenetan beti galtzen da zerbait, hizkuntza bakoitzak duen esentzia gisako bat.
«Sorkuntza prozesuak niretzat gehiago dira gorputzarekin, instintuarekin eta tripekin lotutako zerbait, eta, aldiz, buru eta arrazoi gehiegikeria bat zegoela sentitzen nuen»
Eta zer egiten duzu etengabeko azalpen eskari horiek ikusita? Izkin egiten diezu? Onartu egiten dituzu?
Onartu egiten duzu, noski, mundua oso diskurtsiboa delako.
Ez dago zama historiko, politiko eta sozialik gabeko diziplinarik, eta zeramikak ere badu berea. Orain artean errazago ikusi dira zeramika lanak museo etnografikoetan museo artistikoetan baino. Nola egiten diozu aurre horri?
Oraindik ere aurreiritzi historiko hori badu zeramikak, bai, artisautzarekin lotu izan dutelako gehiago. Baina, duela urte gutxi batzuetatik hona, arte garaikideari lotutako esferetan ere hasi dira zeramika arte garaikidetzat jotzen, eta aldaketa argia da hori. Baina bi aho ditu horrek niretzat.
Alde batetik, gurea bezalako arlo batean zeramika lantzeak autoestimu falta moduko bat ere eragin izan dit, eta ziurgabetasuna ere sortzen dit batzuetan, hemen praktiken arabera osatutako hierarkia nahiko argi bat dagoelako. Baina, beste aldetik, materialarekiko nolabaiteko misio moduko bat ere badut, eta ez nuke zeramikaren superwoman itxurarik eman nahi, baina bai aldarrikatzen dut zeramikarekiko ardura bat, eta nahiago nuke arte garaikidean horrek duen zilegitasuna zalantzan jartzeari utziko balitzaio.
Zure lanetan ez dago giza figurarik, eta, halere, beti dirudite gorputzari oso lotuak.
Izan daiteke eskala kontu bat. Hasierako piezetan, gainera, objektu funtzionalak izaten nituen abiapuntu, eta horiek desegituratuz joaten nintzen gero, baina ontzi itxurako forma batek beti iradokitzen du edukiontzi funtzioa, edo helduleku bat beti dagokio esku bati, eta, beraz, ba, tresna ezin da gorputzaz erabat askatu, hain zuzen ere, gorputzarentzat eginda dagoelako.
Eta urrundu egin zara orain funtzionaltasunaren oihartzun horretatik?
Neurri batean bai, baina ez dut uste behin betiko ezer denik. Baliteke hurrengo lanetan horra itzultzea.
«Ez dago definizio itxirik, baina, funtziotik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta gehiago izango da arte; horregatik, interesgarria iruditzen zait arte garaikideari lotutako erakunde batek buztinezko ontzi bat objektu artistikotzat onartzea»
Eta funtzionaltasun horrekin zer harreman duzu?
Ontzia ezin da zeramikatik erabat askatu. Badu zerbait primitiboa, antzinakoa. Gizakiak sortutako lehen objektua izan ez bazen, lehen objektuetako bat izan zen ziur. Eskuak elkartzeko keinuak ere [eskuak elkartzen ditu] ontzi bat irudikatzen du, eta, alde horretatik ere, artearen esferan, funtzionaltasunaren araberakoa izaten da objektu batek artearen alorrean izango duen onarpena. Ez dago definizio itxirik, baina, funtziotik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta gehiago izango da arte. Eta, niretzat, horregatik, interesgarria iruditzen zait arte garaikideari lotutako erakunde batek buztinezko ontzi bat objektu artistikotzat onartzea.
Erakusketa honetan bertan, adibidez, badira elkarren antzekoak diren hiru ontzi. Elkarren ondoan ia sekuentzia narratibo bat osatzen dute, eta irekiz doan arrautza moduko bat irudikatzen dute. Bilatu egin duzu narratibotasun hori?
Ez dut narratibotasunarekin lan egiten, baina errepikapena oso tresna emankorra da niretzat. Denis Martinez nire dantza garaikideko irakasleari ikasi nion hori, adibidez. Zerbait ikasten ari zarenean, zeure burua errepikatzea izaten da lehen beldurretako bat, ezer berririk ez topatzea eta trabatuta geratzea, eta egun batez zera esan zigun Martinezek: «Baliabiderik gabe geratzen zarenean, errepikapena baliabide bat da». Dantzari buruz esan zuen hori berak, eta, hori entzun nionean, nik jada baneramatzan urte batzuk zeramika lantzen, baina hori entzun nion arte, ez nintzen sekula ohartu nire eskultura lanetan zergatik jotzen nuen etengabe errepikapenera. Eta ez da nire sentsazioa bakarrik, beste hainbat artista lagunek ere horixe sentitzen baitute. Eta, batzuetan, artista batek beharrezkoa du errepikapena zer egiten ari den ohartu ahal izateko ere, eta, gainera, asko ikas daiteke lan batetik bestera egon diren aldaketa txikiei erreparatuz gero.
Zure lanez gainera, Angel Garraza artistaren pieza bat ere jarri duzu ikusgai Rekalde aretoko erakusketan. Zergatik?
Irakasle izan nuen EHUko Zeramika Masterrean, oso harreman ona izan genuen, eta, nolabait ere, bera egon da ordutik hona egin ditudan proiektu guztien itzalean ere, edozein traba egonez gero beti laguntzeko prest. Ez dago bakarrik aurrera egin dezakeen artistarik. Gainerako guztian bezala, noski. Eta laguntza hori guztia eskertzeko keinu bat izan da erakusketan elkarrekin egoteko gonbidapen hau.
