KRITIKA. Literatura

Herioren burrunba

Etxe bat Husviken
Irati Majuelo.
2026ko martxoaren 1a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

'Etxe bat Husaviken'

Idazlea: Uxue Juarez. Argitaletxea: Balea Zuria.

Uxue Juarez ibilbide luzeko idazlea da, hala ere, hau du euskaraz idatzitako lehen poesia liburua. Balea Zuria argitaletxearen eskutik, balea bi azalean, urpeko munduetara egin du bidaia; ez, ordea, arazo lurtarrei ez ikusiarena egiteko.

Honako esaldi honek ixten du liburua: «Suizidio batek errealitatea gainditzen duelako gauzen mugak itxuragabetu arte». Bihotza erauzterainoko heriotza bat, sakon-sakoneko mina, errealitatean mantentzeko ezintasuna. Horiei heltzeko osatu du Juarezek galeraren aldaera oro jaso nahi dituen hiztegia, eta harekin eraiki du urpeko mundua. Unibertso horretan, etengabe agertzen dira marea biziak, olatuen bortitza, itsas hondoko iluna eta ur abisalak; poematik poemara irakurlea laguntzen dute balea, itsas izar eta algek. Ekosistemak bat egiten du ahots poetikoaren ezinegon emozionalarekin, eta hala ageri da itsasoa zulo gisa, itsasoa besarkada gisa.

Urpean oihuak ito egiten dira, heriotzak burrunba etengabea eragiten du eta korronteen menera abandona dezakezu zeure burua. Juarezek irudikatzen duen mundu akuatikoak erabateko zentzua du adierazten dituen egoera eta aldarteekin, eta alde horretatik, hautu poetiko sendoa da. Alor lexiko eta semantikoa bereziki landu dituela igartzen da, eta metaforak ere bata bestearen atzetik kateatzen dira, liburu osoan zehar segida bat eratuz. Hala ere, itsasoari egiten zaizkion erreferentzia etengabeek pilaketa sentsazioa sortzen dute maiz, eta azkenerako testua saturatuegi geratzen da. Hortik kanpo arnasa hartzen duenean, irudi indartsuak agertzen dira: «Begiak irekitzen ditudala amesten dut,/ baina ez dago begirik/ eta egiak gorputz/ ñimiño baten itxura du hartzen».

Heriotzaz eta suizidioaz larritasunez ez aritzeko gogoa igartzen den arren, bada liburuan behin eta berriz azaleratzen den beste gai bat: nekea. Ahots poetikoa nekatuta dago sufritzeaz, erresistitzeaz, existitzeaz. Beraz, zauria aldika oxigenatu bai, baina min ematen jarraitzen duela azpimarratzen da, herioren marmarra, oihartzuna, mamua hor dago eta.

Pertsonaia bitxiek hartzen dute hitza urpeko munduan: balea andrea, elefante gizona, balekumea. Horien bidez, haur literaturari keinu egiten dio idazleak, eta zenbait poematan helduaren eta umearen begiraden muga lausotu egiten da. Alde horretatik, liburuaren atmosfera erabat aldatzen da umearen ahotsa, baleakumearena, agertzen den aldietan. Zurrunbiloaren erdian argia dakar, galderak eta mugimendua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.