Kritika. Antzerki musikala

Heriotza eta bizipoza

'Rip, azken musikala' antzerki musikaleko irudi bat.
'Rip, azken musikala' antzerki musikaleko irudi bat.
Agus Perez.
2026ko urriaren 10a
04:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

'RIP, azken musikala'

Kanposantu batean, omen, ez dago bizipozerako abagunerik, baina kontrakoa erakustera etorri dira Getxora Demode konpainiako kideak RIP, azken musikala lanarekin. 

Itxura guztien arabera, XIX. mendeko hilerri batean gaude, eta bere estreinako lan egunean han deskubrituko du Jon gazteak Braulio behargin zaharrak bizitzaren eta heriotzaren gainean daukan jakituria. Ordea, ez dute biek bakarrik jardungo, haiekin batera emakume baten izpiritu alai eta abegikorra ibiliko delako. Bestalde, bi bele umoretsu izango dira eszenan gertatzen denaren iruzkingileak, eta beren solasaldi mamitsuetan izango dugu haien eta gizakien antzeko portaera harrigarrien berri. 

Alde horretatik, esan daiteke ikerketa polita egin dela gidoia eratzean, beleen artekoa oso interesgarri egin zaigulako baina, bestetik, interes berekoa izan da hileta, epitafio, heriotza kausa eta abarren kontura aurkeztu diguten kasu sorta. Izan ere, kasu horiek sortu dituzte emanaldiaren unerik politenak, Eliza katolikoaren intrantsigentziaren, gerren zentzugabekeria gordinaren edota immigranteen heriotzaren kontura.

Ikusten denez, den-dena ez da berez gozoa izan, baina lanaren planteamenduak samurtasunera jo dut beti, inoiz edulkoratuegia izan gabe baina inoiz garraztasunean edo tristezia errazean erori gabe. Bide horretan abesti inspiratuek eta bikain orkestratuek jokatu duten rol protagonista nabarmendu behar dugu. Jokalarien ahotsak —Joli Pascualena mezzo-sopranoarena buru— eta dialogoetan erakutsi duten ahoskera perfektua eskertuko ditugu bide batez. 

Egia esan behar badut, eremu eszenikoaren itxura izan zen emanaldira erakarri ninduen aurreneko gauza. Jantzien diseinua ere guztiz bat zetorren estetika landuarekin, eta behin besaulkian jarrita, argien diseinu fina, pantailetako irudien balio dokumentala, dramaturgia lagungarria, dinamismo egokia eta emanaldiaren iraupen neurtua izan dira, ene uste apalean, edozein ikusle —gazte zein heldu— tamaina ertaineko musikal borobil hau ikusteko zio nahikoa.

Umore onez amaitzeko, horra hor hilarrietan zizelkaturiko bi epitafio bitxi, gutxi gorabehera aipatuak. Bata: «Presta zaitez nire bidetik etortzeko». Eta bestea: «Barkatu, anderea, zure presentzian agurtzera altxatu ez izana».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA