Komikia

Hermann Huppen hil da, komikigintza franko-belgikarraren «ikurretarik bat»

Herenegun hil zen, 87 urte zituela. 'Comanche', 'Jeremiah', 'Sarajevo Tango' eta 'Abominable' komikien egilea zen, besteak beste. Angulema Hiriko Sari Handia irabazi zuen 2016an.

Hermann Huppen. SELBYMAY
Hermann Huppen. SELBYMAY
Xalbat Alzugaray
2026ko martxoaren 24a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Komikigintzaren munduak gaitzeko egilea galdu du». Horrelaxe iragarri du Le Lombard ekoiztetxeak Hermann Huppen Hermann komiki egile belgikarraren heriotza. 60 urtez Tintin kazetaren «figura» izan da, eta komiki genero anitz jorratu ditu bere ibilbidean. Westerna landu zuen Comanche komikian, zientzia fikzioa Jeremiah izenekoan, Erdi Aroan girotu zuen Les Tours de Bois-Maury, eta alor fantastikoa jorratu zuen Abominable-n. 2016an, haren obra guziengatik Angulemako Sari Handia irabazi zuen. Herenegun hil zen, 87 urte zituela.

Glenat, Dupuis eta Le Lombard ekoiztetxeetan lan egin zuen Huppenek, eta haren heriotzaren eta bizitzaren nondik norakoekin agiria zabaldu du Le Lombardek. Bertan erraten denez, Joseph Gillain Jije, Jean Giraud Moebius eta Michel Regnier Greg artistengan inspiratu zen komikigintza «errealistago» bat ekoizteko. Jeremiah komikiaren kasua da hori. Le Lombardek oharrean gehitu duenez, zientzia fikziozko komikigintzan «ezinbertzekoa» izan da hamarkadetan barna. Bertzalde, nabarmendu du Huppenek bortizkerian «eroso» den gizadiari «desilusioz» behatu izan diola komiki horren bidez.

1990eko hamarkadatik aitzina, berriz, Huppenek Sarajevo Tango eta Afrika bezalako obra osoak atera zituen. Ondotik karrikaratu zuen Duke, zazpi liburukitan marraztu zuen westerna. Cartagena haren azken albuma Yves Huppen semearekin egin du, eta apirilean karrikaratzekoa da.

Arkitekturatik komikira

Belgikako Liegeko probintzian sortu zen, 1938an. Maiasturuntza ikasi ondoan, arkitekto kabinete batean lanean hasi zen. Hantxe ezagutu zuen komikigintza, Philippe Vandooreni esker. Geroan, Spirou kazetako erredaktoreburu izan zen.

Huppen 1965ean hasi zen komikiak argitaratzen, Belles histoires de l’oncle Paul bildumaren barnean. Hortik gutira, Michel Regnier Greg marrazkilari eta gidoilariarekin kolaboratzen hasi zen, eta elkarrekin Bernard Prince eta Comanche serie ospetsuak atera zituzten Tintin kazetan. Lehenak Interpol Polizia Kriminalaren Nazioarteko Erakundeko polizia baten historia kontatzen du, eta bertzeak, berriz, AEBetako Wyoming estatuko Comanche emazte gaztearen kontakizuna.

Jeremiah komikia martxan eman zuen 1977an, baina 1990eko hamarkadan Missié Vandisandi eta Sarajevo Tango karrikaratu zituen Dupuis argitaletxearekin. Le Lombard ekoiztetxeak zehaztu du azken hori «bihurgune bat» izan zela Huppenen ibilbidean, orduan erabili baitzuen aurrenekoz tinta zuzenaren teknika, eta harrezkeroztik sortutako album guzietan erabiliko baitzuen gero. Huppenen erranak ere bildu ditu Le Lombard ekoiztetxeak zabaldutako testuan: «Marrazteko hainbat teknika baliatu ditut, baina elementuak ez zaizkit sekula nahi bezala ateratzen; etengabeko frustrazioa da lanbide hau. Iruditzen zait ez dudala deus ere ezagutzen».

Berrikiago, 2016an, Old Pa Anderson atera zuen semearekin. Bertan, 1950eko hamarkadako AEBetako segregazio kasuak ilustratu zituzten. 2017an, berriz, ia-ia 80 urte zituela, Duke western komikiaren zazpi liburuki marraztu zituen. 2024an Brigantus serieko lehen liburukia marraztu zuen.

Orotara 60 urteko ibilbidea harturik, 120 album inguru karrikaratu ditu Huppenek. Komikigintzan ibilbide oparoa eginik eta haren ikur handienetarik bat izanik, Arteen eta Letren zaldun izendatu zuten 2009an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!