Elkar argitaletxea salatu duten Hertzainak musika taldeko kide ohien ustez, atzo egindako auzi saioan frogatuta geratu da diskoetxeak haien egile eskubideak urratu dituela azken 30 urteetan. «Uste dugu epaiketan aski egiaztatuta geratu dela Elkar diskoetxeak Hertzainak-i buruz izan duen etika falta», azaldu dute komunikabideetara bidalitako ohar batean. Aldeek atzo deklaratu zuten Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian.
Josu Zabalak, Luis Javier Saiz Txanpik eta Enrique Saenz Kikek Elkar salatu dute, euren abestiekin lortutako irabaziak behar bezala ez banatzea eta eskubide digitalak kontraturik gabe kudeatzea leporatuta.
Hertzainak-ek estudioko bost disko ditu, eta zuzeneko bat. Elkarren zigilupean, bakarra: Salda badago (1988). Horretaz gain, EPak, singleak eta bildumak ere baditu. Kideek salatu dute diskoetxeak taldearen katalogo osoa «ustiatu» duela 1992. urteaz geroztik, eta hortik lortutako irabaziak ez dituela haiekin banatu. «Ez dugu inolako ordainketarik jaso royaltyengatik».
Salatu dute gauza bera gertatu dela diskoen entzunaldi digitalengatik lortutako irabaziekin, eta nabarmendu kasu horretan ere «kontraturik gabe, baimenik gabe, eta aldez aurretik horren berri eman gabe» jardun duela Elkarrek.
Gaineratu dute auzitara jo behar izan dutela taldearen diskoen salmentei buruzko «informazio apur bat» lortzeko.
«Guk ahal izan duguna egin dugu gure eskubideak berreskuratzeko, eta orain, epaiaren zain gauden honetan, konfiantza dugu justizian», adierazi dute oharrean.
Hertzainak taldeak 1980ko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbidea, eta euskal rock eszenako izen handietako bat izan da. 1993. urtean eten zuten jarduna. 2019an itzuli ziren, eta Bilbon hiru kontzertu eman. 2022-2023ko neguan igo ziren berriz oholtzara, behin betiko agurra egiteko, Barakaldon eta Gasteizen. Salaketa aurkeztu duten musikariez gain, Iñaki Garitaonandia Gari abeslaria aritu zen taldean.