Hertzainak taldeko hiru kidek Elkar argitaletxea salatu dute, haien eskubide digitalak kontraturik gabe kudeatu izana egotzita. Josu Zabala, Luis Javier Saiz Txanpi eta Enrique Saenz Kike dira salaketa aurkeztu duten taldeko hiru kideak, eta, zehazki, azken 30 urteetan haien abestiekin lortutako irabaziak behar bezala banatu ez izana leporatu diote diskoetxeari.
Gaur goizeko hamarretan zen hastekoa epaiketa, Donostian, eta ez da inoren adierazpenik izan aurretik. BERRIA harremanetan jarri da iturri batzuekin, baina haiek ere nahiago izan dute oraingoz ezer ez esan.
Hertzainak taldeak 1980ko hamarkadan abiatu zuen bere ibilbidea, eta euskarazko rock eszenako izen handietako bat izan da. Ehunka zuzeneko eta estudioko hainbat disko eman zituzten —Elkarren zigilupean, bakarra: Salda badago (1988)—, eta 1993. urtean eten zuten jarduna. Duela bizpahiru urte, baina, itzulera bira arrakastatsu bat eginda bueltatu ziren. Salaketa aurkeztu duten musikariez gain, Iñaki Garitaonandia Gari abeslaria izan da taldeko kide garrantzitsuetako bat.