«Irrika nabarmenez entzuten digu herriak. Jabetu egin behar du herriak bizi duen hil ala biziko kinka larriaz, baina guardasola ahazten dugu. Herriaren esnatzaile izan nahi nuke», zioen Hibai Rekondok 1972an Zeruko Argia aldizkariari emandako elkarrizketa batean. Francisco Franco diktadorea artean bizirik zegoen, eta Euskal Herriaren zapalkuntzari aurre egiteko, kantagintza herritartasuna aldarrikatzeko tresnatzat zuen Rekondok. Hori buruan ekin zion kantatzeari, eta Franco hil eta berehala hasi zen diskoak argitaratzen. Naiz-ek gaur zabaldu duenez, eroriko baten ondorioz zendu berri da Rekondo.
Ikusi gehiago
Caracasen jaio zen 1954an, baina 1962an itzuli zen Euskal Herrira, 8 urte zituela, Zarautzera zehazki (Gipuzkoa). 1970ean hasi zen kantatzen, artean nerabea zela, eta Imanol Urbieta izan zuen lehen maisuetako bat. Gipuzkoan eman zituen kontzertu gehienak hasieran, baina Euskal Herriko beste lurralde batzuetatik ere hasi zitzaizkion deika, eta Imanol Larzabalek eraman zuen emanaldi horietako batzuetara. Hasierako urte haietan, besteak beste, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa eta Rekondo beraren aurretik Euskal Kantagintza Berriaren hazia erein zuten beste musikari batzuen abestiak kantatzen zituen.
Aseari goitizena hartuta kaleratu zuen lehen diskoa —Euskal Herria 1975 (Elkar, 1976)—, eta lan horretan berak sortutakoak edota moldatutakoak izan ziren kantu gehienak. Bitoriano Gandiaga poetaren hainbat olerki musikatu zituen, eta 1977ko azaroan Durangoko Liburu eta Disko Azokaren barruan Gandiagari egindako omenaldian ere hartu zuen parte. Urte horretan argitaratu zuen hurrengo diskoa, aurrekoaren segidatzat jo daitekeena: Euskal Herria 76-77. Negu luze hotzetik (Elkar). Lan horretan, Pablo Neruda, Augustin Zubikarai eta Gorritiren hitzak musikatu zituen, besteak beste. Aldarrikapen politikoetarako bilgune izan ziren sasoi hartan kantaldiak, eta kultur mugimendu haren parte izan zen Rekondo ere.
Burgos eta Amaiur
Zinemarako musika idazteko aukera heldu zitzaion gero. 1979an, Imanol Uribe zinemagileak Rekondoren eta Artze anaien musika erabili zuen Ez film laburrean, eta, handik bi urtera, 1979an, El proceso de Burgos filmerako musika egiteko eskatu zion Uribek Rekondori. Egin zuen, eta disko formatuan ere plazaratu zuen gero lan hura IZ diskoetxeak.
1981ean, Iparragirre. Zure oroiz (Xoxoa) disko kolektiboan hartu zuen parte musikariak; baita urtebete lehenago askoren artean ondutako Nuklearrik ez, eskerrik asko diskoan ere. Handik lau urtera plazaratu zuen Amaiur, Gaztelu Baltza (1986) diskoa, Elkarren zigilupean eta MacFarland irlandarrarekin elkarlanean. Lauaxetaren zenbait poema —diskoari izena ematen dion Amaiur, gaztelu baltza eta Iturri negarra, esaterako—, herri kantutegiko doinuak eta Rekondok zein MacFarlandek sortutako piezak bildu zituzten diskoan.
Bazirudien hura izango zela Rekondoren azken lana, harik eta 2009an beste disko bat argitaratu zuen arte: Suaren desira. Hainbat musikarik lagundu zuten diskoan —Idoia Galartza, Arhats Rekondo, Mento Hevia, Jose Frances, Nancy Quintans, Andrea Sanbeat eta Luis Torro—, eta ardura transzendentalagoei loturiko hitzak abestu zituen orduan. Lan berria kaleratu arren, ez zen zuzenekoak ematera itzuli.
Aurreko hamarkadetan, Euskal Herrian ez ezik, Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian, Frantzian, Belgikan zein Alemanian abestu zuen Rekondok. Bizitoki, berriz, Urruña (Lapurdi) izan zuen zenbait urtez, eta Gasteizen ere egin zituen hainbat urte. Naiz-ek zabaldutako informazioaren arabera, Zaragozan (Espainia) hil da.