Kritika. Musika

Hip-hop psikodelikoa

The Difference Machine
The Difference Machine
2026ko urriaren 25a
04:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

THE DIFFERENCE MACHINE

Laster hasiko dira agertzen urteko disko onenen zerrendak, nahiz eta bizi dugun garai aldakor eta gehiegizko honetan kasik ezinezkoa den ganorazko zerrenda sendo bat osatzea. Egoera ahul bezain neurriz kanpoko horri erreferentzia kopuru zenbatezinaren faktorea ere gehitu behako litzaioke. Hartara, ore infinitu horren ondorioz, entzuleari zaila egiten zaio gutxieneko irizpide logiko eta fundamentuzko bat eraikitzea: non jarri arreta, Instagrameko zein profil aintzat hartu, zeinek duen gutxieneko bermea zerrenda on bat josteko… Labirinto horretan, baina, lantzean behin sorpresak agertzen dira, norberak atseginez eta grinaz hartzen dituen ezusteak.

Hala, eta orriotara ekarritako disko honen harira, ez nukeen inoiz esango hip-hop psikodelikoa jorratzen duen talde aitzindari bat existitzen zenik, are gutxiago bosgarren diskoa atera berri duenik. Eta bai, asmatu duzue, disko hau nire balizko onenen sailkapenaren tontorrean jarriko nuke, duda barik.

Bada, The Difference Machine AEBetako Atlanta hirian eratutako hip-hop taldea da, zeinak ospe nabarmena lortu duen bertako undergroundean rock psikodelikoaren ezaugarri klasikoak raparen esparrura ekartzeagatik. Egitasmoa bi musikarik sortu zuten 2011n, eta orduz geroztik biek pilotatzen dute espaziontzia: Day Tripper abeslariak eta Dr. Conspiracy ekoizleak. Lehenengoak ikuspegi kosmikoa, gogoeta filosofikoak eta kritika soziala uztartzen ditu bere hitzetan, eta bigarrenak giro ilun, distortsionatu eta atmosferikoak sortzen ditu.

Taldeak 2017an lortu zuen nabarmentzea hip-hop alternatiboaren unibertsoan, batez ere Triangle Schemes diskoari esker, zeinetan taldearen soinua findu eta egonkortu zuen. Haatik, 2022ko Unmasking the Spirit Fakers diskoarekin eskuratu zituzten laudorio gehienak. Diskoa Houdini ilusionistak medium eta espiritistak salatzeko idatzi zuen artikulu batean oinarritzen da: How I Unmask the Spirit Fakers (Nola uzten ditudan agerian espiritista faltsuak), 1925ean Popular Science Monthly argitalpenean plazaratua.

Horiek horrela, Some of us Never Die ere ideia argi baten inguruan ardazten da: maite duzun hori bihurtzen bazara, ez zara inoiz hilko. Eta ideia hori garatzeko, bikoteak hamalau doinu sortu ditu, zeintzuetan sampleak, pasarte organikoak eta memoria hizpide duten hitzak nahasten diren.

Horretarako, Georgia estatuko musikariek askotariko egiturak eta sonoritateak baliatzen dituzte lan sakona eta transzendentala sortzeko. Horren erakusle God's Watching eta Heat Sacrifies dira. Biak ala biak kantu bareak dira, hamaika instrumentuz jantziak eta espiritualtasuna haizatzen dutenak. Halere, esperimentazioari ere heltzen diote, esaterako, Orange Lazarus doinuan, zeinetan oinarri burrunbatsu bat errepikatzen den etengabe.

Iruzkin hau idazten ari naizela, ez dut iruzkin luze bat bera ere irakurri sarean, agian uda amaieran argitaratutako lana delako edo testu honen hasieran aipatutako tsunamiaren ondorioz, zulo ilun batean hondoratu delako.

Hala eta guztiz ere, azken datu batekin amaituko dut, lagungarria izango delakoan: Atlantako Myke C-Town (Mike Jamiso) musika kritikari estatubatuarrak esan du 2026ko hip-hop estiloko disko onena dela, Dead End Hip Hop plataforman.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA