Hip-hopeko baztertuen jaia

Gizonen esparrua izan da hip-hopa urteetan, eta andreek borroka egin behar izan dute euren lekua aurkitzeko. Bazter Fest jaialdiak erakutsi nahi du emakumeak «existitzen direla».

Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Duela hamabost urte hasi zen proiektuak datorren larunbatean izango du bederatzigarren aldia. Bazter Fest 10 - 1 —hamar ken bat, bederatzi— jaialdia egingo dute Bilborock aretoan, azaroaren 4an. Elena Caballero La Basu rap abeslariak sortu zuen festibala, «munduari erakusteko emakumeek ere hip-hopa egiten dutela».

«Bazter Fest baino lehenago, ez zegoen emakumeentzako hip-hop jaialdirik, ez Euskal Herrian, ez Espainian. Inork ez zituen kontratatzen kontzertuak egiteko», azaldu du La Basuk. Bazter Festen hasierako urtea «nahiko prekarioa» izan zela esan du, baina urteekin gauzak aldatu direla, eta aurten gonbidatu «oso nabarmenak» egongo direla berretsi du, hip-hoparen 50.urteurrena ospatzeko.

Bilborocken bilduko dira, hain zuzen, Ariana Puello dominikarra; Espinelis: Herbass eta M Arta euskal bikotea; eta Naturaleza Suprema talde kolonbiarra. Ariana Puello abeslariaz mintzatu da La Basu: «Emakumezko nire lehen erreferentea izan zen. Bizitza osoan ingelesez entzundako abestiak gazteleraz egin zitezkeela erakutsi zidan». Latinoamerikako eta Espainiako hip-hoparen eszenan lekua hartu zuten lehen emakumeetako bat izan zen Puello, El gancho perfecto (1999) eta La fecha (2001) lanekin. Lau aldiz izendatu dute Grammy Latino sarietarako hautagai, eta kolaborazio andana egin du, Mala Rodriguez eta Canserberorekin, besteak beste. Mamboaren erregina izenez ezaguna da, eta hamargarren diskoa prestatzen ari da, mundu osoan barrena ibili bitartean.

Espinelis taldea Bermeoko (Bizkaia) bi andrek osatzen dute: Herbass eta M Arta. La Basuk azaldu duenez, Bazter Festen aldi guztietan gonbidatzen ditu Euskal Herriko artistak, uste baitu «garrantzitsua» dela euskal hip-hoparen «ordezkariak» egotea. Espinelisen kantetan mezu feministak biltzen dira, eta askatasuna eta mugak gainditzea daude horien oinarrian.

Naturaleza Suprema talde kolonbiarra, berriz, hiru kidek osatzen dute: Lucia Vargas, Karen Tovar eta DJ Leonardo Hernandez —edo DJ Km1kc—. Barne bakea lortzeko hausnarketak dira haien abestiak. Hiru bira autogestionatu egin dituzte Europan, eta «aktibismo feminista eta komunitarioa» dute ardatz talde moduan.

Ausartzeko abagunea

Rap abeslari eta disko jartzaileei ez ezik, grafitigileei eta breakdance dantzariei ere ikusgaitasuna ematen die Bazter Festek. «Badakit jende askok jaialdiari esker ezagutu dituela hip-hoparen munduko emakumeak, eta hori da helburua», esan du La Basuk.

Izan ere, hip-hopean «gero eta emakume gehiago» aritzen direla iritzi dio, eta egiten ari direnagatik «ezagunak» direla. «Ni hamabi urtez egon nintzen bakarrik Euskal Herrian, eta uste nuen zerbait egin behar zela emakumeak oholtzara igotzeko. Horregatik sortu nuen jaialdia», adierazi du.

Erreferenteak izatea «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du La Basuk: «Emakume gehienek erreferenteak behar dituzte. Bazter Festen lau edo bost emakume ikusten badituzte breakdancea egiten, pentsatuko dute: 'Nik zergatik ez?', eta orduantxe ausartuko dira haiek ere proba egitera».

Azaroaren 4an izango dute ausartzeko abagunea emakumeek, hip-hopeko baztertuen jaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.