Donostiako 82. Musika Hamabostaldia

'Hirira' opera taularatuko dute Easo abesbatzako gazteek gaur

Haurrek hiriari buruz duten ikuspegia jaso dute azken lanean. Proiektuaren helburuetako bat ikusleak gogoeta egitea da

Easo Abesbatzako gazteak, Viktoria Eugenia antzokian eginiko Hirira ikuskizunaren aurkezpenean, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Easo Abesbatzak gaur estreinatuko du haurrekin batera sortu duen Hirira opera. Viktoria Eugenia antzokian aurkeztuko dute,Donostiako 82. Musika Hamabostaldiko egitarauaren barruan. 8 eta 16 urte bitarteko 35 haurrek garatu duten ikuskizun bat da, «haurrek haurrentzako egindako lana», Gorka Miranda zuzendariaren hitzetan. Atzo egin zuen emanaldiaren aurkezpena, Patrick Alfaya Musika Hamabostaldiko zuzendariarekin, Mafalda Saloio zuzendari artistikoarekin eta Enrique Sancho eszenografia arduradunarekin batera.

«Hirira haurren begiradatik sortutako ikuskizuna da; haien gogoetak eta beldurrak kantuz adierazten dira», horrela laburbildu du zuzendariak ikuskizuna. Ikusleak bere hiriari buruz hausnartzeko gonbidapen bat da, «beste errealitate batzuk marraztu eta herritarren mapa propioak sortzeko» gonbidapena, alegia. Paul Hindemithen Wir bauen eine Stadt (Eraiki dezagun hiri bat) partituraren gainean lan egin dute. Hindemithek 1930. urtean konposatu zuen obra, «gazteek berregin eta gazteentzat interpretatua izan zedin». Zuzendari artistikoaren hitzetan, musika horrekin «modu askean garatzen den hiri baten nondik norakoak» jasotzen dituen opera bat sortu dute.

Operaren sorkuntza prozesuan haurren parte hartzea «funtsezkoa» eta «erabakigarria» izan dela adierazi du eszenografia arduradunak: «Prestakuntzaren arlo guztietan —eszenografia, musika, testuak, jantziak...— ahotsa izan dute haurrek. Haien hiri idealarekiko duten ikuspuntua, balioak eta ideiak dira proiektua gauzatzeko erabili direnak». Gazteen laguntzarekin, «gazte bakoitzaren nortasuna irudikatzea» lortu dutela azaldu du zuzendariak. Funtsean, gazteei zuzendutako ikuskizun bat da, baina ikustera gerturatzen diren helduek hiriaren persprektiba ezberdin bat ezagutzea lortu nahi dute.

Sorkuntza eszenikoaren prozesua bi hilabeteko entseguetan egin dute. Zuzendari artistikoak adierazi du gazte bakoitzari bizi den hiria ondo aztertzeko eta horren inguruan gogoeta bat egiteko eskatu ziotela: «Garrantzitsua da haur bakoitzak bere bizilekuari buruz duen iritzia jakitea, gustuko dituen gauzak eta aldatuko lituzkeenak beste haurrekin partekatzea». Ideia horiek taularatzeko, keinuak, irudiak, objektuak eta taldekako mugimenduak izan dira oinarrizko elementuak.

David de Oliveirak (pianoa), Nerea Quincocesek (perkusioa), Juan Miguel Amadorrek (klarinetea) eta Marianne Brandstettnerrek (biolina) egin dituzte musika lanak, eta Josu Elberdin arduratu da moldaketak egiteaz. Testuak, berriz, Marta Garciarenak dira, eta haurrek garatutako ideiak etairudiak bildu ditu bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.