KRITIKA. Antzerkia

Hiru egia berdadero

Agus Perez.
2026ko azaroaren 14a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

‘DisecciĂ³n de la bondad en tres actos’

Konpainia: Titzina. Sorkuntza, zuzendaritza eta interpretazioa: Diego Lorca, Pako Merino. Dramaturgia: Diego Lorca. Argiak: Jordi Thomas. Eszenografia: Enric Planas. Musika: Arnau Obiols. Jantziak: Sergi Cerdan. Soinu diseinua: Jonatan Bernabeu. Ilusionismo aholkularia: Txell Cabanas. Lekua: Santurtziko Serantes aretoa. Eguna: Azaroak 12.

Santurtziko Antzerki Jaialdian —47. edizioan dabiltza aurten— ohikoa da Titzina konpainiaren bisita. Kataluniako taldea ez da urtero proposamen berri bat prestatzen dutenetarikoa, eta lauzpabost urte igaro daitezke lan baten eta hurrengoaren artean. Horren adibide da 2002an sortu zirenetik sei estreinaldi baino ez dutela plazaratu. Horrek bermatzen du beren lanen urrezko kalitatea, eta horregatik geratu dira haietariko batzuk geuregan iltzatuta.

Nik esango nuke Distancia siete minutos, Exitus eta Folie Ă  deux/Sueños de psiquiĂ¡trico izan direla hobekien gogoratzen ditugun piezak, eta oraingo hau ere —DisecciĂ³n de la bondad en tres actos— bide horretatik doa.

Obraren izenburuaren esangura nahasia gorabehera, gezurrak gure bizitzetan daukan rola aztertzen du antzezlanak, elkarren segidan etorritako hiru istorioren bidez. Hirurak dira sinesgarriak beren horretan, dela egunkari konformistetako Gertaerak atalean agertu ohi direlako —tabernetako barretan gehien irakurtzen dena, seguruenik— dela jendearen bizimodu miserablean gertatzen direlako.

Taldearen esentzia irudikatzeko, hona hemen esku-programan aurkitu duguna: «Antzerki antropologikoa da, jendearen bizitzen esplorazioan oinarritua gizakiaren funtsa eszenaratzeko asmoz». Esandako hiru atalak ikuspegi erdi magiko erdi surrealistatik azaldu zaizkigu: batean ilusionismoaren munduan gertatu dira iruzurra eta hura estaltzeko trikimailu gero eta patetikoagoak. Bigarrenean giro klinikoan jazo dira balizko egiak, gogorapen lausoak, azterketa legala eta interesen arteko lehia. Eta hirugarrena korapilatsuena suertatu da, bulkadazko iruzurtiaren nortasun poliedrikoaren ondorioz.

Dramaturgian ondo txertaturiko hitzezko aurkezpen batzuekin borobildu da guztia, eta hiru atalak gauzatzeko diseinu funtzional eta arina baina moldagarria eta irudimentsua izan da antzezpenen eta kontakizunen euskarri ezinbestekoa. Titzinaren lanetan ohikoa den legez, patxada eszenikoa eta naturaltasun landua izan dira bikote eszenikoaren ezaugarriak, eta dohain horien bidez egin zaizkigu sinesgarriak hiru istorioen eta pertsonaia zentral nahiz albokoen jokabideak.

Hala ere, puntu beltz batekin amaitu behar dugu gaurko iruzkina: antzezleak mikrofonoekin ibili arren, sano kosta zaigu haien ahotsa entzutea, eta emanaldi osoan egon gara sufritzen, esaten zutena harrapatu nahian eta dialogoen erdia galtzen genuena jakinda. Antzokitik irten osteko solasaldietan besteren batek ere komentatzen zuen gauza bera, eta kontsolagarri egin zait, horrek esan nahi duelako ez naizela ni seigarren lerroko gor bakarra. Pena da, gero, hain antzezlan finak huskeria horrengatik indarra galdu izana!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA